Tolosako Udala lanean ari da Tolosan Emakumeen Etxea sortzeko. Hainbat bilera egin ostean, era irekian zein eratutako talde motorrarenak, lehen fase hau borobiltzeko azken bilera irekia gauzatuko da bihar, ekainak 13. 19:00etan izango da Tolosako Udaleko Areto Nagusian.
Prozesuak hiru talde eta bi epealdi barneratu ditu: 2016an sortutako lan-talde tekniko-politikoa, talde eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanakoek eta berdintasun teknikariak osatutakoa) eta Emakumeen Gune Irekia (interesa duten emakume orok osatua). Eta hiru talde hauek, bi epealditan banatutako prozesuaren kide izango dira:
-
Maiatza-ekaina bitarte, gutxi gorabehera, 5 saio egingo dira: etxearen printzipioak, filosofia, erabilera, helburuak, lan-ildoak... definitzeko.
-
Iraila-azaroa artean berriz, 3 edo 4 saio egingo dira: antolamendua, zerbitzuak, baliabideak, kudeaketa, izena bera eta abar zehazteko.
Prozesu hau garatzeko, 2018ko Berdintasun Sailaren aurrekontuan, 20.500 euroko diru-kopurua aurreikusi da, proiektu honen inguruan abiatu berri den prozesu parte-hartzailearen bidez, Tolosatzen proiektuaren baitan gauzatuko dena, hausnarketa hau egiteko emakumeekin.
Ibilbidearen hasiera, atzerago
Ibilbide bat burutu du jada, gutxieneko oinarriak ezarriz Udaleko ordezkari politiko, Mugimendu Feministra eta emakumeen taldeen artean, eta orain lanketa abiatu nahi du emakumeekin batera.
Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du helburu dutela emakumeen arteko topaketarako, eztabaidarako eta hausnarketarako gunea sortzea Tolosan: “Gune horren bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, benetakoa eta eraginkorra, bizitzako edozer arlotan lortzeko politika, programa eta proiektuetan eragin nahi da. Gunea erreferente izatea nahi dugu, bai udalerriko emakume guztientzat, bai eskualdeko emakumeentzat ere”.
Bide horretan, Berdintasun sailean zein Udal mailan gauzatu diren ikerketa eta planetan barneratu da Emakumeen Etxea, alkateak agerraldian azaldu duen eran: “Proiektu hau aldarrikatu zen 'Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II, Planaren (2009-2011)' ebaluazioan, eta horri jarraituz, 2015ean, 'Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoa eta III. Planean, 2015-2020' jasotzen da emakumeentzako espazio fisiko bat sortzeko beharra”. 2016an, Tolosatzen proiektuaren baitan gauzatutako '2017-2017 Tolosako Plangintza Partekatuan', orain arte aldarrikapen bat izan zena, neurri zehatz bihurtzen da: “Tolosan emakumeentzako etxe/gune bat antolatzearen egokitasuna eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko partaidetza-prozesuak erraztu eta estrukturak eta mekanismoak sortzeko pausuak emateko konpromisoa hartuz”.
Udalean lanketa aurretiaz hasia da: 2016an, Udaleko ordezkariek eta emakumeen taldeko kide batzuk Basauriko eta Donostiako emakume etxeetara joan ziren, gune horietan emandako esperientziak aztertzeko eta proiektu honen abiapuntu bat izateko. Urte horretan, era berean, Emakumeen Etxearen lan-talde politiko-teknikoa sortu zen: Talde horretan, Udal gobernua, oposizioko zinegotziak eta emakumeen ordezkariak batzen dira hilabetean behin, gutxi gorabehera. Peonek xehetu duenez, talde honen helburua da, besteak beste, “elkarlanean proiektua kokatzea eta gutxieneko batzuk mahai horretan definitzea eta adostea”.
Urte amaieran, proiektuaren aurkezpena
Behin, proiektua emakumeen artean definitua eta adostua dagoenean, herriari eta eskualdeari zabalduko zaio. Helburu du herriko eta eskualdeko eragile sozialak, kulturalak, alderdi politikoak eta abarren ekarpenak eta hausnarketak jasotzea.