2025/12/01 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
-
Aurrerantzean ezingo dute bertakoentzako txartela eskuratu TAOko eremu berean garaje edo aparkaleku bat jabetzan edo alokairuan dutenek.
-
Lurpeko aparkaleku publikoetarako bonuak egiteko hizketan ari da Udala, kudeaketaren ardura duen enpresa emakidadunarekin.

Aparkaleku gehiago sortzeko aukerez gain, Udalak beste bide batzuk ere jorratu ditu, dauden aparkalekuen erabilera eta aprobetxamendua, izan lur gaineko edo lurpeko, ahalik eta gehien optimizatzeko. Helburu horrekin, lau neurri administratibo hartu edo hartuko ditu Udalak.
Denbora mugatuko aparkaldien antolamendurako (TAO) ordenantza berria
TAO sistemaren ordenantza berria da aldaketarik azpimarragarrienetako bat. Azaroko osoko bilkuran onartu da, udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Urrian, izapidetu aurreko kontsulta publikoan jarri zen eta herritarrengandik jasotako proposamenak erantzun eta gero eman zaio behin behineko onarpena. GAOn argitaratu eta gero, beste 30 laneguneko epean izango da jendaurrean, behin betiko onespena eman baino lehen. Osoko bilkuran oposizoak egindako ekarpenak ere aztertuko dira bitartean.
2012. urtekoa da orain arte indarrean egon den ordenantza, baina ordutik hona auzo berriak sortu eta aldaketak eman dira biztanlerian eta mugikortasunean. Hori dela eta, TAO sistema behar berrietara egokitzeko beharra zegoela ondorioztatu zen. Araudiak aldaketa batzuk ditu, eta helburua da herriko eremuen artean ahalik eta orekarik handiena bilatzea, eta lur-gaineko aparkalekuen erabilera are gehiago optimizatzeko bidea ematea.
-
Bertakoentzako txartela: titular izateko eskakizunak aldatu dira. Ezingo dute txartela eskuratu TAOko eremu berean garaje edo aparkaleku bat jabetzan, alokairuan edo emakidan dutenek. Jabetzan dituen plaza kopurua baino auto gehiago izanez gero, txartela lortzeko aukera izango da garajerik gabeko ibilgailuentzat. Hau da, etxe berean bi kotxe eta garaje bakarra izanda, txartel bakarra eskuratu ahal izango da. Neurri honekin, bertakoen 500 txartel inguru gutxiago banatuko dira. Orain bertakoen 2.900 txartel daude, TAO eremuetan lur gainean 1.572 aparkaleku dauden bitartean. Bereziki Alde Zaharrean dago balantzerik negatiboena, 1.400 txarteletik gora baitaude.
-
Monteskue: Gaur egun zailtasunak dituzte aparkatzeko; hori dela eta, 2. gunean aparkatu ahal izateko txartela eskuratu ahal izango dute.
-
Merkataritza: Egoiliar-baimen bat eskuratu ahal izango dute Tolosan erroldatu gabe egon arren, udalerriko saltoki baten titular izan, eta merkataritza-jarduerarako ibilgailua erabiltzen dutenek.
-
Tarifa berezia jarduera profesionalentzat: Gremioei atxikitako ibilgailuentzat tarifa berezia sortuko da.
Neurri osagarriak, TAO sistemari dagokionez
Aurrerago, TAO sistema gehiago osatzea aurreikusten da, tentsionatuta dauden eremuetan gune berrien sorrerarekin, edota sektoreen aldaketarekin. Izan ere, gune batzuetan dauden aparkalekuak azpierabilita daude, eta horien koloreak aldatuko dira. Esate baterako, urdinak diren gune batzuk berde izatera pasatzea da asmoa. Horrela, tarifa merkeagoa izango dute, eta denbora luzeagorako aproposagoa litzateke. Aukera ona izan liteke kanpotik hirigunera lanera datozenentzat. Modu horretara, leku horiek gehiago aprobetxatzea bultzatu nahi da.
Horrez gain, aparkalekuen eta TAO txartelen datuen azterketa egitean, detektatu dira badirela dagoeneko baldintzak betetzen ez dituzten, baina bertakoen txartela jasotzen jarraitzen duten pertsonak: dagoeneko Tolosan erroldatuta ez daudelako, bizitokia aldatu dutelako... Modu automatikoan egin da hori. Bada, datuak konprobatu eta gero, baldintzak betetzen ez dituzten horiei bertako txartela berritzea egokitzen den unean, ez zaie berria bidaliko. 200 txartel inguru kenduko dira horrela.
Lurpeko aparkaleku publikoetarako bonuak
Lurpeko errotazioko aparkaleku publikoen eskaintzan ere jarri du azpimarra Udalak. Gaur egun bi aparkaleku daude, eta biek ala biek, kudeaketa pribatua dute, emakida-kontratua dute indarrean eta horrek aldaketaren bat egiteko aukera asko mugatzen du.
Lapurdi plazan, bizilagunek 118 garaje dituzte 2058. urtera arte. Errotazioko 104 plaza ere badaude -1 solairuan, hau da, ordainpekoak, baina erabilera librekoak. Hauen kudeaketaren emakida, berriz, 2028an amaitzen da. Alondegi plazan, aldiz, 498 plaza daude, eta horietako 242 dira errotazioko plazak. Emakida kontratua, 2059. urtean amaitzen da guztientzat.
Bi kasuetan, ordea, azpierabilita daude aparkalekuak ordu-tarte batzuetan. «Erabilerak gora egin badu ere, deigarria da batzuetan, bereziki gauetan, apenas daudela beteta aparkaleku hauek. Lapurdiren kasuan, erdia ia hutsik dago; Alondegikoaren kasuan, ia hiru laurdenak. Egun eta ordu-tarte konkretuetan betetzen dira: festak, larunbatak, pilota partidak.... Oro har, horrek erakusten du herrian azpiegiturak izan baditugula, baina erabili gabe; kanpoan, berriz, arazoak. Herri modura onartu ezin dugun egoera bat dela iruditzen zait. Horregatik, denbora daramagu enpresarekin bonu sistema bat adostu nahian, erabilera gehiago optimizatzeko. Aukera ezberdinak ditugu eskuartean eta aurki gauzatu ahal izango dugulakoan nago. Enpresa ere prest dago, eta herriari ere zerbitzua eman nahi diola azaldu digu», adierazi du alkateak.
Gaur egun hiru bonu mota dituzte aparkalekuek: 24 ordukoak (115 €), egunekoak (08:00-20:00, 85 €) eta gauekoak (20:00-08:00, 60 €). Bonu horiek eskuragarriago jartzea da asmoa.
Herriko saltoki txikietan gutxieneko erosketa bat egiten dutenentzat bonuak emateko aukera bat ere jarri dugu mahai gainean, baina, momentuz, ez da gauzatzeko moduan ikusten. Hala eta guztiz ere, saiakera egiten jarraituko da.
TAOko agenteen laguntza, arau-hausteekin
Aparkalekuen eta hiri-eremuaren erabilera egokiarekin eta segurtasunarekin du lotura azken neurri honek. Herriko zenbait eremutan modu konstantean errepikatzen diren arau-hausteak hauteman dira: espaloi batzuetan aparkatzea, oinezko pasabide edo zebrabideen aurrean, baimendutako guneetatik kanpoko zamalanak... Kasuetako batzuetan, ikusgarritasuna edo irisgarritasuna gutxitzen da, oinezko edo gainerako gidarien segurtasunaren kaltetan.
Udaltzaingoak ez du nahikoa baliabide etengabe horiek guztiak kontrolpean izateko. Hala eta guztiz ere, auzo batzuetan, kontrol handiagoaren eskaera egin dute. Hori dela eta, TAOko kontratu berria sinatzean, aldaketa bat aplikatu da: aurrerantzean, TAOko agenteek Udaltzaingoari laguntza emango diote, aparkalekuen inguruko gainerako arau-hausteak ere kontrolatzeko. Elkarlanean arituko dira, eta horrek aukera emango du Udaltzaingoa beste eremu batzuetara gehiago iritsi ahal izatea. Abenduan hasiko dira eginkizun horrekin TAOko agenteak.