Arlo soziala, ekonomikoa eta jasangarritasuna ardatz dituen aurrekontu proiektu proposamena aurkeztu du udal gobernuak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/09 | Ogasuna
  • Tolosak 33,2 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. 4,1 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara eta tolosarrei eskainitako zerbitzuak bermatu eta hobetzeko, besteak beste, Gizarte Zerbitzuetako, Garapen Ekonomikoko, Kulturako eta Berdintasuneko aurrekontuek igoera izango dute.
  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Pertsonak ardatz dituen aurrekontu proiektua garatu dugu, aurrekontu proiektu soziala, errealista eta jasangarria, helburu duena tolosarrei kalitatezko zerbitzuak eta kalitatezko arreta bermatzea.  Pertsonen beharrei erantzuteko eta aurreikusitako proiektuak egikaritzeko proposamenak barnebiltzen dituen aurrekontu proposamena da, arlo sozialean, ekonomikoan eta jasangarritasunean azpimarra berezia jarrita, herri kohesioa jomuga, pertsona zaurgarrienak babesteko,  garapen ekonomiako bermatzeko eta energia trantsizioaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko”.

 

Tolosako udal gobernuak gaur aurkeztu du 2023 urterako landutako aurrekontu proposamena. Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak eta Begoña Tolosa, Ogasun zinegotziak eman dute gobernuaren proposamenaren berri gaur goizean egindako agerraldian. 

 

Tolosak, 33.231.422€ milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino 1,2 milioi gutxiago. “Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren bidez eta hirigintza aprobetxamenduagatik iaz baino diru gutxiago bilduko delako gertatuko da jaitsiera” azaldu du Tolosak. Gastuak aldiz gora egingo dute, bereziki pertsonal gastuei, hornidura gastuei eta zerbitzuen kostuei dagokienean. Faktore horien guztiak kontuan izanda orekatu eta landu dute 2023 urterako aurrekontu proiektua.

Pertsonak ardatz, eta zerbitzuen kalitatea helburu

Alkateak azpimarratu du 2023 urterako aurrekontuak, beste behin, testuinguru aldakor eta ziurgabetasunez betean murgilduta landu behar izan dituztela. “Zuhurtziaren printzipioa aplikatuz landu dugu proposamena, egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko helburuarekin. Pertsonak ardatz dituen aurrekontu proiektua garatu dugu, aurrekontu proiektu soziala, errealista eta jasangarria, helburu duena tolosarrei kalitatezko zerbitzuak eta kalitatezko arreta bermatzea. Zentzu horretan 3 zutabe nagusitan ardaztu dugu aurrekontu proiektua: arlo sozialean, ekonomikoan eta jasangarritasunean, herri kohesioa jomuga, pertsona zaurgarrienak babesteko, inor atzean utzi gabe; garapen ekonomiako bermatzeko eta energia trantsizioaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko. Hortaz, pertsonen beharrei erantzuteko eta aurreikusitako proiektuak egikaritzeko proposamenak barnebiltzen dituen aurrekontu proiektua da, iazko aurrekontuen jarraipen modura, legealdiari amaiera emateko aurreikusitako proiektuak gauzatuz” azpimarratu du.

Udalak ematen dituen dirulaguntza guztiak mantenduko dira, azken urteetan martxan jarritako berriak ere bai, esaterako, alokairu ordainketa errazteko laguntzak, hiri-ekonomia indarberritzeko laguntzak... eta berriak ere aurreikusi dira; Gazterian, Olentzeroren basoa proiekturako 15.000€; Kulturan, Tolofolk musika jaialdirako 24.000€ eta Berdintasun alorrean, Andragora Emakumeen Etxeko jardueretarako 16.400€

Herritarrei eskainitako zerbitzuak bermatu eta hobetze aldera, sail ia guztien aurrekontuak mantenduko dira eta batzuk handitu egingo dira:

  • GIZARTE ZERBITZUAK: iaz baino 227.000€ gehiago. 3,2 milioi.
  • GARAPEN EKONOMIKOA: iaz baino 133.000€ gehiago. 1,1 milioi.
  • KULTURA: iaz baino 74.000€ gehiago. 3,7 milioi.
  • BERDINTASUNA: iaz baino ia 80.000€ gehiago. Guztira ia 340.000€

“Gizarte politiken aldeko apustua erabatekoa da, desberdintasun sozialei aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzeko; azken urtetan, hainbat zerbitzu indartu ditugu, esaterako familiei bideratutako programak eta datorren urtean Abegin, gaueko eta eguneko zerbitzua eskainiko da eta horrek 129.000€ gehikuntza ekarriko du aurrekontuetan” adierazi du alkateak.

Alkatearen esanetan, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dira, “Emakumeen Etxeak berariazko aurrekontu partida izango du datorren urtean, sail desberdinek sustatzen dituzten ekimen eta programa guztiak mantenduko dira: Biodibertsitate Gunea, Tolosatzen Eskola Irekia, Jabetze Eskola, kultur eskaintza... eta beste hainbat zerbitzu ere indartu dira azken urteetan, esaterako garbiketa zerbitzua, kiroldegiko zerbitzua edota lorazaintza zerbitzua; herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko helburu bakarrarekin”.

Hiri ekonomia indarberritzea eta jasangarritasunean urratsak egitea, beste ardatzak

Merkataritzari, ostalaritzari, azokei eta turismoari lotuta, hiri-ekonomia indarberritzen jarraitzea beste ardatzetako bat izango da datorren urtean, jarduera ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua sustatzeko.

Zentzu horretan, udal gobernuak Eliker proiektuarekiko konpromisoa berretsi du 2023ko aurrekontuetan. “Elikerrek aurrekontu garrantzitsua izango du eta azoka bereziak eta larunbateroko azokak sustatzen jarraituko dugu proiektu honen ildotik; industriari lotuta, Apattaren garapenean lanean jarraituko dugu eta eskualdeko Garapen Agentziarekin elkarlanean, enplegu aukera berriak eskaintzeko enplegu planak garatuko ditugu”.

Tolosa hobetzen jarraitzea ere helburu izango du udal gobernuak jasangarritasunaren bidetik. Energia berriztagarrien aldeko apustuan eguzki plaka berriak jarriko dira (Ferialekua eta Emeterio Arrese) eta Gorosabeleko eraikinean eguzki plakak jartzeko proiektua ere egingo da. Trantsizio energetikoaren alde led argiak jarriko dira kaleko argiteria publikoan eta hainbat udal eraikinetan. Guztira, 469.000€ inbertsioa egingo da alor honetan.

4,1 milioi inbertsioen atalerako, herritarren proposamenak barnebilduta

Alkateak azpimarratu du, aipatu egitasmo eta proiektu guztiek badutela elementu amankomun bat: ELKARLANA, horiek guztiak eragile, herritar eta talde ezberdinekin elkarlanean garatuko direlako.  Zentzu horretan, Tolosatzen aurrekontu partehartzaileen prozesuaren baitan herritarrek egindako proposamen eta lehenetsitako egitasmoak barnebildu ditu udal gobernuak aurrekontu proiektuan:

  • Larramendi auzoan jolas-kirol gunea sortzea.
  • Tolosako erdigunean, pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera aztertzea.
  • Patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko azterketa.
  • Haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzea.

Horiez gain, ondorengo proiektu eta lanak ere aurreikusten dira 2023an:

  • Arkauten, mendizaleen museoa sortzea.
  • Larramendin, auzo elkartearentzat lokala erosi eta atontzea.
  • Araba etorbideko bi plaza eraberritzea.
  • Zumarditxikia eraberritzeko proiektuaren baitan, autobus geltoki berria egiteko proiektu eta obra.
  • Hainbat udal eraikinetan hobekuntzak egitea: Emeterio Arrese, Gizarte Zerbitzuen bulegoak eta hilerriko komunetan irisgarritasuna bermatzeko lanak.
  • Zutani elkartearen lokalaren eraberritzea.
  • Berazubin belar artifiziala jartzeko proiektuaren idazketa.
  • Amarotzeko frontoia estaltzeko proiektuaren idazketa.
  • Barrena kalea, Iurramendi pasealekua, Beotibar eta Pintor Lekuona berurbanizatzeko proiektuen idazketak.

Guztira, 4,1 milioi euro izango ditu inbertsioen atalak datorren urtean. “Aurreikusitako inbertsioek helburu dute Tolosa hobetzen jarraitzea eta aurrera begirako proiektu berriak garatzea” azpimarratu du alkateak.

2023 urteko aurrekontuak lantzeko egutegia

Udal gobernuak dagoeneko aurkeztu dio aurrekontuen proposamena oposizioari. Orain 10 egun izango ditu oposizioak proiektua aztertu eta proposamenak egiteko. Udal gobernuak oposizioaren proposamenak aztertuko ditu, aurrekontu proiektuan sartu litezkeen egitasmoak adosteko eta helburua da, abenduaren 15ean egingo den ezohiko Osoko Bilkurara aurrekontuen proiektua eramatea, onartua izan dadin, 2023 urte hasieratik aurrekontuak erabilgarri izateko.

“Aurkeztutako aurrekontu-proiektua soziala, errealista eta jasangarria da, tolosarren beharrei eta momentuko lehentasunei erantzuteko landua, herritarrei eskaini beharreko zerbitzu eta arretan azpimarra jarriz, pertsonak erdigunean kokatuz” berretsi du alkateak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA