Aparkalekuak (III). Epe luzeko neurriak: aparkaleku berriak eraikitzeko inbertsioak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/12/03 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • 15 kokaleku aztertu ditu Udalak, aparkaleku berriak eraikitzeko 22 aukera ezberdin eta horien bideragarritasuna aztertzeko. 

  • Santa Klara atzean, Geltoki plazaren azpian eta San Estebanen, ferialekuaren alboan altuerako aparkalekua egitea lehenetsiko dira.
     

Tolosan aparkaleku berriak sortzeko egon daitezkeen aukerak ere aztertu ditu Udalak. Horiek, ordea, epe luzeko ikuspegia eskatzen dute, inbertsio handiak ez ezik, lan administratiboak —lursailen desjabetze edo erosketak, HAPOari dagozkionak...— eta proiektuen erredakzioari lotutakoak —izapide urbanistikoak, aurreproiektua, proiektua bera...— mardulak baitira.

Hain zuzen, aukeretako horietako bakoitzaren eskakizunak aztertu dira, lehentasunak non jarri erabakitzerako orduan datuak eskuartean izateko. 15 kokaleku posible aztertu dira, eta horietan guztira 22 proposamen edo aukera ezberdin: zazpi aparkaleku disuasorio modura, eta zortzi erdigunetik gertu. Kasuetako bakoitzean, aztertu dira, besteak beste, egin beharreko izapide administratiboak, erabilera eta irisgarritasun-mailak eta bideragarritasun ekonomikoa.

 

Hiru lehentasun

Azterketaren ondorioak eskuartean izanda, eta etorkizuneko garapenak eta erabilera aukerak kontuan izanda, hiru lehentasun markatu ditu Udalak, lan horiek egiteko:

  • Santa Klara: Komentuaren atzean dagoen lursail batean eraikitzea aztertu da, baratze eta lorategiak apenas ukitu behar izan gabe. Alde Zaharretik gertuen dagoen aukera da. Bideragarrienen artean dago, gainera. 80 plazatik gora sortzeko aukera ematen du, ia Zumarditxikiak adina. Traba nagusi bat du: lursaila komentuko mojen jabetzakoa da eta, Udalak saiakerak egin arren, momentuz ez dute ez komentua bera, ezta lursail hori saltzeko asmorik. «Beraiekin egon gara behin baina gehiagotan, bai Tolosan, baita Gasteizen ere. Egotekoak gara berriro ere, baina osasun-arazo batzuk tarteko, atzeratu behar izan dugu. Saiakerak egiten jarraituko dugu, eta aukera suertatzen den unean, suertatzen bada, horri emango litzaioke erabateko lehentasuna. Hala ere, argi utzi nahi nuke Santa Klara komentuaren ondarea errespetatzea ezinbesteko baldintza dela guretzat», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak.

  • Geltoki plaza: Plaza berrurbanizatzeko beharra dago, hondatua baitago. Lan hori egin behar dela aprobetxatuz, lurrazpiko aparkaleku bat eraikitzeko aukera aztertu da. Aurreikusi da autoentzako sestra azpiko ia 150 plazako aparkaleku bat. Inbertsio oso handia da, bost milioi ingurukoa. Udala jada hasia da aurreproiektua lantzen, eta datorren urteko aurrekontuan ere jasoa dago partida bat proiekturako. «Aparkalekua egin ala ez, plaza horrek jarduketa bat berdin behar du. Aparkalekua egitea hobetsi dugu, inbertsio oso altua izan arren, erdigunean bertan eraikitzeko azken aukeretako bat izan daitekeelako», azaldu du alkateak.

  • San Esteban: HAPOaren aldaketan aurreikusten da —Aurrerakinaren fasean dago, eta aurki onartuko dira behin betikoz Helburu eta Irizpideak—. Dokumentu horretan jasoa dagoen bezala, planteatzen da solairukako aparkaleku bat eraikitzea, moduluak jarrita. Bada argitu beharreko kontu bat: Trenbideen araudiak dio gutxienez 20 metroko zorgunea bermatu beharra dagoela eraikitzerakoan. Ferialekuak ez du hori betetzen, hortaz, ADIF-ekin ikusi beharko da ea ferialekuaren lerrokadurak mantentzeko aukera izango ote den ala ez. Hori dela eta, lerrokadura bat ala beste jarrita aukera bat baino gehiago daude eskuartean. Dena dela, aurreikuspenen arabera, 300 aparkaleku plaza sor litezke gutxi gora behera. Aurrelanketan da jada Hirigintza Saila, eta ADIFekin zalantzak argitu ostean aukera gehien ematen dituen soluzioarekin egingo da aurrera.

 

Beste aukera batzuk

Lehentasun gisa hiru horiek finkatu arren, kokaleku gehiago ere aztertu dira. Horietako batzuk, Araba Etorbidearen atzeko eremuaren eta Uzturpe pilotalekuaren atzeko aparkalekuaren berrantolaketak kasu, egitear edo eginda daude, azterketak erakutsitakoan oinarrituta.

Beste kokaleku batzuen kasuan, aukerak alboratu edo geroratu egin dira: «Zenbait kasutan ikusi dugu inbertsio handiegia egin behar zela aparkaleku plaza gutxi batzuk sortzeko, aukera horren bideragarritasuna zalantzan jartzeraino. Beste kasu batzuetan, berriz, etorkizunerako aukera hori zabalik geratuko da. Inbertsio eta lan guztiak ezin dira batera egin. Guk erabilera eta zerbitzu ikuspegitik nabarmenenak lehenetsi ditugu, baina azterketa honen emaitza hor egongo da, etorkizun batean sakontzen jarraitu nahiko balitz», azaldu du Ander Figuerido Hirigintzako zinegotziak. Hauek dira aztertutako beste kokalekuak:

  • [E] Arramele-Antzinako Errukietxea: Bi aukera landu dira. Batetik, behin behinean, Arrameleko ermitaren atzean dagoen fabrika eraitsi, eta orube horretan aparkalekua egitea. Lurren jabetza duen enpresarekin hitz egin zen, eta hitzarmen eredu bat ere landu zen elkarlanean. Bada, azkenean aukera hori alboratu zen, irisgarritasun zaila baitu, eta lanen kostuak altuegiak zirelako behin behineko aparkaleku baterako —arrapala, euste-horma, urbanizazioa, argiteria...—. Etorkizunerako bada bigarren aukera bat: HAPOak etxebizitzen garapena aurreikusten du bertan. Garapen hori egitean, sestra azpiko aparkalekuei pisu bat gehiago eransteko aukera legoke, Arramele plazaraino luzatuz. Garapenari lotutako inbertsioa izan beharko litzateke.

  • [E] Villa Izaskun: Jon Andoni Irazusta pasealekuaren (biala) eta Izaskungo aldaparen artean aukera ezberdinak aztertu ziren, baina, eremuak duen malda tarteko, ez zen aukera bideragarririk ikus. Aukera bakarrenetakoa Villa Izaskun etxearen atzeko orubean —Trinkete plaza eta Ibaiondo kalearen goikaldean— 45 plaza ingurko aparkaleku bat eraikitzea litzateke, Izaskungo aldapatik sarbidea edo irteera izango lukeena, autobidearen zubiaren albotik. Irisgarritasuna ez da ona, eta hori errazteko lan osagarri asko beharko lirateke, baita desjabetzeak ere. Aukera alboratu egin da.

  • [E] Izaskungo aldapa: Igarondo eta Izaskungo aldaparen hasieran lokal ugari daude, eta HAPOak eremu horren garapena jasotzen du. Lurrazpiko aparkaleku bat egin daiteke, baina izapide aldetik konplikatua dela ikusi da: 3 soto bideratu beharko lirateke aparkalekurako, eta lehenean sestra gaineko lokal berriek behar dituzten plazak sartuko lirateke. Gainontzekoak publikoak lirateke. HAPOak, ordea, bi soto jasotzen ditu, eta desjabetzeez gain, aldaketa egin beharko litzateke.

  • [D] Zubizarreta: Gaur gaurkoz Hirigintza Planeamenduan etxebizitzak aurreikusten dira bertan, baina behin behineko aparkaleku gisa erabiltzeko aukera aztertzeaz gain, erabilera aldaketa bat ere landu daiteke, beti ere planeamendu aldaketa bat gauzatuz, beraz, momentuz, ez da bideragarri ikusten.

  • [D] Santa Lutzia: Aukera ezberdinak planteatu dira eremu honetan: Aparkaleku nagusia bateratu, luzatu edo/eta solairukako eraikina egitea; Aransgi inguruan berria eraikitzea; edo autobideko zubiaren alboan, Izaskunera doan bidegurutzearen alboan dagoen orubean eraikitzea. Aukeraren arabera 30 eta 60 aparkaleku plaza berri artean sortu litezke. Etorkizunera begirako aukera batzuk izan daitezke.

  • [D] Amarotz papertegia: 20.1 ‘Amarotz papertegia’ azpiesparruaren garapenaren bigarren fasean aurreikusten den lana da, kasu honetan, urbanizazioa bera garatuko duen VISESA sozietate publikoak bere gain hartuko duena. Gaur egun 10 auto-plaza dauden eremua, 50 plazara arte zabaltzea aurreikusten da. Ingurua, Araxes ibaiaren erribera barne, bere horretan uzten da.

  • [D] Olarrain: dagoeneko aparkaleku gisa erabiltzen den eremua da, eta erabilera optimizatu zein segurtasuna hobetzeko asmoz, jabeekin hitzarmen bat lantzen ari gara, bertako kudeaketaren ardura eta eskubideak Udalak bere gain hartzeko. Hala ere, hau ere behin behineko irtenbide bat litzateke, HAPOak hirigintza garapen bat aurreikusten duelako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA