Astelehenean sartuko da indarrean Hiribusaren ibilbide eta ordutegi berria

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/08/28 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Larramendi kalea eta Araba Etorbidea gehituko dira ibilbidera; Iurre, Iurramendi eta Berazubin, berriz, zenbait geltoki lekuz aldatuko dira.


Tolosako Hiribusaren ibilbide berria sartuko da indarrean astelehenean, irailaren 1ean. Honek aldaketak eragingo ditu geltoki batzuen kokalekuetan eta ordutegietan.

Zerbitzua hobetzeko eta biztanle gehiagorengana iristeko helburuarekin egin dira aldaketak, autobuseko gidarien eskaera eta gomendioak jarraituta, eta erabiltzaileen eskaerak aztertuta, eskaera guztien artean ahalik eta oreka handiena bermatzen saiatuz. Enpresa emakidadunak ere erabateko prestutasuna azaldu du aldaketa guztiak aplikatzeko.

Aldaketa hauek behin behinekoak izango dira: aldaketen eragina ebaluatuko da datozen hilabeteetan, bestelako aldaketarik behar ote den edo egindakoak ondo ote dauden ikusteko. Hiribusaren gaur egungo zerbitzu-kontratuaren emakida datorren urteko udaberrian amaitzen da, eta ondorioekin osatuko da kontratu berriko behin betiko ibilbide eta ordutegia.


Zerbitzu guztiak Larramendi kaletik igaroko dira

Larramendi kalea izango da Hiribusaren abiapuntu nagusia; 11. zenbakiko geltokitik irtengo da autobusa, hain zuzen, gasolindegiaren paretik. Aurrerantzean beti igaroko da bertatik. Bi geldialdi egingo ditu autobusak Larramendi kalean: 11. eta 3. zenbakien parean.


Norabide ta geltoki aldaketak: Araba Etorbidea - Iurre auzoa - Berazubi - Iurramendi

San Frantzisko pasealekutik Araba Etorbidean behera egingo du eta 5. zenbakiaren parean egingo du geldialdia, lineako gainerako autobusek egiten duten leku berean.

SAM zubia gurutzatuta, Iurre auzora abiatuko da. Orain arteko geldialdia lekuz aldatuko da: gaur egun biribilgunean dago geralekua, baina aurrerantzean Iurramendi pasealekuko 1. zenbakiaren alboko eskaileren parean geratuko da.

Paper Kaletik jarraituko du autobusak, baina orain arte egin ohi zuen bidearen kontrako norantzan; Berazubi auzo aldera, alegia. Hortaz, Paper Kaleko geralekua ere –Norvegiarren lorategien ondokoa –lekualdatuko da, lehendik zegoenaren parera.

Berazubi auzoari dagokionez, Tolosa C.F.ren plazako geltokia bertan behera geratuko da, eta horren ordez, Martin Jose Iraola kaleko biribilgunean egingo du geldialdia, 16. zenbakiaren parean, gaur egun beste autobus zerbitzu batzuentzat dagoen geralekuan.


Iurramendi Egoitza

Autobusak ibilbide hori egingo duenez, Iurramendiko geltokia baliogabetuko da. Adinekoen egoitzara egunean bitan igo izan da orain arte, baina malda aldaketa handiak arazoak eragiten dizkio maiz ibilgailuari. Hori ekiditeko, aurrerantzean ez da egoitzara igoko. Horren ordez, muinoaren beste aldean egingo du geldialdia, egoitzaren sarrerako eraikinaren parean, Kondeaneko Aldaparekin bat egiten duen puntuan. Geltoki hori aldiro egongo da erabilgarri. Paraleloan, udala aztertzen ari da egoiliarren joan-etorria erraztuko lukeen beste aukera bat.


Usabal eta Amarotz inguruan bi geltoki berri

Aurrerago, bi nobedade. Bata, Usabal Industrigunean, Amarotz aldeko sarrerako zubian geratuko da, Usabal auzoko bizilagunek eskuragarriago izan dezaten geltokia. Bestea, Amarotz Auzoko 29. zenbakiaren parean. Azken hau orain arte jaitsierakoa bakarrik izan ohi da, baina aurrerantzean igotzeko aukera ere emango du.

Horrez gain, larunbat arratsaldetako hiru zerbitzutan autobusa hilerriraino igoko da, hilerria irisgarriagoa izan dadin: 14:58, 15:35 eta 16:10ean abiatzen (Larramenditik) den kasuetan.


Santa Klara - Klinika - Larramendi

Asuncion Klinikan geldialdia egin ondoren, ez da Santa Klarara jaitsiko: aurrera egin eta Santa Lutzia auzoan barrena joango da Larramendi kalera. Ikasturtean zehar eskolako sarrera eta irteera orduetan Samaniego Ikastetxera ere igoko da.

Eguneko lehen zerbitzuak aurreratu egingo dira, ikastetxe publikoetako (Samaniego, Orixe eta Tolosaldea LHI) ikasle eta langileen sarrera ordura ere garaiz iritsi dadin.

Goizeko bigarren zerbitzua azkarragoa izango da. 07:50ean abiatuko da, eta zortzi geldialdi baino ez ditu egingo: Larramendi 11n, Musika Eskolan, San Frantzisko pasealekuan (Antonio Maria Labaien plazaren parean), Iurre auzoan, Usabal industrigunean, Iruña etorbidean (kasu honetan ez da Amarotzen barrena sartuko), Kondeaneko aldapan, eta Samaniegon. 


Ordutegiak

Erabiltzaileei informazioa helarazteko, aldaketa guztien berri emateko geralekuetan ordutegi berriak itsatsiko dira. Horrez gain, Hiribusean bertan ordutegi eta ibilbide berriaren taularen kopiak eskuragarri izango dira. Gidariari eskatuta lortu ahal izango dira  gaurtik aurrera. Online ere izango da eskura informazio osoa http://tolosa.eus/hiribusa helbidean.

Hiribusa: Larramendi 11Hiribusa: Larramendi 3Hiribusa: Rondilla - Musika EskolaHiribusa: San Frantzisko elizaHiribusa: GeltokiHiribusa: Araba etorbidea 5Hiribusa: Iurre auzoaHiribusa: Paper kaleaHiribusa: Martin Jose Iraola - BerazubiHiribusa: Iurramendi sarreraHiribusa: Usabal kiroldegiaHiribusa: BeilatokiaHiribusa: Usabal industriguneaHiribusa: Iruña etorbideaHiribusa: Amarotz 11Hiribusa: Amarotz 30Hiribusa: Amarotz 29Hiribusa: San BlasHiribusa: IparragirreHiribusa: Herrikide eskolapioakHiribusa: Bizkaia kaleaHiribusa: Kondeaneko aldapa 3Hiribusa: Santa KlaraHiribusa: KlinikaHiribusa: Samaniego Ikastetxea

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA