-
Landa-ingurunea ere etxebizitzak birgaitzeko hirigintza-dirulaguntzen onuradun izango da.
-
Alokairuarekin laguntzeko dirulaguntzetara diru gehiago bideratuko da. Iaz 58.800 € bideratu ziren; aurten 90.000 € izango ditu poltsa honek.
Tolosako herritar, elkarte eta eragileei bideratutako dirulaguntza-deialdi bateratua argitaratu berri du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, laguntza-lerro guztien oinarriak jasoz. Ohikoa baino lehenago dator aurtengo deialdia, laguntzen tramitazioa arintzeko ahalegina egiteko asmoz.
Denera, 900.000 euro inguru banatuko ditu Udalak deialdi honen bitartez, lehia bidezko eta lehiarik gabeko 21 dirulaguntza-lerrotan banatuta, nahiz eta kasu batzuetan kopuru handiagoa banatzeko aukera ere izango den. Honako arlo hauetakoak dira dirulaguntzak: etxebizitza, hirigintza, gizarte-zerbitzuak, euskara, kultura, gazteria, berdintasuna, kirola, merkataritza eta garapen ekonomikokoaren arlokoak. [Ikusi hemen dirulaguntza-lerro bakoitzaren xehetasunak eta oinarriak].
Horrez gain, Udalak laguntza gehiago ere bideratuko ditu: laguntza izendunak kasu, hau da, elkarteei zuzenean esleitzen zaizkienak. Beste dirulaguntza batzuk —inauteriei lotutakoak, edo hezkuntza alorrekoak, esaterako—, urteko beste sasoi batzuetan argitaratzen dira.
Aldaketa esanguratsuenak iazko deialdiarekin alderatuta
Dirulaguntza gehienen oinarrietan ez dago aldaketa esanguratsurik, baina zenbait kasutan aldaketak egin dira iazko deialditik hona. Hauek dira aldaketa nabarmenenak, laburbilduta:
-
Etxebizitza: diru gehiago bideratu da alokairua ordaintzen laguntzeko eta etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzetara. Iaz 58.800 euro bideratu ziren; aurten 90.000 euroko poltsa izango du laguntza honek. Eskaerak egiteko epea ere aldatu da. Orain arte abuztuan izan da; aurten, ekainaren erditik uztailaren erdira egin ahal izango dira.
-
Hirigintza: onuradunei dagokienez dago aldaketarik esanguratsuena. Orain arte hiri eremuko bizilagunei zuzendutako laguntzak bakarrik ziren; aurten, udalerri osora ireki da deialdia, horrenbestez, landa-inguruneko bizilagunek ere eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak etxebizitzak birgaitzeko. Progresibitatean sakondu asmoz, diruz lagundu daitezkeen gastuen ehunekoak ere aldatu dira, diru-sarreren arabera. Deialdia bera sinplifikatzeko helburuarekin, laguntzak ez dira bereiziko elementu komunen edo pribatiboen arabera.
-
Gizarte zerbitzuak: 15.000 € gehiago bideratu dira gizarte zerbitzuen eta osasunaren alorrean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko elkarteetara, proiektuak, programak eta ekintzak sustatu eta garatu ditzaten. Bi urtez behin eman ohi den laguntza bat bideratzea egokitzen da aurten: garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza-proiektuak egiteko lerroarena, hain zuzen.
-
Merkataritza: enpresa-ekimen bat abiatuz negozio berriak sustatzeko (Ekin) eta negozio baten eskualdaketa egiteko (Berriz) helburua duten bi dirulaguntzen kasuan, poltsa handitzeko aukera ezarri da aurten. Ekinen kasuan, 80.000 eurokoa da poltsa, eta beste 50.000 euro gehitzeko aukera jarri da aurten; Berriz laguntzaren kasuan, 45.000 euro bideratzen dira, eta aurten beste 20.000 txertatu ahal izango dira.
Eskaerak egin daitezke jada
Dirulaguntza-lerro gehienen kasuan, eskaerak gaurtik aurrera egin ahal izango dira (ikusi hemen lerro bakoitzaren epeak). Bi modutara egin ahal izango dira eskaerak:
-
Online: Udalaren egoitza elektronikoan; hau da, webguneko tramiteen atalean.
-
Presentzialki: UDATEn, herritarren arreta-zerbitzuaren bulegoan.
Eskaerak egiteko azken egunak aldakorrak dira, dirulaguntza bakoitzaren arabera. Eperik laburrena 20 egun naturalekoa da —hau da, jaiegunak barne—; hortaz, apirilaren 30a baino lehen egin beharko dira izapideak. Beste batzuetan zabalagoa da epea.
Eskaerak erregistro elektronikotik nola egin jakiteko gida eta bideo tutoriala eskuragarri daude webgunean. BakQ ziurtagiri elektronikoa nola eskuratu ere azaltzen da orrialde horretan. Informazio gehiagorako, dagokion sailarekin ere jarri ahal izango da harremanetan, 010 (deia Tolosatik bertatik egiten bada bakarrik) edo 943 65 44 66 telefono-zenbakira deituta.