Jai berdinzaleagoen alde 2021-2024 ekintza plana zehaztu du Behatokiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/06/21 | Berdintasuna
  • Udazkenean aurkeztuko da eta jaietan berdintasuna eta parekidetasuna sustatzeko urrats irmoak ematen jarraitzea du helburu, 2017tik San Joan jaien ta Inauterien inguruan egin diren ikerketetan oinarrituta.

  • Jaietan berdintasunaren aldeko lanketa zeharkakotasunez eta udaleko sail guztiekin eta eragileekin elkarlanean egitea sustatu nahi da.

  • Emakundek esan du Tolosa eredugarria dela jaietako jarduerak berdintasunean aurrera egiteko lan-eremutzat hartzen.

 

 

Tolosako Udalak jai berdinzaleagoen aldeko lanketan urratsak ematen dihardu eta Jaien Berdintasun Behatokiaren lehen ekintza plana garatu du, berdintasuna eta parekidetasuna zeharkakotasunez, erakunde, herritar eta eragileekin lantzeko, batez ere jaien esparruan, baina baita gizarteko gainerako arloetan ere.

Urte askotako ibilbidea egin ondoren jai berdinzaleen alde, 2017an hasi zen Jaien Berdintasun Behatokia Tolosako San Joan jaiak berdintasunaren ikuspegitik aztertzen, geroago Larramendi auzoko jaiak gehitu ziren, eta azken azterketa 2020an egin zen, Inauterien inguruan.

Gaur egun, orain arteko ikerketetan eta udal sailekin eta herriko hainbat eragilerekin egindako elkarrizketetan oinarritutako ekintza plana osatu du Berdintasun Behatokiak. Dena den, jaiak eta gizartea urtez urte aldatzen diren heinean, ekintza plana malgua da eta egokitzeko gaitasuna du.

Lau ardatz nagusi ditu planak: behatokiaren eginkizunak eta antolakuntza modu sistematizatu batean garatzea, Tolosako jaien antolakuntza berdinzaleagoa sustatzea, Tolosako jaietako jardueretan genero ikuspegi kritikoa txertatzea eta baita indarkeria matxistarik gabeko jaiak bultzatzea.

Ekintza plana 4 urteetan zehar garatuko da, eta hainbat ekintza egingo dira denbora tarte horretan jai berdinzaleagoen aldeko lanketa sustatzeko. Ekintzak udazkenean aurkeztuko dira.

 

Jaietan berdintasuna zeharkakotasunez lantzeko plana

Jaien Berdintasun Behatokia Tolosako Udaleko berdintasun eta jaietako sailen arteko elkarlanaren bitartez sustatzen da, baina ekintza planak helburu du berdintasunaren aldeko lanketa zeharkakotasunez garatzea eta gizarteratzea.

Hori horrela, lau ardatzak kontuan izanik, jaietan inplikazioa duten udal sail edo eragileek beren proposamenak egin ahal izango dituzte “Proposamenen kutxa”-ren eta bere egutegiaren bidez.

 

Tolosa aitzindaria jaietan berdintasuna sustatzeko jardueretan

Emakundek Euskadiko bederatzi herrietako jaietan eredu parte-hartzaileago eta berdinzaleagoak sustatzeko estrategiak aztertu ditu, horien artean Tolosan San Joan jaien eta Inauterien inguruan egiten den lanketa. Emakundek adierazi duenez, “Tolosa aitzindaria izan da Inauteri eta San Joan jaietako jarduerak berdintasunean aurrera egiteko lan-eremutzat hartzen.”

Hori horrela, udazkenean aurkeztuko den ekintza planak jai berdinzaleagoen alde urrats irmoak ematen jarraitzea du helburu.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA