Tolosako Jabetze Eskolak 15 jarduera antolatu ditu udazkenerako

Tolosako Udala
2021/09/06 | Berdintasuna
  • Aurtengo zikloa irailaren 28tik abenduaren 15era bitarte izango da, eta irailaren 6tik aurrera eman daiteke izena tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean.

  • Tailerrak, ikastaroak, emanaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte eta guztiak aurrez aurrekoak izango dira.

 

 

Tolosako Jabetze Eskolak 15 jarduera antolatu ditu irailaren 28tik abenduaren 15era bitartean gauzatzeko. Ikastaroak, tailerrak, emanaldiak eta hitzaldiak izango dira eta gaurtik aurrera, irailak 6, eman daiteke izena tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean.

Jabetze Eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko gunea da, gizarte justu eta anitzagoa lortzeko helburuarekin aritzen dena. Hori horrela, egitarau anitza prestatu dute datozen hilabeteetarako, arlo eta dinamika ezberdinak berdintasunaren ikuspegitik lantzeko: argazkigintza, autoestimua, emakumeen arteko aliantzak, ikuskizun eta tailer musikalak, liburu eta ipuin irakurketak, adinkeriaren inguruan hausnartzeko saioak, autodefentsa feministari buruzko ikastaroak, emakume migratuen esperientziak, emozioen kudeaketa eta maitasun osasuntsuaren inguruko lanketak…

Jarduera guzti horietan gai, ikuspegi, liburu, ikasketa, esperientzia, tresna, erritmo, gogoeta eta erronka berriak landuko dira, bizitza pertsonalean eta kolektiboan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko.

Jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira, beti ere beharrezko edukierak eta osasun eta segurtasun neurriak bermatuz. Egungo egoera aldatuko balitz, saio batzuk online egiteko aukera legoke. Honakoak antolatu dituzten ekintzak:

  • Ez dio axola zure mailak, ekarri argazki kamera! Ura Iturralde Larrañaga. Irailak 28. 8 saio.

  • Autoestimua, ahalduntzea eta emakumeen arteko aliantzak. Pepa Bojo Ballester. Irailak 29. 8 saio.

  • Batukada feminista. Ainara Sarasketa Alberdi. Urriak 5. 6 saio.

  • Xilografia tailerra: sormena eta aldarrikapenak. Oihana Ugarte Iriarte. Urriak 5. 6 saio.

  • Munduko emakumeen literatura. Mertxe Tranche Iparraguirre. Urriak 6. 3 saio.

  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista. Kattalin Miner Perez. Urriak 14. 3 saio.

  • Adinkeriak ez diezagula ametsik ezabatu! Kontxi Lopez Soria. Urriak 21. 4 saio.

  • Autodefentsa feminista: jaietan eta gure bizitzetan. Maitena Monroy Romero. Urriak 22, 23. 2 saio.

  • Emakume margolariak itzalean: piztu ditzagun argiak! Leire Markinez Calvo. Azaroak 8 / 4 saio.

  • “Palabras dislocadas”: errezitaldi musikatua. Susanna Minguell Alonso. Azaroak 18. Saio bat.

Aurtengo zikloan ere leku berezia izango du “Guretzako” guneak. Jatorri ezberdinetako emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da “Guretzako” gunea, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. Bost ekintza egingo dira espazio honetan:

  • “Babesleak” ipuin ilustratuaren aurkezpena. Lolita Chávez eta Lorea Undagoitia. Urriak 1. Saio bat.

  • Rap-tailerra jabekuntza feminista lantzeko. Nerea Lorón LA FURIA. Urriak 26. 5 saio.

  • Xaboi naturalak egiten ikasteko tailerra. Bidatz Sasiain. Urriak 30. Saio bat.

  • Migratzen dugunean atzean uzten duguna. Norma Vazquez Garcia. Azaroak 13. Saio bat.

  • Erromantikoa ere politikoa da: maitasunagatik jada sufritzen ez duten emakumeak. Coral Herrera. Abenduak 4. Saio bat.

Izen-ematea zabalik

Jardueretan parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez izena ematea, eta, gaur, irailak 6, zabaltzen da izena emateko epea. Online eman behar da izena, tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean. Dena den, saioei buruzko zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako 943 67 03 83 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezu bat idatzi daiteke.

Izena eman ondoren, Kultur Etxean ordaindu ahal izango da matrikula, kreditu-txartelaren bidez, ondorengo ordutegian: irailak 6tik 10era, soilik goizez 10:00etatik 13:00etara, eta irailaren 13tik aurrera, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara.

Eskuratu egitarauaren eskuorria hemen.