Kontzientziazioa bultzatzea helburu duen egitaraua prestatu dute udalak eta herriko eragileek azaroaren 25aren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/20 | Berdintasuna
  • Ostiraletik astelehenera bitartean iraungo dute Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren baitan antolatu diren ekintzek

  • Bi berrikuntza izango ditu aurtengo egitarauak: “Hankaz gora margotu dezagun mundua” jaialdia eta “Pelusa” egitasmoa, hain zuzen ere

 

Gizarte berdinzaleagoa eta parekideagoa eraikitzeko helburuarekin osatu dute aurten azaroaren 25eko ekintzen egitaraua Tolosako Udalak eta herriko hainbat eragilek. Ostiraletik astelehenera bitartean egingo dira ekintzak, aurten bi egitasmo berrirekin: “Hankaz gora margotu dezagun mundua” jaialdia eta “Pelusa” proiektua. Tolosako Udalak, Orixe, Laskorain eta Herrikide ikastetxeetako ikasleek, Mila Garcia de Iturrospek, Divina elkarteko ordezkariek, Tolosako Emakume Elkarteko eta talde feministako kideek, eta Kimera eta Katapulta taldeetakoek parte hartu dute aurtengo egitarauaren aurkezpenean.

Tolosako Udalak berdintasunaren alde aritzeko duen konpromisoa sendotzeko, “berdintasunaren aldeko urratsak egitea eta genero ikuspegia zeharkakotasunez udalaren barne-kulturan txertatzen jarraitzea lehentasunezkoa” dela azpimarratu du Olatz Peon Ormazabal alkateak. Bide horretan, eragile eta emakume talde guztiekin “indarrak batuta lan egitea funtsezkoa” dela gehitu du, “gizartean eragiteko, gizartea aldatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko”.

Mugimendu feministek gero eta indar eta presentzia handiagoa dute emakumeen kontrako indarkeria salatzeko eta bisibilizatzeko, eta “herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ezinbestekoa da bidegabekeria egoerak gainditu ahal izateko, eta baita berdintasun eta parekidetasunaren aldeko pauso errealak emateko”.

Hala, lan hori elkarlanean egiteko beharra ere azpimarratu du Peonek, eta azaroaren 25aren inguruan antolatutako egitaraua hainbat eragile eta talderen lanaren emaitza dela nabarmendu du, “Berdintasun eta Gazteria sailarekin elkarlanean garatu dena”.

Bi berrikuntza nagusi

Aurtengorako antolatu den egitaraua “berezia” izango da, hainbat berrikuntza izango baititu. Batetik, orain arteko “Hi haiz hi” jaialdia eraberrituta iritsiko da, “Hankaz gora margotu dezagun mundua” izenpean. Kultur etxean egingo da aurten jaialdia, azaroaren 22an. Oihana Iguaranek “Emakume eta bertsolari izatea oholtza gainean” hitzaldia eskainiko du, eta ondoren Dj tailerra, serigrafiak eta txapak egin ahal izango dituzte. Ekiñe Casado eta DJ Miau taldeen emanaldiarekin amaituko da jaialdia.

Azaroaren 25eko programazioaren baitan kokatzen da baita “Pelusa” kontzientziazio kanpaina ere, emakumeen sexualitatea lantzea helburu duena. Kimera taldeko ordezkariek azaldu dutenez, “emakumeen sexualitatea eta orgasmoa gizarteratu eta agerian jartzeko komunikazio kanpaina bat” da Pelusa. “Emakumeen sexualitatea eta plazerra tabu bat izan da urte luzez, eta horren inguruko elkarrizketa eta debateak sortu nahi ditugu, emakumeei lasai eta askatasunez hitz egiteko espazioa emanez”. Horretarako lehen egitekoa normalizazioa eta hausnarketa eragitea da, “gero ekintzetara itzuli ahal izateko”.

Bi jarduera egingo dituzte Pelusa egitasmoaren barruan. “Lehen dinamika esperimentu sozial bat izango da. “Sei maniki jarriko ditugu Tolosako Triangelu plazan, eta bakoitzak galdera bat izango du, hurbiltzen diren emakumeek bertan idatzi edo pintatu ahal izateko”. Bigarren ekintza liburutegiko Bidaiarien Txokoan egingo da: “Gipuzkoako emakume artista gazteen artelan ezberdinak ikusgai egongo dira eta lan bakoitzak emakumeen sexualitateaz duen pertzepzioa islatuko du”.

Erakusketa honekin batera, Jaime De los Rios artistaren “Dirdizari” instalazioa ere ikusi ahalko da, Katapulta plataformak antolatuta. Elkarteko Álvaro Turrión-ek azaldu duenez, “haizearen erritmora mugitzen diren 400 ispiluz osatutako sistema aktibo bat da, Tolosako elementuak, zerua eta eguzkia harrapatzen dituena”.

Flashmob-a larunbatean

“Pelusa” zein Jaime De los Rios artistaren lanak larunbatean izango dira. Batukada feminista ere egingo da, eta azken urteetan egin den moduan, aurten ere egingo da emakumeen aurkako indarkeria salatzeko flashmob-a.

Modus Operandi taldearen “Ezetz da ezetz” abestia oinarri hartuta, Mila Garcia de Iturrospek eta Usabal kiroldegiko ikasleek egin dute koreografia. Flashmob-ean parte hartu behar dutenei kamiseta morea edo zuria jantzita agertzeko deia egin zaie.

Larunbatean egingo da baita ere Asociación Divina de Mujeres Nigerianas eta Tolosaldeko emakumeen elkarteek eta talde feministek antolatu duten Indarkeriaren aurrean, saretze feminista! egitasmoa.

Elkarretaratzea astelehenean

Astelehenean egingo da emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzea, 11:30ean, Plaza Zaharrean, “Indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde” lelopean. Talde feministek antolatuta emakumeen giza katea ere egingo da 19:00etan.

 

Egitaraua:

Azaroaren 22an:
Orixe, Laskorain eta Herrikide batxilergoko 1. mailako ikasleek antolatuta: Hankazgora margotu dezagun
mundua. Kultur Etxean
    17:00 Emakume eta bertsolari izatea oholtza gainean. Oihana Iguaran
    19:00 Dj tailerra, serigrafia eta txapak
    20:30 Ekiñe Casado eta Dj Miau* + pintxoak
18:00 Conversatorio: Vidas que transitan fronteras: diálogo sobre violencia y trata con fines de explotación sexual, en el paso por la frontera sur. Formadora: Bea de Lucas Larrea (CEAR-Euskadi). Castellano. Inscripción previa. Kultur Etxeko aretoan.

Azaroaren 23an:
12:00 Flashmob-a. Modus Operandi taldearen "Ezetz da ezetz"
kanta dantzatuko da. Mila Garcia de Iturrospek egindako koreografia
Usabal Kiroldegiko ikasleen laguntzarekin.Trianguloan
12:30 Batukada Feminista. Trianguloan
Pelusa egitasmoa, Kimera eta Maknad elkarteek antolatuta:
    11:00-13:00 Erosotasunetik erotikotasunera. Manikiekin egingo den esperimentu soziala.
    Trianguloan
    17:00-20:00 Nola bizi da sexualitatea artean?. Emakume gazte euskaldunen artelanen
    erakusketa eta Jaime de los Rios artistaren DIRDIZARI instalazioa. Euskal Pizkundea plazan
    18:00-19:00 Gorputza plazeraren iturri. Maite Higuero sexologoa, Berexiart eta Elene
    Tamayo artistekin mahai-ingurua. Euskal Pizkundea plazan.
Asociación Divina de Mujeres Nigerianas eta Tolosaldeko emakumeen elkarteek eta talde feministek antolatuta:
    Indarkeriaren aurrean, saretze feminista! Tolosaldean salda badago!.
    15:30-18:00 Nigeriako eta Euskal Herriko janariak. Trianguloan
    19:00-23:00 Indarkeria matxistaren aurkako antzezlana.Trianguloan

Azaroaren 24an:
20:30 Zine-emanaldia: Retrato de una mujer en llamas. Leidorren

Azaroaren 25ean:
11:30 Kontzentrazioa, Indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde lelopean. Plaza Zaharrean
Tolosaldeko Asanblada Feministak antolatuta:
    19:00 Emakumeen giza-katea Triangulotik Ibarrako biribilguneraino. Indarkeriaren aurrean saretze feminista lelopean.
    19:35 Testu irakurketa. Trianguloan 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA