Tolosako Udalak 2016an abiarazi zuen Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko prozesua, mugimendu feministaren aldarrikapen historikoari erantzuteko asmoz. Eta, gaur, 2023ko apirilaren 1ean egin da ate irekien ekitaldia, ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea gizarteratzeko eta espazioa herritarrengana gerturatzeko. Hurrengo asteetan zabalduko ditu ateak ofizialki.
Olatz Peon, Tolosako alkateak ate irekien ekitaldian adierazi duenez, “egun pozgarria da gaurkoa, mugarri garrantzitsua, berdintasunaren alde lanean jarraitzeko. Honaino iristeko ibilbidea luzea izan da, luzea bezain aberasgarria. Aberasgarria, elkarlanean garatutako proiektua izan delako, hasiera
hasieratik, adin, jatorri eta formakuntza ezberdinetako emakumeen parte hartzearekin, eta eskualdeko udalerrien parte hartzearekin ere bai, indarrak batuta”.
Alkateak azpimarratu du helburu argi batekin eta bakarrarekin sortu dela ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea: “emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala, benetakoa eta eraginkorra, arlo guztietan sustatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa zen emakume guztien topaketarako erreferentziazko gune bat sortzea”.
Bi partaidetza prozesu, emakumeekin elkarlanean proiektua garatzeko
Tolosako Udalak bi partaidetza prozesu egin ditu ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko, emakumeekin elkarlanean. Lehena 2018. urtean egin zen, espazioaren izaera zehazteko helburuarekin. 104 emakumek hartu zuten parte, hiru taldetan antolatuta: Lantalde politiko teknikoa, Talde Eragilea eta Emakumeen Gune Zabala. Bertan zehaztu ziren ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen ezaugarri nagusiak, hala nola, printzipio gidariak, erabiltzaileen profila eta etxearen kokapenaren aurre proiektua.
Pandemiaren ondorioz, bigarren partaidetza prozesua 2021ean egin zen eta 76 emakumek hartu zuten parte. Emakumeen Etxea martxan jartzeko hurrengo urratsak adostu ziren, hala nola etxearen kudeaketa, finantzaketa partekatua, jarduerak, zerbitzuak etab. Paraleloki, Udalak hirigintza proiektua garatu zuen.
Tolosako alkateak bi prozesuetan parte hartu duten emakume guztiak eskertu ditu ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen aurkezpenean: “eskertu nahi dut, bide luze honetan, bidelagun izan diren emakume guztien lan eta ahalegina. Eskerrik asko zuen denboragatik eta azaldutako inplikazioagatik”.
ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen prozesuan parte hartu duten emakumeak dira Tolosako Udalak eskualdeko erreferentziazko gune feminista berria aurkezteko egin duen bideoko protagonistak. Ikusi bideoa hemen.
ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen izaera eta eskainiko diren zerbitzuak
Partaidetza prozesuetan zehaztu bezala, ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzea ditu helburu, eta eraldaketarako gune eta tresna da, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko. 16 urtetik gorako emakumeentzako espazio segurua, anitza, feminista, multikulturala, parte-hartzailea, inklusiboa, hezitzailea, irisgarria, herritarra, belaunaldi artekoa, dinamikoa, euskalduna, laikoa eta jasangarria da; emakume ororen esku dagoena. Aipagarria da, baita ere, ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen irudia ere lehiaketa ireki bidez erabaki zela.
Hauek dira ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxean eskainiko diren zerbitzuak: Tolosako Udaleko Berdintasun Saila, Jabetze Eskola, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa, eta ahalduntzeko dinamikak eta jarduerak. Hau da, berdintasuna eta kontzientzia feminista oinarri izanik, jarduerak, hitzaldiak, tailerrak, topaketak, batzarrak, jarduera ludikoak eta kulturalak, kirol jarduerak, kaleko ekintzak, ekimen solidarioak etab. antolatuko dira.
Astelehenetik ostiralera egongo da irekita, goiz eta arratsalde. Dinamizatzaile bat egongo da bertan, eta ordutegiz kanpo ere erabili ahal izango da etxearekin bat datozen jardueretarako.
Emakumeentzako elkargunea, Tolosako Inpernu kaleko 5, 7 eta Emakumeon Plaza 1 zenbakietan
Tolosako Inpernu kaleko 5, 7 eta Emakumeon plaza 1 zenbakietan kokatzen da ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea. 2022ko ekainean hasi ziren espazioa eraikitzeko lanak. ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak 600 metro karratu ditu guztira, eta Tolosako Udalak espazioaren eta inguruaren eraberritze integrala egin du gunearen erabilgarritasuna handitzeko eta kontzientzia feminista sustatzeko espazio atsegin eta segurua sortzeko.
Aurrealdeko lokalak, 252 metro karratu ditu, eta hainbat gune: emakumeen topalekurako egongela, Berdintasun saila (hasiera batean), zerbitzu gela, bilera gela, areto nagusia… Atzealdeko lokalak, halaber, 350 metro karratu ditu eta bi solairutan banatuta dago: behe oinean balio anitzeko bost gela eta harrera egongo dira eta lehen oinean, bilera gela eta Berdintasun sailaren bulegoa jarriko dira. Horrez gain, noski, oinarrizko instalazioak ere egongo dira bi lokaletan: komunak, biltegia, takilak edo armairuak taldeentzat…