- Tolosaldeako Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak kontsumo alorreko hainbat esparrutan herritarrek dituzten galderei erantzuna eman die
Covid-19ak eragin duen osasun krisiaren aurrean herritarrek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideen inguruko zalantzak argitu ditu Tolosaldeako Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak. Hainbat alorretan herritarrei suertatzen ari zaizkien arazoen edo egoeren aurrean dituzten aukerak argitu dituzte bulegotik.
Oinarrizko hornikuntzak (argia, gasa eta ura)
Enpresa hornitzaileek ezingo dute hornikuntza bertan behera utzi zaurgarritasun egoeran dauden pertsona kontsumitzaileei edo gizarte bazterketa arriskuan daudenei. Neurri honek, printzipioz hilabete bateko iraupena du, 2020ko apirilaren 17 arte. Bono Sozialaren iraupena 2020ko irailaren 15 arte automatikoki luzatuko da. Bertan behera gelditu dira araututako prezio eguneraketa guztiak, prezioen igoerak ekidin ahal izateko.
Finantza erakundeak
Luzamendu bat onartu dute (luzamenduak ordainketa epea handitzea esan nahi du, ez zorra barkatzea). 2020ko martxoaren 19az geroztik dago martxan luzamendu hori eskatzeko aukera ohiko etxebizitza erosteko mailegu hipotekarioen ordainketarako, baina soilik COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz ordainketak egiteko zailtasun bereziak dituztenei dago zuzenduta. Kasu horietan, zordunari aplikatzeaz gain, zordun nagusiaren fidatzaileari eta berme-emaileari ere aplikatuko zaie. Garrantzitsua da adieraztea, luzamendua ohiko etxebizitzen kasuan bakarrik eska daitekeela, ez lokaletarako edo bigarren etxebizitzetarako. Neurri hau indarrean hilabetez egongo da momentuz, zehazki 2020ko apirilaren 17 arte.
Telekomunikazioak
Telekomunikazio zerbitzuen eskaintza bermatuko da. Gauzatzen ari ez den nolanahiko zenbaki finko edo mugikorren portabilitatea bertan behera geldituko da, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Zerbitzuak kontratatzeko ezohiko kanpaina komertzialak debekatuta gelditu dira.
NAN-a, gidabaimena eta IAt-a
2020ko martxoaren14tik aurrera iraungitako NAN-ei dagokienez, 2021eko martxoaren 13ra arte indarrean egongo dira. Gidabaimenei dagokienez, alarma egoeran (eta haren luzapenetan) zehar iraungitakoen kasuan, automatikoki luzatuko da haien indarraldia, alarma egoera amaitzen denetik hirurogei egun gehiagoz. Ibilgailuen Azterketa Teknikoei dagokienez, hauek etenda geldituko dira alarma egoerak dirauen artean. Eta administrazioak azterketa egiteko ezarritako epeak etenda gelditu direnez alarma egoerak dirauen artean, iraungitako azterketarekin dabiltzan ibilgailuak arazorik gabe gidatu ahal izango dira.
Merkataritza
Alarma egoeran zehar, eta auzi eta administrazio epeen etetearekin bat etorriz, eten egin dira zenbait merkatal establezimenduk erositako produktuak itzuli edo aldatzeko politika komertzialaren arabera ezarritako epeak, izan aurrez aurre edo online. Beste hainbeste gertatu da atzera egiteko eskubidea gauzatzeko legezko epearekin ere (merkatal establezimendutik kanpo edo distantziara egindako erosketak bertan behera uztea). Gainera, alarma egoeraren aurretik erositako produktu guztietan, eta itzulketa epea egun hauetan betetzen den kasuetan, itzulketa eskatzeko epea luzatu egingo da. Epe hauek berriro indarrean sartuko dira alarma egoera bertan behera gelditzen denean.
Kultur eta aisialdi ekitaldiak
Bertan behera gelditu direnez, sarreren truke ordaindutako kopurua itzultzera behartuta daude antolatzaileak.
Trenbide garraioa
RENFEk martxoaren 18tik aurrera eta alarma egoerak irauten duen bitartean bidaiatzeko txartel guztiak baliogabetu ditu, bidai txartelaren kopuruaren %100 itzuliz, tarifa edozein dela ere. Bidaiatzea beharrezkoa bada, martxoaren 18tik aurrera berriro erosi behar zen bidai txartela, izan ere, konpainiak zerbitzuaren zati bat mantenduko du behar handiko joan etorrietarako. Ave, Distantzia Luzea, Distantzia Ertain Arrunta eta Avant-en zerbitzuen %50 mantendu dira. Aldirikoetan funtzionamendu arruntari eutsi zaio. Atzerapenetatik eratorritako kalte ordainak bertan behera gelditu dira.
Aireko garraioa
Aireko konpainiek hegaldi bat bertan behera uzten duten kasuan, konpainiak bidaiariari txartelaren itzulketa eskaini behar dio, edo bestela ordezko garraiobideren bat lehenbailehen edo bidaiariari ongien datorkion data batean; Erreserba berean erositako joan-etorriko bidaien kasuan, joaneko bidaia bertan behera gelditzen bada, eta bidaiariak diruaren itzulketa eskatzen badu, itzulerako bidaiaren itzulera ere badagokio. Erreserba desberdinetan erosiak izan badira, bertan behera gelditutako bidariaren itzulketa bakarrik egokituko da. Aldiz, ez da konpentsazio eskubiderik izango, izan ere, gaur egungo egoeran, konpainiak ekidin ezin dituen ezohiko arrazoiengatik geldituko da bidaia bertan behera, eta ondorioz, konpainia ez da konpentsazio ekonomiko bat ordaintzera behartuta egongo.
Bidaia bertan behera bidaiariak utzi duen kasuetan, berriz, bidai-txartelaren arabera ikusi beharko da bidaiariari diruaren itzulketa badagokion eta zein baldintzatan. Konpainiak, orokorrean, aurreragoko data batean bidaiatzeko bonoak eskaintzen ari dira.
Bidaiak
Bidai agentziak berak bidaia bertan behera utzi duen kasuetan, egindako ordainketa guztiak itzultzeko eskubidea izango du bidaiariak, baina ez dagokio inolako kalte ordainik. Bestalde, agentziak bidai-zerbitzuaren ezaugarri nagusiak nabarmen aldatzen dituen beste aukeraren bat eskaintzen baldin badu, bidaiariak proposamena onartu edo itzulketa eskatzeko aukera izango du.
Bidaia bidaiariak berak bertan behera utzi duen kasuetan, bestalde, araudiaren arabera, ezinbesteko eta ezohiko gertaerak ematen badira jatorrizko lekuan, bidaiari modu esanguratsuan eragiten diotenak, bidaiariak ordaindutako guztia berreskuratzeko eskubidea izango du, baina ez du inolako kalte ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Araudiak ez du ezer aipatzen ezinbesteko eta ezohiko gertaerak helburuko lekuan gertatzen diren kasuetarako, beraz, printzipioz, kontratuaren eta kontratatutako aseguruaren baldintzak aztertu beharko lirateke, eta ondorioz, Agentziak kontratuan adostutako balizko penalizazioa kobratzeko eskubidea izan lezake. Hala, bidai agentzia izan bada bidaia bertan behera utzi duena, eta itzulketa osoa jasotzeko arazoak ekidin nahi badira, komenigarria epeak agortu arte itxarotea izan daiteke aukera bat.
Imsersoko bidaien kasuan, eta bertan behera geratu direnez, ordaindutako kopuruak itzuliko dira.
Informazio gehiago nahi izatekotan, jarri harremanetan Tolosaldeako Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoarekin 616 647 835 telefonora deituta edo kontsumoa@tolosaldea.eus helbidera mezua bidalita.