Gizarte berdinzaleago baten aldarriarekin bat egingo du Tolosak martxoaren 8aren bueltan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/02/27 | Berdintasuna
  • Martxoaren 4tik 24ra bitartean hainbat ekintza antolatu dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Tolosako Udalak, Tolosaldeko Asanblada Feministak eta eskualdeko hainbat eragilek, taldek eta norbanakok elkarlanean osatu dute egitaraua.

  • “Kolonialismoa-Arrazakeria-Feminismoa” mahi-inguruarekin hasiko dira ekintzak, eta erakusketak, antzerkia, aurkezpenak, hitzaldia, zinema… uztartuko ditu egitarauak.

  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “M8a orain arteko lorpenak ospatzeko eguna da, baina, bereziki, aldarrikapenak egitekoa, oraindik ere bide luzea dugulako egiteko berdintasunaren alde. Aldarrikapenetatik harago, konpromisoak hartu eta berresteko eguna ere bada, berdintasun balioetan oinarritutako kultura eta gizartea sustatzeko”.

 

Martxoaren 8an egingo den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dira Tolosan martxoaren 4tik 24ra bitartean. Tolosako Udalak, Tolosaldeko Asanblada Feministak eta eskualdeko hainbat eragile, talde eta norbanako feministak elkarlanean antolatu dute beste urte batez M8-aren bueltako egitaraua.

“Kolonialismoa-Arrazakeria-Feminismoa” mahai-ingurua izango da egitarauko lehen ekintza, martxoaren 4an, eta haren ondoren etorriko dira erakusketak, antzerki eta zine emanaldiak, liburu aurkezpena, hitzaldiak, eta martxa morea eta manifestazioa.

Gero eta indar handiagoa duen eguna da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta “berdintasun errealaren aldeko borrokan” gero eta pisu handiagoa du martxoaren 8ak. Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenez, “azken urteotako martxoaren 8ak mugarri izan dira, indarkeria matxistaren eta desoreken aurka. Emakumeok planto egin dugu, ozen, aldarrikapenak eginez, emakume guztiok bat eginda, indarrak batuz, gure eskubideen defentsan”.

 

Aldarrikapenetarako eguna

Peonen esanetan, Emakumeen Nazioarteko Eguna “orain arteko lorpenak ospatzeko eguna da, baina bereziki aldarrikapenak egitekoa, oraindik ere bide luzea dugulako egiteko berdintasunaren alde”. Aldarrikapenetatik harago, “konpromisoak hartu eta berresteko eguna ere bada, berdintasunaren balioetan oinarritutako kultura eta gizartea sustatzeko eta Tolosa berdinzaleago bat lortzeko”.

Tolosako Udalak urteak daramatza berdintasun politikak sustatzen eta emakumeen ahalduntze pertsonalerako eta kolektiborako programa eta proiektu ezberdinak garatzen. Hala, Tolosako Udalak berdintasunarekin duen konpromisoa sendotzen jarraituko duela azpimarratu du Peonek: “Genero zeharkakotasuna barne-kulturan txertatzen jarraituko dugu, politika publikoen diseinuan eta garapenean ikuspegi feminista barneratua egon dadin. Berdintasunaren, parekidetasunaren eta kontziliazio erantzukidearen alde lanean jarraituko dugu, emakumeok merezi dugun eta dagokigun lekua eta errekonozimendua izan dezagun gizarte honetan”. Ikuspegi hori zabaldu eta gizarte klasearekin, adinarekin, orientazio sexualarekin, etniarekin, aniztasun funtzionalaren edo erlijioarekin lotutako ezberdintasun ezak ere landuko ditu udalak.

Era berean, Tolosako Udalak lanean jarraituko du zainketen gizarte-erantzunkidetasunerako eta indarkeria matxistaren biktimen erreparaziorako printzipioaren aplikazioan aurrera egiteko zerbitzu eta baliabide soziokomunitarioak sustatzeko, bai eta eraldaketa sakonak eragiten dituzten eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko prozesu estrategikoak babesteko ere.

Emakumeek “genero mugarik gabe” haien etorkizuna erabaki eta eraikitzeko duten “eskubidea” aldarrikatu du alkateak. “Ezinbestean, oraindik ere egiteko dugun bide hori, elkarrekin egin behar dugu, emakumeok bat eginda, gizartean benetako aldaketak eragiteko eta lortzeko”.

Bide horretan kokatzen da aurtengo martxoaren 8rako antolatu den egitaraua ere. Egitaraua osatzerakoan Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministan eztabaidatu eta hausnartu ziren hainbat gai kontuan izan dira. Honakoa da osatu den egitaraua:

  • Martxoak 4: “Kolonialismoa-Arrazakeria-Feminismoa” mahai-ingurua, 19:00etan, Kultur Etxean. Parte hartzaileak: Ana Sanz (Tolosaldeko Asanblada Feminista), Emilia Larrondo (Mujeres del mundo), Liz Quintana (Mujeres No Domesticadas) eta Silvia Agüero (Plataforma Rosa Cortés por la Memoria Gitana). Moderatzailea Eider Olazar izango da.

  • Martxoak 6 – Apirilak 20: Virginia Gil Couso-ren “Bakardadeak” erakusketa, Zerkausian.

  • Martxoak 6: “Erlauntza” antzezlana, 20:30ean, Leidorren (Tolosako Udaleko Kultura sailarekin elkarlanean antolatuta).

  • Martxoak 7: Martxa moreak.

    • 16:30. Anoetako plazarantz.

    • 17:00: Zutabe feminista guztien elkarretaratzea Batumore Batukadarekin.

    • 19:00: Elkar ezagutze dinamikak. Ondoren Batupoteo morea Anoetan.

    • 21:00: Afaria Anoetan.

  • Martxoak 8: Manifestazioa “Josi ta josi, Tolosaldea feminista” lelopean, 12:00etan, Trianguloan hasita.

  • Martxoak 8: “Mujercitas” filmaren proiekzioa, 19:30ean eta 22:00etan, Leidorren.

  • Martxoak 9 – Apirilak 9: Iñaki Vergara-ren “Emakumea kirolari” erakusketa, Usabal kiroldegian (Udal Kirol Zerbitzua eta Kirolzer-en laguntzarekin).

  • Martxoak 10: Irene Arraratsekin eta Uxue Alberdirekin “Bigarren sexua: orain da atzokoa” liburuaren aurkezpena, 19:00etan, Kultur Etxean.

  • Martxoak 11: Nuria Alabao-ren “Estrategias feministas contra la Neocropolítica y Neofascismo” hitzaldia, 19:00etan, Kultur Etxean.

  • Martxoak 17: “Zauriak” dokumentalaren proiekzioa, 19:30ean, Topic-en.

  • Martxoak 24: “Zinegoak” (Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia) proiektuko laburmetraien emanaldia, 19:00etan, TOPIC-en.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA