Irailaren 11n hasiko da ohiko zine programazioa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/04 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 115 pertsonak bete zuten joan den ikasturtearen amaierako asebetetze inkesta, eta emaitza horietan oinarrituta prestatu da ikasturte berria.

 

Datorren astean hasiko da Leidor Aretoko ohiko zine programazioa, hilaren 11n, zehazki. 12 film eta dokumental bat eskainiko dira guztira.

Zine bonuak ere eskuragarri izango dira, Leidorreko leihatilan bertan, bere ohiko ordutegian, baita leidorantzokia.janto.es webgunean ere. 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak daude, urtea amaitu bitarte erabili beharrekoak guztiak.

Erabiltzaileen iritzietatik abiatuz

Ikasturte berriko eskaintza prestatzeko, ekainean Leidor Aretoko zinezaleei helarazi zitzaien asebetetze inkestaren emaitzei erreparatu die Kultura Sailak. 115 pertsonak parte hartu zuten, gehienak erabiltzaile fidelak. Izan ere, galdetegia erantzun zuten erabiltzaileen erdia, astean behin baino gehiagotan joaten da Leidorrera, eta beste %27a, astean behin. Bereziki zine bonua baloratu dute gehien, inkesta erantzun duten herritarren %80k erosten du bonua. 

Zineforumaren ordutegiaren egokitasuna izan zen inkestako beste gaietako bat. Bada, erdiak baino gehiagok —%52k— mantentzearen alde egin du; hortaz, bere horretan uztea erabaki da. Ordutegi orokorraz galdetuta, %70ak egokia dela iritzi dio. 

Eskaintzari dagokionez, aurrerantzean hilabetean dokumental bat ere eskainiko da, gehienek begi onez ikusi baitute proposamena. Gaiak anitzak izango dira, baina azpimarra gizarte gaietan jarriko da, batik bat, hori izan baita gehien nabarmendu dena. Posible den guztietan ere, euskarazko filmak edo euskal zuzendariek egindakoak sartuko dira.

Kultura Sailak eskerrak eman dizkie galdetegia erantzun dutenei, informazio baliagarria izan baita planifikatzerako orduan. Hobetzeko proposamen gehiago ere jaso dira, eta bideratu ote daitezkeen aztertuko da. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA