Ostegunean aldaketak izango dira Hiribusaren ibilbidean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/08/05 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Irailetik aurrera ibilbide berria izango du eta ostegun honetan, abuztuak 7, ibilbide berriaren probaldia egingo da.
  • Ostegunean, abuztuaren 7an salbu, Hiribusak ohiko ordutegia egingo du abuztuan zehar eta irailera arte. 
  • Larramendi kalea eta Araba Etorbidea gehituko dira ibilbidera; Iurre, Iurramendi eta Berazubin, berriz, zenbait geltoki lekuz aldatuko dira. 

Tolosako Hiribusaren ibilbidean zenbait aldaketa egingo dira irailetik aurrera eta, hori dela eta, ostegun honetan ibilbide berriar probatuko da geltoki batetik besterako denborak ahalik eta zehaztasun handienarekin neurtu ahal izateko.

Horrek aldaketak eragingo ditu geltoki batzuen kokalekuetan eta ordutegietan. Zerbitzua hobetu eta biztanle gehiagorengana iristeko helburuarekin egingo dira aldaketak, auzoen eskaerei eta zerbitzua kudeatzen duen enpresaren gomendioei jarraituz.

Ostegunean egingo da proba, baina irailaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean Hiribusaren ibilbide eta ordutegi berriak.

Hauek izango dira aldaketak:

 

Zerbitzu guztiak Larramendi kaletik igaroko dira

Larramendi kalea izango da Hiribusaren abiapuntu nagusia; 11. zenbakiko geltokitik irtengo da autobusa, hain zuzen, gasolindegiaren paretik. Orain arte goizeko eta eguerdiko zerbitzu batzuk igarotzen ziren; ostegun honetan, eta irailetik aurrera, auzotarren eskariari erantzunez, beti igaroko da bertatik. Bi geldialdi egingo ditu autobusak Larramendi kalean: 11. eta 3. zenbakien parean.

 

Norabide eta geltoki aldaketak: Araba Etorbidea - Iurre auzoa - Berazubi - Iurramendi

Behin San Frantzisko pasealekua igarota, Hiribusak Berazubira hartu beharrean, Araba Etorbidean behera egingo du eta 5. zenbakiaren parean egingo du geldialdia, lineako gainerako autobusek egiten duten leku berean.

SAM zubia gurutzatuta, Iurre auzora abiatuko da. Adi, ostegunean geldialdia lekuz aldatuko baita: biribilgunean dago ohiko geralekua, baina ostegun honetan (eta irailetik aurrera) Iurramendi pasealekuko 1. zenbakiaren alboko eskaileren parean geratuko da, igoera-jaitsiera erosoagoa izan dadin.

Paper Kaletik jarraituko du autobusak, baina egun egiten duen bidearen kontrako norantzan; Berazubi auzo aldera, alegia. Hortaz, Paper Kaleko geralekua ere –Norvegiarren lorategien ondokoa –lekualdatuko da, ohikoa denaren parera.

Berazubi auzoari dagokionez, Tolosa CFren plazako geltokia bertan behera geratuko da, eta horren ordez, Martin Jose Iraola kaleko biribilgunean egingo du geldialdia, 16. zenbakiaren parean, gaur egun beste autobus zerbitzu batzuentzat dagoen geralekuan.

 

Iurramendi Egoitza

Autobusak ibilbide hori egingo duenez, Iurramendiko geltokia baliogabetuko da. Adinekoen egoitzara egunean bitan igo izan da orain arte, baina malda aldaketa handiak arazoak eragiten dizkio ibilgailuari. Hori ekiditeko, ostegun honetan (eta irailetik aurrera) ez da egoitzara igoko. Horren ordez, muinoaren beste aldean egingo du geldialdia, egoitzaren sarrerako eraikinaren parean, Kondeaneko Aldaparekin bat egiten duen lekuan. Geltoki hori aldiro egongo da erabilgarri, eta Iurramendi egoitzara joatea erraztuko du, alde horretatik malda txikiagoa baita. Aurki beste bide irisgarri bat ere izango da egoitzara joateko, Iurramendi kaleko urbanizazio lanak amaitzean igogailua eta malda gutxiagoko oinezko bide irisgarri bat ere izango baitira.

 

Usabal eta Amarotz inguruan bi geltoki berri

Hortik aurrera, ohiko ibilbidea jarraituko du Hiribusak. Bidean, ordea, beste bi geltoki sortuko dira. Bata, Usabal Industriagunean, Amarotz aldeko sarreran, Peñascal ikastetxearen alboan, Usabal auzoko bizilagunek eskuragarriago izan dezaten geltokia. Bestea, Amarotz Auzoko 29. zenbakiaren parean. Azken hau orain arte jaitsierakoa bakarrik izan ohi da. Zertxobait aurrerago jarriko da geltokia eta, aldaketari esker, igotzeko ere balioko du.

 

Santa Klara - Klinika - Larramendi

Azken aldaketa nagusia ibilbidearen azken zatian gertatuko da. Asuncion Klinikan geldialdia egin, eta berriro ere Santa Klarara jaitsi izan da orain arte autobusa. Irailetik aurrera, ordea, klinikatik aurrera egingo du, eta Santa Lutzia auzoan barrena joango da Larramendi kalera. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA