Adierazpen instituzionala: ekainaren 28a, Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queerren Eskubideen Nazioarteko Eguna

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/27 | Berdintasuna

Aurten ere, ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatu dugu, gure herriak aniztasun, eskubide eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berretsita. Egun hau ez baita ospakizuna bakarrik; egindako bidea, egunaren jatorria eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.

Egun honek 1969an New Yorkeko Stonewall auzoan izandako istiluetan du jatorria. Lesbiana, gay, bisexual eta trans askorentzat, Stonewall Inn kluba eta beste toki batzuk ziren aske izateko, ezer ezkutatu beharrik gabe ibiltzeko, aukera bakarra. Lekua ezaguna zen inklusioa ospatzeagatik, eta beraz, babesleku bihurtu zen. Hala, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean, poliziak sarekada egin zuenean, han zeuden pertsonak beraien etxea defendatzen ari ziren.

Gertaera horiek mugarri izan ziren LGTBI kolektiboaren eskubide zibilen aldarrikapenean. Ordutik, sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena handitu egin da, eta aurrerapen ugari egin dira hainbat pertsona, elkarte, erakunde, eta kolektiboren etengabeko lan konprometituari esker.

Baina badakigu oraindik bide luzea dagoela egiteko. Horregatik, beharrezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan. Halaber, funtsezkoa da gizarte zibileko erakundeen zeregina indartzea, LGTBIQ+ erakundeak gizarte-eraldaketarako eragile gisa hartuta, politika publikoak egin eta ebaluatzean parte-hartze aktiboa izango dutela bermatuz.

Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justiziaekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko.

Arrazoi horiengatik, Tolosako Udalak LGTBIQ+ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi nahi du eta konpromisoa berretsi, sexuorientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko. Horregatik, Tolosako Udalak konpromiso hauek berresten ditu:

  • Sentsibilizazio-kanpainak egiten jarraitzea, kontzientzia kritikoa sortzeko sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari eta sexuorientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari buruz.

  • Indarkeria matxista mota guztiei arreta, jarraipena eta erantzun publikoa emateko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea, tradizionalki esleitutako genero-eskemak hausten dituzten pertsonetan erabiltzen diren espazio fisiko eta sinboliko guztietan: intersex, transgenero, transexual, homosexual, lesbiko eta sexu/genero eskema tradizionala errepikatzeari uko egiten dioten emakume eta gizon guztietan.

  • LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriei eustea, hala nola: izen-emate formularioetan binarismoaz haratagoko aukera ematea.

  • Jabetze Eskolan, prestakuntza-, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak bultzatzea, berdintasunezko harremaneredu askotarikoak sortzeko eta LGTBIQ pertsonek jasaten dituzten indarkeria matxistei aurre egiteko tresnak izan ditzaten.

  • Tolosako ikastetxeei, hezkidetzaproiektuaren bidez, beharrezkoak dituzten tresnak ematea diskriminazio hori txikitatik jasaten ari diren ikasleei laguntzeko. Irakasleei, gurasoei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari lagunduz, sexu-aniztasunarekiko errespetua behar bezala lantzeko.

Herritarrei eskatzen diegu, beraz, egun honen aldarrikapenekin bat egiteko; diskurtso lesbofobo, homofobo, bifobo eta transfobikoetan ez erortzeko, eta animatu ezkero, zintzilika dezatela balkoietan eta leihoetan harrotasunaren bandera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA