Kale-mozketak izango dira Arrameleko zubiko lanak amaitzeko

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/15 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Urriaren 20tik 23ra, gauez eta goizeko lehen ordura arte izango dute eragina mozketek.
  • Urriaren 26tik azaroaren 8ra, ibilgailuentzako norantzak mugatuko dira biribilguneak lotzen dituen hiru kaleetan, eta horrek autoetan ez ezik, autobus-geralekuetan ere izango du eragina.

Abuztuaren amaieran hasitako Arramele zubiko lanak amaitzear daude. Azken lanei ekiteko, trafiko-mozketak egingo dira urriaren amaieratik azaroaren hasierara arte. Bi aldi bereiziko dira: lehena, urriaren 20tik 23ra; eta bigarrena, urriaren 26tik azaroaren 8ra.

Urriaren 20tik 23ra, gauez eta goizeko lehen ordura arte egingo dira mozketak: 22:00etatik 06:00etara. Arriaran gasolindegiko biribilgunetik hasi eta Santa Klarako Izaskungo igoerara arte moztuko da ibilgailuen joan-etorria: Tolosara sartzeko, beraz, N-Ieko beste sarbideak baliatu beharko dira. Beste norantzari dagokionez, Santa Klaran, Izaskungo igoerara bideratuko da trafikoa. Larramendiko bizilagunak sartu ahal izango dira auzora, baina ezin izango dituzte zeharkatu berritzen ari diren Arrameleko zubia zein aldameneko biribilgunearen eremua.

Urriaren 26tik azaroaren 8ra, berriz, ibilgailuentzako norantzak mugatuko dira biribilguneak lotzen dituen hiru kaleetan. Larramendi kaletik zubia zeharkatu, eta Rondillara soilik joan ahalko da; eta Ibaiondo kaletik Larramendira. Gainerako norantzak itxita egongo dira. Behin-behinean eta epe horretan, aldaketak izango dira garraio publikoan ere: iparraldetik edo Donostia aldetik datozen autobusak Rondillatik igaroko dira, eta Zumarditxikiaren aldamenean dagoen Santa Klarako geralekua bertan behera geratuko da horrenbestez. Santa Klarako beste aldeko geralekuak normaltasunez funtzionatuko du, autobusa Ibaiondo kaletik Larramendira sartu ahal izango denez gero.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA