- Salmenta-postuei dagokienez, kaldereroetarako eta sanjoanetarako baimenak ere eskatu ahal izango dira.
- Karroza eta konpartsetarako eskaerak eta izen-emateak azaroaren 20ra arte egin ahal izango dira; gazte-konpartsek abenduaren 11tik aurrera.

Tolosako Udalak ireki du epea, batetik, karrozek eta konpartsek inauterietan parte hartzeko izena ematekoa, eta bestetik, salmenta-postuak jartzeko baimenak eskatzekoa.
Bi prozesuetako izen-emateak eta eskaerak azaroaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira, bakoitza dagokion prozeduraren bidez. Inauterietako gazte-konpartsen kasuan, hau da, plataformekin parte hartzen duten taldeen kasuan, abenduaren 11tik aurrera egin beharko da eskaera.
Karrozak eta konpartsak: izen-ematea eta prestaketa-lanak
Inauterietako desfilean parte hartzeko hiru modalitate izango dira: karrozak, gazte-konpartsak (edo plataformak) eta konpartsak. Karrozek eta gazte-konpartsek, gutxienez, hamar partaide izan beharko dituzte; eta konpartsek, gutxienez, bi. Karrozek eta gazte-konpartsek herrian aurrez zehaztutako kokagune bat izaten dute.
- Karrozak: tamaina handiko egiturak
- Gazte-konpartsak: gazteez osatutako taldeak, eskuz mugitutako plataformak dituztenak
- Konpartsak: talde txikiagoak, leku zehatzik ez dutenak
Taldeek aurretiko izen-emate formularioa bete beharko dute hemen, eta bertan taldearen ezaugarriak eta ordezkariaren datuak adierazi. Behin eskaera jasota, udala talde bakoitzarekin harremanetan jarriko da egin beharreko tramiteen inguruko informazioa emateko.
Aurten, Ferialekua jarriko da taldeen eskura, karrozak eta plataformak prestatu eta atontzeko. Espazioa abenduaren amaieran prest egotea aurreikusten da, eta erabili nahi duten taldeek izen-emate formularioan adierazi beharko dute eskaera hori.
Eskuragarri dagoen espazioa baino eskaera gehiago jasoz gero, lekuak zozketa bidez esleituko dira, ezarritako lehentasun-irizpideak kontuan hartuta. Talde bakoitzeko ordezkaria izango da espazioaren arduraduna, eta harekin batera beste bost lagun sartu ahal izango dira lan-eremura lan-saio bakoitzean.
Udal-karrozak eskuratzeko aukera eta dirulaguntzak
Tolosako Udalak 12 karroza berri erosteko eskaera egin du, datozen urteetan herritarren eta inauterietan parte hartzen duten taldeen eskura jartzeko, eta horrela, Tolosako inauterietako karrozen tradizioa eta parte-hartzea sustatzeko.
Aurtengo inauteriei begira, udal-karroza bat erabiltzeko interesa duten taldeek izena emateko formularioan adierazi beharko dute interesa. Horrela, udalak eskaeren kopurua ezagutu, eta eskuragarri egon daitezkeen karrozen arabera antolatu ahal izango du esleipena. Eskaera egiteak ez du karroza baten esleipena bermatzen; eta karrozen elkarteko eskaerak lehenetsiko dira.
Dirulaguntzak inauterien ondoren eskatu beharko dira, ikuskizuna erakusten duten argazki eta bideoekin batera. Dirulaguntza jasotzeko, nahitaezkoa izango da zuzeneko musika eskaintzea eta koreografia edo antzezpen eszenikoren bat egitea; hala nola parodia, antzerkia, playbacka edo mimoa. Izen-ematea egin duten taldeei zuzenean jakinaraziko zaie eskaerak noiz eta nola aurkeztu.
Salmenta-postuak: eskaerak eta modalitateak
Azaroaren 20ra arte egongo da irekita salmenta-postuak jartzeko baimenak eskatzeko epea ere. Eskaerak UDATEn edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.
Eskatzaile kopurua eskainitako postu kopurua baino handiagoa bada, zozketa publikoa egingo da postuak esleitzeko.
Aurten, inauterietarako ez ezik, kaldereroetarako eta sanjoanetarako salmenta-baimenak ere eskatu ahal izango dira.
Eguneko salmentan eskaintza hau egingo da:
- Salmenta-postu orokorrak: 9 postu, 10:00etatik 00:00etara. Ehungintza, elikagaiak, osagarriak, bitxiak, artisautza eta bestelako produktuak saldu ahal izango dira.
- Janaria saltzeko kamioiak: 2 postu, 09:00etatik 00:00etara.
- Talo-postuak: 2 postu, 09:00etatik 00:00etara.
- Globo-salmenta: 2 postu ibiltari, 10:00etatik 00:00etara.
Gaueko salmentari dagokionez, janaria saltzeko kamioiek soilik eskatu ahal izango dute baimena. Bi postu egongo dira erabilgarri 22:00etatik 06:00etara, kaldereroetan, sanjoanetan eta inauterietako egun guztietan.
Karroza eta konpartsen izen-emateari, Ferialekuaren erabilerari, dirulaguntzei eta salmenta-postuen baimen-prozedurari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Sailarekin jar daiteke harremanetan, festak@tolosa.eus helbidearen bidez.
Su Ta Gar atera da inauterietako kontzerturako bozketan
Zaldunita eguneko kontzertua zein taldek emango duen erabaki dute herritarrek, erabaki.tolosa.eus atariko galdetegiaren eta kultur etxean jarritako hautetsontziaren bidez. Su Ta Gar taldeak lortu ditu boto gehien, 100 boto guztira. Bozketan hautagai ziren gainerako taldeen artean, Los Zopilotes Txirriaos taldeak 31 boto jaso ditu; Merina Grisek, 8; eta Aimar Z-k eta Txapela Bravak, 3na boto.