Tolosako udalak 2023 urterako Ordenantza Fiskalak onartu ditu

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/10/28 | Ogasuna
  • Zergak eta tasak, oro har, %3 igoko dira, KPIaren oso azpitik egungo egoera ekonomikoa dela eta herritarren presio fiskala baretzeko helburuarekin. Zaborren tasa aldiz, %5 igoko da, zerbitzuagatiko gastuen eta dirusarreren arteko desorekari aurre egiteko.
  • Ordenantza fiskalei lotuta beste hainbat aldaketa ere onartu dira: ibilgailu elektriko eta hibridoei emandako hobaria epe mugagabean ezartzea; zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei ordainketak zatikatzeko edo atzeratzeko aukera eskaintzea; obra baimenen tasa modu proportzionalean aplikatzeko tasak zatikatzea eta hobariak eskatzeko prozedimendua errazteko herritarren dokumentazioa udalak zuzenean kontsultatzeko aukera zabaltzea Nisae plataformaren bidez.

 

Urtero legez, urteko garai honetan onartu ohi ditu Tolosako Udalak ordenantza fiskalak. Atzoko Osoko Bilkuran, gehiengoz eta hasieraz, onartu ziren 2023 urterako zerga, tasa eta prezio publikoak.

Herritarrengan eragin zuzena izan ohi dute Ordenantza Fiskalek, udal aurrekontuengan baita ere, ohiko sarreren parte garrantzitsu direlako udal zergak eta tasak, herritarrei eskainitako zerbitzuak mantentzeko. Urtero, KPIaren araberako igoera aplikatu izan da udal zerga eta tasean. Aurten berriz, egungo testuingurua dela eta, datorren urteko Ordenantza Fiskalak KPIaren (%8,5) oso azpitik igotzea erabaki du Udalbatzak.

Gauzak horrela, %3 igoko dira, oro har, udal zerga eta tasa guztiak. Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (IBI) dagokionez, soilik etxebizitzei dagokiena igoko da, landa eremuari dagokiona ez da igoko, landa eremua babesteko. Zaborren bilketa zerbitzuari dagokionez, gastuen eta sarreren arteko diferentzia handiegia denez, tasa %5 igoko da, desoreka horri aurre egiteko.

Aldaketak jasangarritasunaren, hiri ekonomiaren eta pertsona zaurgarrienen alde

2023 urterako Ordenantza Fiskalei lotuta, hainbat aldaketa egitea ere onartu zen atzokoan. Terrazen ordenantzaren garapenean ostalariek egindako eskaerari erantzunez, terrazen tasa 3 hilean behin ordaintzeko aukera emango da datorren urtean.

Pertsona zaurgarrienak babesteko helburuarekin, muturreko kalteberatasun egoeran dauden herritarrei zerga eta tasen ordainketa zatikatu edo atzeratzeko aukera emango zaie.

Jasangarritasunaren aldeko apustuan, ibilgailu elektriko eta hibridoengatiko hobarian aldaketak txertatu dira. Lehen, ibilgailua erosi eta 2 urtez %95 eta %50 hobariak ematen ziren, hurrenez hurren. Aurrerantzean, %60 (ibilgailu elektrikoak) eta %30 (ibilgailu hibridoak) hobaria emango da, epe mugagabean, hau da, urtero. Modu honetara, ibilgailu elektriko eta hibridoen erabilera sustatu nahi da.

Obra baimenei dagokienez, tolosarrek ordaindu beharreko tasa modu proportzionalagoan aplikatzeko tarteak zatikatu egin dira. Izan ere, lehen, 6.000 eta 30.000 euro bitarteko obrengatik kopuru bera ordaintzen baitzen (368,65€). Aurrerantzean, etxeko obra txiki eta ertainei lotuta, tarteak modu honetara zatikatuko dira, 3000€ arteko obrak, 3.000€-6000€ arteko obrak,  6.000€-15.000€ arteko obrak eta 15.000€-30.000€ artekoak.

Azkenik, Nisae plataforma erabiltzeko aukera ere emango da zerga eta tasa bakoitzari dagozkion hobariak eskatzeko. Honek esan nahi du, herritarrek udalari baimena emanez gero (zerga eta tasa bakoitzeko), udalak zuzenean eskuratu ahalko duela herritarraren informazioa (soilik tasa/zerga horri dagokiona). Modu honetara, hobariak eskatzeko prozedura erraztu nahi da.

San Esteban auzoari buruzko partaidetza programa aho batez onartua

Atzoko Osoko Bilkuran ere, San Esteban auzoaren garapenerako HAPOaren aldaketa puntualari buruzko espedienteari hasiera ematea onartu zen eta horretarako abiatuko den parte hartze prozesuari buruzko programa ere onartu zen aho batez.

Guztira, 5 saio egingo dira: informazio saio bat, 3 tailer eta itxiera saioa, auzotarrekin, herritarrekin eta eragileekin adosteko behin betiko alternatiba. Prozesuari azaroan emango zaio hasiera.

Atzoko Osoko Bilkuran onartu eta jorratutako beste puntu batzuen artean: Tolosako hiri ekonomia indarberritzeko dirulaguntza programako oinarriak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa behin betikoz onartzea; Gipuzkoako taxisten elkarteak proposatutako 2023 taxien tarifak onartzea (%10,5eko igoera); itxitako ekitaldiko fakturak onartzea, udal liburutegian emandako zerbitzuengatik aurkeztutako fakturak Eusko Eki SL enpresari ordaintzea eta Administrazio Orokorreko lau administrari plaza barne sustapenez hornitzeko deialdiaren etetzea indarrik gabe uztea.

Aurtengo 15 eta 16. kreditu aldaketak ere onartu ziren, lehena kreditu transferentzia modalitatekoa aurrekontua partida batetik bestera pasatzeko, Buruhaundi eta Erraldoiak erosteko xedearekin.  Eta bigarrena, 200.400 eurokoa, gerakinetatik finantzatuko dena: Tolosa CF mendeurrenaren harira klubari dirulaguntza emateko, jarduera soziokulturaletarako, pertsonal gastuetarako (estatuak aurreikusi duen funtzionarioen soldaten %1,5eko igoerarako) eta Bedaion wifia jartzeko familiei emandako dirulaguntzetarako.

Aipatu dirulaguntza horiek, dirulaguntzen eranskinean eta dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota geratu daitezen, 2022ko dirulaguntzen eranskina aldatzea eta 2022-2022 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzea ere onartu zen bilkuran.

Amaitzeko, Tolosako Landa auzoetako baserri-bideetan elurra kentzeko zerbitzua auzolanaren bitartez ematea arautzen duen ordenantzako aldaketa eta etxebizitza eta bizitegi eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak emateko udal ordenantza berria behin betikoz onartuta geratu direla adierazi zen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA