2024/02/06 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
- Erdigunea oro har (Rondilla, San Frantzisko, Nafarroa edota Foruen Etorbidea…) itxita egongo da festek irauten duten bitartean, horrenbestez, ezingo da ibilgailuz herria zeharkatu.
- Garraio publikoari dagokionez, Renfek tren zerbitzu berezia eskainiko du, egunez eta gauez, otsailaren 11, 12 eta 13an. Autobusen kasuan (Hiribusa, Lurraldebus, Tolosaldea bus…) ordutegi eta ibilbide aldaketak izango dituzte otsailaren 8tik 13ra bitartean (biak barne).
Inauterien azken atzera kontaketa honetan, Tolosako Udalak garraio publikoari eta herriko trafikoari loturiko azken oharrak helarazi ditu.
Izan ere, inauteriak kalean bizi diren festak dira eta Tolosako erdigunea jaien agertoki nagusi bilakatzen da. Hori dela eta, hainbat trafiko aldaketa egongo dira inauterietan. Horrekin batera, inauteriek inguruko herrietako jende asko erakartzen dutela kontuan hartuta, garraio publikoa ere indartuko da.
Tolosako erdigunea trafikoarentzat itxita
Inauteriek herri osoa hartzen duten arren, festa giro handiena erdigunean izaten da. Horregatik, jaiek irauten duten bitartean, erdigunea, besteak beste, Rondilla kalea, San Fratzisko, Zumalakarregi kalea, Nafarroa edota Foruen etorbidea trafikoarentzat itxita egongo dira. Ostegunetik larunbatera, itxierak puntualak izango dira, udaltzaingoek behar bezala seinaleztatutakoak, baina igandetik asteartera bitartean, hau da, otsailaren 11tik 13ra bitartean (biak barne) itxiera erabatekoa izango da.
Kasu honetan, garajea duten pertsonek soilik sartu ahal izango dute ibilgailuz itxita dauden guneetara, horretarako udaltzaingoak adierazitako eta zehaztutako orduetan. Hemen kontsulta daiteke garajeetako sartu-irtenen inguruko informazioa.
Lurraldebus, Tolosaldea bus eta Hiribusa
Ohiko moduan, inauterien harira garraio publikoa indartuko da eta honek ere aldaketak izango ditu ordutegi eta ibilbidean, ostegunean hasita, goizeko 12:00etatik asteazkena bitarte (goizeko 10:00ak).
Lurraldebus -
Lurraldebusari dagokionean, erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egingo ditu ibilbideak eta horrenbestez, Donostiarantz doazen autobusek, esaterako, Kondeaneko aldapan, Santa Klaran (Napar Zubiaren parean) eta Larramendin egingo dituzte geldiuneak. Beste norantzakoek ere, gauza bera egingo dute.
Horrez gain, otsailaren 8an, 10ean, 11n eta 12an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasuko norantzetan, hain zuzen.
Tolosaldea bus -
Tolosaldea bus-eko linearen kasuan (Amezketa, Berastegi, Leaburu, Anoeta, Villabona, Asteasu…), Rondilla 34ko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da eta bertan egingo du geldiune bakarra.
Ibilbide luzeko autobusak -
Ibilbide luzeko autobusentzat ere Rondilla 34ko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da, ostegunetik (goizeko 12:00ak) asteazkena bitarte (goizeko 10:00ak).
Hiribusa-
Hiribusean ere aldaketak egongo dira. Ostegun gizenean, goizeko 12:30etik ostiral meheko goizeko 09:30 bitarte, Rondilla 34ko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da eta ez ditu geldiuneak egingo ez Rondillan, ezta San Frantziskon ere.
Ostiralean, goizeko 10:00etatik larunbateko 12:00ak bitarte, ohiko ibilbidea egingo du eta ordu horretatik aurrera eguneko zerbitzua amaitu bitartean, ibilbidea herria inguratuz egingo du: Santa Klara - Kondeaneko aldapa - Iurreamendiko errotonda - Kiroldegia - Amarotz…
Igandean zerbitzua 10:30-14:30 eta 16:00-22:00 bitartean eskainiko da eta astelehen eta asteartean goizeko 7:20-14:30 eta 16:00etatik 22:00etara, hiru egunetan, herrigunea inguratuz: Santa Klara - Zubi Berria - Usabal - Amarotz - Kondeaneko aldapa…
Otsailaren 14an, asteazkena, 10:00etatik aurrera, ohiko ordutegi eta ibilbidea berreskuratuko ditu.
Edozein kasutan, udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan.
Tren zerbitzu berezia gau eta egunez
Kasu honetan, tren zerbitzua ere indartu egingo da eta igandetik asteartera bitartean, ordutegian aldaketak egongo dira eta gaueko tren zerbitzu berezia ere eskainiko da.
Autobus, hiribus zein tren ordutegien eta ibilbideen aldaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean, esteka honetan.