- Kontzertuak, proiekzioak eta hitzaldiak izango dira Tolosako aretoetan eta ikastetxeetan. Azaroaren 6an, Janus Lester, Maixa, Mirua, Olaia Inziarte eta beste hainbat musikari elkartuko dituen kontzertua izango da Leidorren.
- Ekimenaren helburu nagusia da palestinarrek oraindik ere pairatzen duten egoeraren kontzientzia herritarren artean zabaltzea.

Herrialde palestinarrari elkartasuna adierazi eta haren egoeraren inguruko kontzientzia zabaldu asmoz, hainbat jarduera antolatu dira azaroaren 6tik 14ra. Jatorri palestinarreko Nur Abusama eta Ahmed Haddad tolosarrak aritu dira, batez ere, antolaketa lanetan, eta bidelagun izan dituzte herriko hainbat eragile; Tolosako Udalak ere lagundu du egitasmoa, azpiegiturak eta bitartekoak eskainita.
Astebeteko egitarauan, hainbat ekitaldi antolatu dira: kontzertuak, proiekzioak, hitzaldiak eta haurrentzako tailerrak izango dira, besteak beste, herriko zenbait txokotan. Bestalde, Palestinaren historia, kultura eta gaur egungo egoera ezagutarazteko saioak egingo ditu Nur Abusama eta Ahmed Haddad palestinarrek osatutako Ruh Duo bikoak ikastetxeetan; horretarako, zuzeneko musika emanaldiak eskainiko dituzte. Herrikiden, Laskorainen nahiz Orixen egingo dituzte saioak DBH4ko ikasleekin, eta azken bat ere bai ikastetxe guztietako batxilergoko ikasleekin Leidorren; ikus-entzunezko proiekzio bat: Palestine 1936.
Azken egunean, azaroaren 14an, egun osoko egitaraua izango da astea biribiltzeko. Goizean, elkartasun-merkatu palestinarra izango da Trianguloan. Horrez gain, 11:00etatik 13:00etara, herriko musika talde eta kantariak Tolosako kaleetan ibiliko dira: Udaberri dantza taldeko dantzari eta musikariak, herriko txistulariak, Isidro Larrañaga musika-eskolako trikitilariak arituko dira, besteak beste. 13:00etan Plaza Zaharrean elkartuko dira denak, soka dantza egin eta abesteko. Bukatzeko, 21:30ean, afari solidarioa egingo da Fronton jatetxean, palestinar eta euskal sukaldaritzak uztartuz.
Azaroaren 6ko kontzerturako sarrerak salgai daude
Leidorren izango den kontzertuak emango dio hasiera egitarauari, azaroaren 6an, ostiralez: Janus Lester, Maixa, Mirua, Olaia Inziarte eta Ruh Duo ariko dira, beste zenbait musikarirekin batera. Sarrerak salgai daude dagoeneko Leidorreko txarteldegian nahiz online.
Goiuri Ezeizak, Tolosako kultura zinegotziak, herritarrei dei egin die Palestinaren aldeko astean antolatu diren ekintzetan parte hartzera, eta bereziki, hasiera emango dion kontzertura anima daitezela. Azken finean, Ezeizak gogoratu du Tolosako herriak azken hiru urte hauetan palestinarrek paraitzen duten genozidioa salatu duela, eta ildo horri eustera datorrela ekimena. Horrez gain, eskerrak eman dizkie antolatzaileei, lan nekaezina egiten baitute palestinarren alde.
EGITARAUA
Azaroak 6, ostirala.
20:30. Leidor aretoa
Palestinaren aldeko kontzertua
JANUS LESTER
MAIXA
MIRUA
OLAIA INZIARTE
RUH DUO
+
Antton Telleria (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak eta musika-zuzendaritza), Jon Arruebarrena (saxoa), Hussein Al Rob (darbuka), Miren Zeberio (biolina)
Azaroak 7, larunbata.
10:00-12:00. Trianguloa
Eraildako umeen oroimenez, ekarri zapata-pare txikiak plazara.
17:00. Leidor aretoa
Haur eta familientzako kontzertua.
XIRRIBIT. Euskal Barrok Ensemble
+ Laskorain abesbatza, gonbidatuak
Azaroak 9, astelehena.
Goizez. Ikastetxeak
Palestinaren inguruko hezkuntza eta elkarrizketa saioak DBHko 4. mailako ikasleekin, Herrikiden eta Laskorainen.
19:00. Leidor aretoa
Palestine 1936 filmaren proiekzioa eta solasaldia.
Azaroak 10, asteartea.
Goizez. Ikastetxeak
Palestinaren inguruko hezkuntza eta elkarrizketa saioak DBHko 4. mailako ikasleekin, Orixen.
18:00. Andragora, Emakumeen Etxea
Palestinar emakumeekin elkarrizketa-zirkuluak.
Azaroak 11, asteazkena (EGUNEZ ALDATUKO DIRA EKINTZOK)
11:00. Leidor aretoa
Tolosako ikastetxeetako batxilergoko ikasleentzako proiekzioa: Palestine 1936.
20:00. TOPIC aretoa
Hitzaldi-solasaldia
- Teresa Aranguren
- Mikel Ayestaran
- Nur Haddad
Azaroak 12, osteguna.
Iluntzean
Pintxopote palestinarra herriko tabernariekin elkarlanean.
Azaroak 13, ostirala.
Goizez. Trianguloa
Ikastetxeetako haurrentzat (10 urte / LH 4) palestinar arte eta kulturan oinarritutako margo eta eskulan jarduerak.
Azaroak 14, larunbata
Goizez. Trianguloa
Elkartasun-merkatu palestinarra: postuak bertako produktuekin, tailerrak, janaria, bilgunea, Zananna murgiltze-instalazioa…
Goizez. Herrian
Musika eta elkartasuna Tolosako kaleetan zehar: Herriko musika talde eta kantariak Tolosako kaleetan ibiliko dira palestinar herriaren omenez.
Partaideak: Udaberri dantza taldeko dantzari eta musikariak, herriko txistulariak, Isidro Larrañaga musika-eskolako trikitilariak, Hodeiertz abesbatza,…
13:00. Plaza Zaharra
Musikari eta herritarrak elkartu, eta sokadantzaren bidez, elkartasuna adieraziko zaio herri palestinarrari.
21:30 Fronton jatetxea
Afari solidarioa palestinar eta euskal sukaldaritza uztartuz.