Tolosako Udalak milioi bat euro bideratuko ditu, alor ezberdinetako 20 dirulaguntzatan banatuta

Tolosako Udala
2024/06/21 | Udate (HAZ-SAC)
  • Eraikinak birgaitzeko dirulaguntza 120.000 eurotik 300.000 eurora pasako da.
  • Eskatzaile bakoitzak jasoko duen kopurua altuagoa izango da, etxebizitza, euskara, berdintasun eta gizarte zerbitzuetako dirulaguntza batzuen kasuan.

  • Bi lerro berri daude: kirol instalazioen grebak taldeei sortutako ondorioak arintzera eta katalogatutako eraikinen inguratzaileak berritzera bideratutakoak.

 

Tolosako Udala argitaratzear da herritarrei eta herriko eragileei zuzendutako dirulaguntza deialdi bateratua. Milioi bat euro inguru bideratuko ditu udalak dirulaguntzen bitartez. 

Guztira 20 dirulaguntza lerro izango dira, Etxebizitza, Gizarte Zerbitzu, Hirigintza, Euskara, Kultura, Berdintasun, Hezkuntza, Merkataritza, Enpresa edota Kirol arlokoak. Horien artetik bi dira dirulaguntza berriak: kirol instalazioen grebak kirol taldeei eragin zizkien eraginak arintzera edota katalogatutako eraikinak berritzera bideratutakoak.

Aldaketa esanguratsuena Hirigintza alorrekoa da: bikoiztu baino gehiago egin baita eraikinak birgaitzeko laguntzetara bideratutako diru kopurua: 120.000 eurotik 300.000 eurora igo da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen kopurua ere altuagoa izango da, bai azken kasu honetan, baita beste kasu batzuetan ere. Hala nola, etxebizitza alorreko dirulaguntzetan (alokairuan eta birgaitzean), euskara ikasteko dirulaguntzetan, eragile sozialei bideratutako laguntzetan edota berdintasuna sustatzeko jardueretara bideratutakoetan.

Tramitazioa errazteko neurriak

Urtetik urtera moldaketak egin eta malgutasun handiagoa izateko aldaketa esanguratsua egin du udalak aurten. Otsaileko osoko bilkuran dirulaguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokorraren aldaketa onartu zen, eta gerora deialdi bakoitzaren ordenantza propioak indargabetu eta oinarri arautzaile espezifikoak egin dira. 

Barne mailan lanketa handia ekarri du horrek, baina aurrera begira prozedura arinagoa izango da, bai udalarentzat, baita eskatzaileentzat ere. Aldaketa honekin, gainera, beste administrazio batean aurkeztutako dokumentazioa ez da udaletxera berriro eraman beharko. Eskaera orrien ereduak ere sortu dira, eskatzaileentzat errazagoa izan dadin prozesua.

Eskaerak, GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera

Aurki argitaratuko dira dirulaguntza guztien oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta argitaratu eta hurrengo egunetik hasita egin ahal izango dira eskaerak. 

Eskaera erregistro elektronikotik egiteko gida eta bideo bat landu ditu udalak, webgunean eskuragarri daudenak. Behin UDATEn (herritarren arreta zerbitzuan) BAkQ ziurtagiri elektronikoa eskuratzen dutenetik, herritarrek eskaera euren etxetik egin ahal izango dute, erregistro elektronikoaren bidez. Horrela, herritarrak bultzatu nahi dira gero eta ohikoagoa den komunikazio-tresna erabiltzera.

Dena dela, informazio gehiagorako dagokion departamentuarekin ere jarri ahal izango da harremanetan, 010 edo 943 65 44 66 telefono zenbakian.

 

2024ko dirulaguntza deialdia

Zerrenda eta aldaketa nabarmenenak

 


 

EUSKARA

Euskara-ikasle tolosarrentzako dirulaguntzak: 54.000€    

Euskaltegian euskara ikasteko edo maila hobetzeko dirulaguntzak dira, 16 urtetik gorako tolosarrei zuzenduta (Aitzol Udal Euskaltegian nahiz beste euskaltegiren batean aritu diren tolosarrei). Aurtengo ikasturtean matrikularen zati hau estaliko dute dirulaguntzek: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, %75; C1 mailan, %50; eta C2 mailan, %25. Laguntza jasotzeko betekizunetan ez dago aldaketarik: %85eko asistentzia izatea eta aprobetxamendu ona egitea.

Eskaerak aurkezteko bi epe daude:

 Ekainaren 30a baino lehen amaitutako ikastaroak: deialdia argitaratzen denetik hilabete

• Irailaren 30a baino lehen amaitutako ikastaroak: urriaren 15a.

 

Establezimendu komertzialetako hizkuntza-paisaia euskalduntzeko: 3.000€    

Tolosako establezimenduei zuzendutako dirulaguntza da. Oain arte denden errotulu nagusia euskaratzera bideratzen zen laguntza; aurten elementu gehiagotara zabalduko da. Kanpoko errotuluak, toldoak, ibilgailu komertzialak, webguneak, irudi korporatiboko elementuak (bisita-txartelak, poltsak…), aplikazio informatikoak…

Eskaera epea: Urriak 31

 

Lan-arloan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak: 6.000€    

Tolosako enpresei bideratutako dirulaguntza. Orain arte soilik euskara-planak egiteko dirulaguntza zen, eta orain hauek ere dira diruz lagungarriak: euskara-maila handitzeko ikastaroak, hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzeko jarduerak, sentsibilizazio-jarduerak.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun natural

 

HEZKUNTZA

Eskolaz kanpoko programak antolatzeko, eta zaintza eta lana bateragarri egiteko programak: 60.000€    

Tolosako ikastetxeei (HH, LH eta DBH) eta familia-elkarteei bideratutako laguntzak dira.    Puntuazio-irizpideak aldatu dira deialdi honetan, hezkuntza-komunitate bakoitzaren konplexutasuna kontuan hartuta banaketa egokiagoa izan dadin.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 egun natural

 

ETXEBIZITZA

Alokairurako dirulaguntzak: 81.400€ (agortuko balitz, 20.000€ gehiago bideratuko dira)

Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa handitu da: hilabetean 250-300 euro bitarte ematetik, 300-350 euro bitarte ematera pasako da. Bizikidetza unitatearen errentaren arabera finkatuko da kopuru hori, hau da, progresiboa izango da. Gainera, onuradun gehiago izango ditu aurrerantzean: orain artekoez gain gain, Tolosan erroldatuta dagoen edonork ere eskatu ahal izango du, beti ere etxerik jabetzan ez badu, Etxebiden izena emanda badago eta beste erakundeetatik dirulaguntzarik jasotzen ez badu.

Eskaera epea: Urriak 15

 

Etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala sustatzeko: 70.000€ (agortuko balitz, beste 70.000€ gehiagorekin osatuko da poltsa)

Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko irailaren 30a bitartean egindako eta amaitutako obrei dagokien gastuak dira, etxebizitza Bizigune programan sartzeko eta jabetzaren konturako obrak egiteko laguntza ekonomikoak dira. Dirulaguntza handitu da: Alokabidek eskatutako obraren zenbatekoaren %50, gehienez 6.000€ (lehen 4.000€), edo Alde Zaharrean dauden etxebizitzen kasuan, 12.000€ (lehen 8.000€).

Eskaera epea: Irailak 30

 

HIRIGINTZA

Bizitegi eraikin kolektiboak birgaitzeko, sendotzeko zein irisgarritasuna hobetzeko eta etxebizitzak egokitzeko eginak dauden obrak diruz laguntzeko: 300.000€

Bikoiztu baino gehiago egingo da helburu horretara bideratutako diru-poltsa, 120.000 eurotik 300.000 eurora. Sei lerro ditu, elementu komun edo pribatiboen arabera sailkatuta. Berria da bat, katalogatutako eraikinak hobetzera bideratutakoa. Bada beste aldaketa esanguratsu bat: orain arte laguntza eskatzeko obra baimena izatea eskatzen zen; aurrerantzean, aldiz, obrak amaituta egon beharko du eta, besteak beste, obra amaierako ziurtagiria eskatuko da. 

Obra horiek 2023ko urriaren 16tik 2024ko urriaren 15era bitartean egindakoak izango dira. 

Elementu komunetan egindako obrak:

  1. Irisgarritasuna hobetzeko instalazio eta obretarako
    Igogailurik ez duten eraikinetako igogailuak, arrapala eta plataformak, eskaileren aldaketa…

  2. Inguratzailearen energia-eraginkortasuna hobetzea (teilatua edo fatxada)
    Lehen banatuta zeuden bi deialdiak, eta orain lerro bakarrean batu dira. 

  3. Eraikinaren egiturazko elementuak sendotzeko
    forjatuak, karga-hormak, portikoak, segurtasuna, agente xilofagoen aurkako eskuhartzeak…

  4. Katalogatutako eraikinen inguratzailea eta fatxadako elementuak hobetzea
    Zurezko begiratoki edo balkoiak zaharberritu edo ordeztea; akaberak zaharberritzea; fatxadako baranda, apaingarri edo dekorazio elementuak zaharberritzea; fatxaden gainazala konpontzea; kanpotik igarotzen diren instalazio komunak (kableak) berritzea, berrantolatzea edo ezkutatzea.

Elementu pribatiboetan egindako obrak:

  1. Kanpoko arotzeria aldatzea:
    Energia eraginkortasuna eta isolamendu akustikoa hobetzen dutenak.

  2. Mugikortasun mugatua duten pertsonen eta 65 urtetik gorakoen etxebizitzak egokitzeko
    Komuna, igarotzeko ateak; argi, ur eta gas sentsoreak…).

Eskaera epea: Azaroak 15

 

GIZARTE ZERBITZUAK

Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloko Tolosako irabazi-asmorik gabeko entitate edo elkarteentzat 

Proiektuaren edota eskatzailearen izaeraren arabera, lau lerrotan sailkatzen da laguntza. Kasu gehienetan justifikaziorako epea luzatu da oraingoan: 2025eko martxoaren 31ra arte.

  1. Gizarte Zerbitzuen eta osasunaren arloan jarduerak sustatzeko: 54.000€
    Onuradunen artean aldaketa bat sartu da, Tolosan egoitza izan ez arren, beste lekuren batean 20 tolosar baino gehiagori arreta ematen dieten elkarteek ere jaso ahal izan dezaten laguntza hau. Urte osoko programak garatzeko laguntzaren gehieneko kopurua 6.000€koa da. Ekintza puntualak antolatzeko laguntza, berriz, handitu egin da: 500€ra.

  2. Elkarteen mantenu gastuetarako dirulaguntzak: 10.500€

Tolosan egoitza duten irabazi-asmorik gabeko elkarteek eska dezakete laguntza hau. Gehieneko kopurua igoko da aurten: 1.200€ra. 

  1. Larrialdi-egoeretan proiektu eta ekintza humanitario puntualak egiteko: 8.500€
    2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte gauzatutako ekintzak dira diruz lagunduko direnak. Orain arteko ezaugarri berak izango ditu deialdiak. Aldaketa bakarra justifikazio epeari dagokiona da, 2025eko irailaren 30a arte luzatuko baita.

  1. Gobernuz kanpoko erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei, garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak egiteko: 30.000€
    Garapen proiektuak egiteko bi urtez behin argitaratzen den deialdia da. 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte gauzatutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira. Justifikazio-memoria 2026ko martxoaren 31rako aurkeztuko beharko da.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 egun natural

 

Dirulagutzak nazioarteko lankidetzan boluntarioki dihardutenentzako: 2.500€

GKE edo irabazi-asmorik gabeko elkarteren batekin hitzartuta boluntario lanak egitera doazen pertsonei zuzenduta dagoen dirulaguntza da. Orain arte bidaia-gastuak eta txertoak ordaintzen ziren; bada, aurrerantzean ostatua ere ordaintzeko emango dira laguntzak, pertsonak berak ordaindu behar izan baditu egonaldian zehar. Laguntzaren gehieneko kopurua ere handitu egin da, 600€tik 800€ra.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 egun natural


BERDINTASUNA

Emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten elkarteentzako: 10.000€

Berdintasuna sustatzeko proiektu, programa eta ekintzak antolatzeko ematen den laguntza da. Dirulaguntzaren poltsa handitu da, eta 10.000€ banatuko dira, hau da, 2.000€ gehiago. 

Laguntza bakoitzaren gehieneko kopurua ere altuagoa izango da, 2.500€koa da muga.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 lanegun.

 

KULTURA

Programa eta jarduera kulturalak egiteko laguntzak: 17.000€

Irabazi-asmorik gabeko kultur-elkarte eta pertsonei zuzenduta dago, programa eta jarduera kulturalak antolatzeko. Balorazio irizpideak guztiz aldatu dira, puntuazio hori ahalik eta era objetiboenean egin ahal izateko. Besteak beste, euskararen sustapena gehiago lehenetsiko da. Gainerakoan, laguntzaren kopurua eta onuradunak mantentzen dira.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 lanegun

 

GAZTERIA

Gazteriarekin lotura duten programa eta jarduerak laguntzeko: 21.000€ 

Urteko programazioa lantzeko, elkartegintza sustatzeko, prestakuntzarako, egitasmo puntualak sortzeko edota materiala erosi edo berritzeko banatzen dira laguntza hauek. Aurreko deialdiekin alderatuta, ez dago aldaketarik. 

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 lanegun

 

Gazte Informazio Guneak (GIG) kudeatzeko dirulaguntzak: 4.000€

Gazteek udalaren informazioaren zabalkundean parte hartzen laguntzeko beka sistemako laguntzak dira, beraiek gehien erabiltzen dituzten kanalak erabiliz lan hori egin dezaten. Guztira zortzi beka banatuko dira. Aurreko deialdiekin alderatuta, ez dago aldaketarik. 

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 lanegun

 

MERKATARITZA

Berriz Tolosa: negozioen arteko eskualdaketa sustatzeko: 45.000€

Helburua da enpresa baten eskualdaketa egin, eta Tolosako negozio baten ardura hartu nahi duten pertsonei laguntzak ematea, alokairu edo lokalaren erosketa gastuetarako. Alokairu gastuetarako 25.000€ bideratuko dira; erosketa gastuetarako, berriz, 20.000€. 2023ko urriak 15aren eta 2024ko abuztuaren 31ra bitarteko eskualdaketak lagunduko dira. Hortik aurrerakoak hurrengo deialdian sartuko dira. Hiru urterako dira dirulaguntzak, hau da, onuradunek hiru urtez jasoko dute laguntza.

Eskaera epea: abuztuak 31

 

Ekin: Tolosan enpresaritza ekimen bat abiarazteko: 80.000€

Helburua da Tolosako hiri-ekonomiako sektoreren batean enpresa-ekimen bat abiarazten duten pertsonei edo entitateei laguntzak ematea lokalen alokairu, erosketa eta birgaitzerako. Birgaitzeak Alde Zaharrean kokatuta dauden saltokietan bakarrik lagunduko dira. Guztira, 20.000€ bideratuko dira birgaitze eta erosketa gastuetara. Alokairu gastuetara, aldiz, 60.000€. Kasu honetan ere 2023ko urriak 15etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte martxan jarritako enpresak lagunduko dira. Hortik aurrerakoak hurrengo deialdian sartuko dira. Hiru urterako dira dirulaguntzak, hau da, onuradunek hiru urtez jasoko dute laguntza.

Eskaera epea: abuztuak 31

 

GARAPEN EKONOMIKOA ETA ENPLEGUA

Lehiakortasun programarako: 15.000€

Tolosan eta Apatta-Errekan kokatutako enpresen garapen esperimentalei, prototipoen egintzari eta soluzio edo zerbitzu berritzaileei bultzada ematen dieten proiektuak laguntzeko dira. Iazko deialdiarekin alderatuta ez da aldaketarik.

Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun baliodun.

 

KIROLAK

Lau lerro dira. Horietako bat berria da, kirol instalazioen grebaren eragina arintzeko sortu dena. Bosgarren lerro bat ere argitaratuko da aurki, eskolen igeriketa kanpainarena. Kasu guztietan, eskaerak eta memoriak aurkezteko epea gehiago luzatu da, irailaren 15era arte.

 

Kirol elkarteen urteko jardueretarako eta egiturak sendotzeko: 18.000€

Irabazi asmorik gabeko kirol-klubei bideratutako laguntza da, haien ohiko jarduera eta funtzionamendua garatzeko. 


Eskola Kirolaren kudeaketarako egitura espezifikoak sortu eta garatzeko: 50.000€

Tolosako ikastetxeei edo guraso-elkarteei eskola-kiroleko jardueren kudeaketa eta arreta hobetzeko egitura egonkorrak sortzeko eta garatzeko ematen dira laguntza hauek.

 

Kirol-jarduera bereziak antolatzeko: 10.000€

Tolosan 2024an zehar kirol-jarduera bereziak antolatzeko laguntza da. Gehienez ekitaldi horren aurrekontuaren %60a laguntzen da. Eskaera epea irailaren 15ean amaituko da; justifikazio-memoriak aurkezteko epea, kasu honetan, abenduaren 31ra artekoa izango da.

 

Tolosako kirol-klub eta taldeei kirol-instalazioetako grebak izandako eraginagatik ezohiko dirulaguntzak: 50.000€

Usabal itxita egon zen garaian kirol taldeei sortutako ondorio ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak dira. Herritik kanpoko instalazioak erabili behar izateagatik sortutako gastuak (desplazamenduak, erreserbak…) edota kirol eskoletan galdutako parte hartzaileen ondorioz kuotetan izan duten galera sartzen dira laguntzaren barruan.

Eskaera epeak: irailak 15

 

Informazio guztia eta eskaerak nola egin jakiteko gida:

https://udala.tolosa.eus/eu/udal-administrazioa/dirulaguntzak/dirulaguntzak

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA