2025/11/27 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
Interbentzio arinak eginda, agintaldi hasieratik hona 100 aparkaleku plaza inguru sortu dira, eta beste 60 sortzeko lanak egingo dira.
Epe motzean, lan gehiago aurreikusten dira, eskaintza arautu edo indartzeko, Araba etorbidean, Igaralde kalean eta San Blas auzorako igoeran.
Tolosak azalera mugatua du, eta ez dira asko eraiki gabeko lursailak. Honek asko murrizten ditu aparkaleku berriak sortzeko aukerak. Hori dela eta, espazioa gehiago optimizatzea eta irterbentzio arinak eginez aparkalekuen eskaintza indartzea da Udalaren helburuetako bat.
Helburu horrekin, epe motzean lan gehiago aurreikusten dira, horietako batzuk, hastear den asfaltatze planaren barruan —epe motzean hasiko dira lanean—. Hauek dira lan horien bidez sortuko diren aparkaleku plazak, aurreikuspenen arabera:
-
Araba etorbidea: etxebizitzen eta trenbidearen artean bi erreieko errepidea dago, eta erdian erdibitzaile bat du. Erdibitzaile hori kendu egingo da, eta horri esker, erraietako bat, baterian aparkatzeko erabiliko da. Horretarako espazioa berrantolatuko da. Horri esker, gutxi gora behera 20 plaza berri sortu ahal izango dira.

-
Igeralde kalea: Helduen eskolaren alboan, autobidearen zubiaren azpian aparkatzen dute ibilgailu askok, espaloiaren gainean. Asfaltatze planarekin, espaloi eta errepide horiek berrantolatuko dira, aparkaleku horiek modu erregularrean jartzeko, espaloira igo behar izan ez dezaten.

-
San Blas: Iparragirre auzotik San Blasera daraman errepidea zabala da, eta alboetako batean pintaketa lanak eginda, aukera ematen du aparkaleku gehiago sortzeko. Aurreikuspenen arabera, 40 plaza inguru sor litezke.

Autobus geltokia, Santa Klarara
Epe ertainera beste aldaketa garrantzitsu bat egin asmo du Udalak: Rondilla kaleko autobus geltokia Santa Klarara lekualdatu nahi da. Autobusak erdigune osoa igaro behar izatea ekidin nahi da aldaketa horrekin, bereziki Rondilla kalean gertatzen diren arazoak gutxitzeko. Izango dira salbuespenak, hala ere, Hiribusarena esaterako. Kasu horretan bai, ohiko ibilbideari eutsiko lioke.
Aldaketa ez da behin betiko izaeraz egingo. Hasieran, interbentzio arina egingo da, pintaketa lanen bidez, eta plataforma bat jarriz. Bi arrazoiengatik erabaki da horrela egitea: behin betiko izaeraz egin aurretik aldaketa ebaluatu nahi delako, eta Zumarditxikia autoz husten den unetik eremu osoa aprobetxatu litekeelako. Hau eginda, aurreikuspena da zain egoteko espazio itxi bat jartzea.
Udaltzainburuzagitza eta Hirigintza sailak martxan dira proiektu honekin duela hilabete batzuetatik. Bost proposamen daude mahai gainean une honetan. Guztiak aztertzen ari dira orain, egokiena aukeratu eta lanak egikaritzen hasi ahal izateko.
Era berean, aldaketa honek Rondilla kalean trafikoa arintzea ekar lezakeenez, kale honetan dauden aparkalekuei aprobetxamendu handiagoa egiteko aukera izan daiteke. Udala aukera ezberdinak aztertzen ari da horretarako.

Eginda dauden lanak
Agintaldiaren hasieratik, espazioen optimizazioa lortzeko bidean beste zenbait aldaketa eta interbentzio egin dira jada, lanketa honen barruan kokatuta. Horiekin, 100 aparkaleku inguru gehiago sortu dira herrian, tokian tokiko errealitateak ematen zituen aukeren arabera.
-
Iparragirre auzoa: Garmendiola aldaparen bukaeratik Iparragirre auzorako bidean 20 aparkaleku plaza gehiago sortu ziren 2024. urtearen hasieran.
-
Izaskungo aldapa: Norabide bakarreko errepide bihurtu eta oinezko bidea egitearekin batera, aparkalekuak egin dira, Alde Zaharreko bizilagunentzat, nahiz libreak, ordaindu gabe erabiltzekoak. Aurrerago lan gehiago aurreikusten dira, batik bat autobideko zubiaren azpiko eremuan, eremua gehiago txukuntzeko eta aparkaleku horien egoera erregularizatzeko. Dena dela, momentuz, 40 plaza inguru berri sortu dira.
-
San Joan kalea: Norabide aldaketa egin zen, eta 18 plaza gehiago sortu dira. Dena den, aldaketa ebaluatu da, eta Udalak aurreratu du berriro ere jatorrizko norabidera itzuliko dela kale hau, aparkalekuak mantenduta. Aurrerago emango da horren berri.
-
Larramendi kalea: Erabiltzen ez ziren espazio batzuk aprobetxatuta, 10 aparkaleku inguru sortu ziren udan, horietako gehienak Larramendi kalean, beste batzuk Uzturre kaleko bidegurutzean.
-
Santa Lutzia: Uzturpe frontoira doan bidean pintaketa lanak egin, eta pilotalekuaren atzeko eremua berrantolatu zen udan. Aldaketarekin, 20 plaza gehiago sortu ziren.
Urbanizazio berriek ere handitu dute aparkalekuen eskaintza. Iurramendi kalean erabilgarri daude irailetik aparkaleku gehienak, nahiz eta gehiago ere erabilgarri jarriko diren aurki.
Informazio gehiago