1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewalleko matxinada gertatu zenetik, data hori bihurtu da lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen galerak, aldarrikapenak eta lorpenak gero eta agerikoagoak egiten dituen eguna. Memoria egitea eta efemeride hura gogora ekartzea ondo dago, atzera begira aurrera egiteko. Alegia, oraindik lortzeko dagoen guztia nabarmentzeko eta kolektibo horrek oraindik aurre egin behar dien egoeren eta arriskuen salaketa publikoa egiteko.
Egun oraindik ere, komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioek zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi ditu. Duela urte batzuetatik hona, gainera, Espainiako gobernuko transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI+ pertsonen bermerako lege-aurreproiektuaren ondorioz, transen aurkako gorroto-diskurtsoa gogortzen ari da.
LGTBI+fobiaren aurkako behatokietatik eta hainbat txostenetatik (Ikusgune, Berdindu), 2021eko ekaineko gorroto-delituei buruzko inkestaren txostenetik jasotako datuen arabera, gora egin du sexu-genero desberdineko pertsonen aurkako indarkeria fisikoak zein bestelakoak.
Inkestan parte hartu duten pertsonen % 40k adierazi du jaso dituela iruzkin edo keinu iraingarriak, horien eragile izanik arrazakeria, xenofobia, antisemitismoa, antigitanismoa edo ideologia, sexu-orientazioa eta genero-identitatea, erlijioa, ezintasuna eta abar. % 59k adierazi du mehatxuak izan dituela arrazoi horiengatik, % 36k erasoak jasan dituela eta % 75ek adierazi du azken 5 urteotan diskriminatuak izan direla.
Gainera, beste datu garrantzitsu bezain kezkagarri batzuk ere agerian jarri ditu inkestak, hala nola, kasuen % 38an erasotuek erasotzailea ezagutzen dutela (lankideak, eskolako gelakideak, senideak, bizilagunak, etab.). Eta kasuen % 64an erasotzaileak bat baino gehiago izaten direla.
Era berean, gai honetako aditu batzuek kezka agertu dute bizitzen ari garen testuingurua dela-eta. EHUko Zuzenbide Penaleko katedradun Jon Mirena Landaren iritziz, hasi da azaleratzen eliminazioko indarkeria deituko nukeena. Dena da serioa, baina eliminazioko indarkeria nukleo gogorra da. Hitzez eztabaidatzetik ekintza tristeetara pasa gara, eta homofobia, argi eta garbi, jo puntuan dago.
Ildo beretik, Laia Serrak (abokatu penalista, genero-berdintasunean eta giza eskubideetan aditua), baieztatzen du diskurtsoen eta akzioen arteko lotura. Mekanika argia da eta beti mekanika bera: kolektibo bat deshumanizatu egiten dute, egozten dizkiote irudi estereotipatu negatibo batzuk, eta, hortik aurrera, horrek erraztu egiten du eta sustatu biztanleriaren sektore jakin batzuek, gero eta handiagoek, beren aurreiritziak praktikan jartzea. Erasotzaileak jada ez dira eskuin muturrekoak bakarrik, eta edozein herritarrek erabiltzen ditu beren aurreiritziak, neurri handi batean diskurtso batzuek legitimatu egiten dituztelako
Arrazoi horiengatik, Tolosako Udalak LGTBI+ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi nahi du eta konpromisoa berretsi sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko. Izan ere, pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta zaindu behar dugu LGTBI+ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izatea, horretarako estrukturalak diren politika publiko integralak disenatuz.
Horregatik, Tolosako Udaleko talde politikoek adostu dute ondorengo ekintzak gautzeko konpromisoa hartzea:
- Beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea II. Udal Protokoloan indarkeria matxista mota guztiei arreta, jarraipena eta erantzun publikoa emateko beharrezkoak diren zerbitzuak sartzeko, tradizionalki esleitutako genero-eskemak hausten dituzten pertsonengan erabiltzen diren espazio fisiko eta sinboliko guztietan: intersex, transgenero, transexual, homosexual, lesbiko eta sexu/genero eskema tradizionala errepikatzeari uko egiten dioten emakume eta gizon guztietan.
- LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako herri diagnostiko bat egin eta honetan oinarritutako neurri zehatzak izango dituen baino integrala izango den ekintza plan bat abiatzea, hala nola ondorengoak bilduko dituena: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, eta aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan.
- Lesbofobia, homofobia, bifobia eta transfobiaren kontrako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak garatzea, erreferente positiboak sortzeko maitasun- eta sexu-dibertsitatea bizi ahal izateko, eta kontzientzia kritikoa sortzeko sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari buruz. Aurrera egitea herritarren kontzientzia solidario berri baterantz eta berdintasun eta errespetuzko balioetan gizarte-kohesioa segurtatzea, eta diskriminaziorik ezaren kultura zabaltzea kolektibo horiek jasaten dituzten eraso eta aurreiritzien aurrean
- Jabetze Eskolan, prestakuntza-, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak bultzatzea, berdintasunezko harreman-eredu anitzak sortzeko eta LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten indarkeria matxistei aurre egiteko tresnak izan ditzaten.
- Tolosako ikastetxeei, hezkidetza-proiektuaren bidez, beharrezko tresnak ematea diskriminazio hori txikitatik jasaten ari diren ikasleei laguntzeko. Gainera, irakasleei, gurasoei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari laguntzea, tresna eta material didaktikoak emanez, maitasun- eta sexu-aniztasunarekiko errespetua behar bezala lantzeko.
Herritarrei eskatzen diegu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, eta foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela, eta balkoietan eta leihoetan bandera zintzilika dezatela.
Azkenik, Tolosako herritarrak animatzen ditugu Anarquía relacional antzezlan komikoa ikustera joateko. Ekainaren 30ean izango da, Topic-en, eta ekainaren 28ko sentsibilizazio-kanpaina honen barruan antolatu den jarduera ludikoa da.