-
Zazpi kokalekuri izena jarri nahi zaie egitasmo honen bidez, eta martxoaren 8tik 30era proposamenak bidali ahal izango dituzte herritarrek.
-
Martxoaren 8an aitzakian, beste zazpi hitzordu izango dira.

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, zortzi hitzorduko egitaraua osatu dute Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Asanblada Feministak, elkarlanean.
‘Hamar marra’ liburuaren aurkezpenak abiatuko du egitaraua martxoaren 3an, asteartean. 18:00etan izango da Andragoran. Hiru ikus-entzunezkoren proiekzioak izango dira, hilaren 6, 23 eta 25ean; lehena Altzoko Batzarremuño kulturgunean, eta gainerako biak Andragoran. Martxoaren 6an ere Olatz Salvadorrek kontzertua emango du Leidor aretoan.
Martxoaren 8an, igandea, manifestazioa egingo da, ‘Beste mundu bat feminismotik. Frente a los sistemas de dominación: lucha y organización’ lelopean. 19:00etan abiatuko da Trianguloa plazatik. Hilaren 16an, berriz, Ama Sarearen saio berezia izango da Andragoran, amatasuna eta sexualitatea hizpide hartuta.
Kale izendegia genero ikuspegiarekin berritzeko proposamenen bila
Aurtengo berrikuntza nagusia Tolosako kale izendegia eguneratzeko proposamen bilketarena da. Kaleetako plaketan agertzen diren izen propio gehienak gizonenak dira oraindik, eta gure herrietako bizitza kultural, sozial, zientifiko edo politikoan ekarpen handiak egin dituzten emakumeak eta haiek betetako lanek ikusezin izaten jarraitzen dute.
Tolosak leku gutxi ditu emakumeei lotutako izenekin: Emakumeon plaza, Maria Luisa Agirre doktorearen plaza, Izaskun auzoa... Gizonezkoen izen-abizenekin, berriz, askoz ere gehiago daude. Persona zehatz baten izenak dituzten kaleen kasuan, esaterako, agerikoa da desoreka: hamabost gizon eta emakume bat.
Kaleei, plazei edo zubiei emakumeen izenak, emakumeek betetako lan eta lanbideen izenak, emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapen egunen izenak... jartzea erreferenteak aitortzeko eta historia osoago bat kontatzeko modu bat da. Horregatik, oroituak izatea merezi duten horien izenak proposatzeko dei egin du Udalak: arrastoa utzi zuten herritarrak, pertsonaia historikoak, artistak, zientzialariak, kirolariak, ekintzaileak edo emakume-taldeak...
Martxoaren 8tik 30era arte herritarrek proposamenak bidaltzeko aukera izango dute Erabaki plataformaren bidez. Proposamena egitearen arrazoia ere jarri ahal izango dute herritarrek. Proposamen guztiak jaso ondoren, Euskara Sailak eta Berdintasun Sailak zerrenda aztertuko dute, hala nola, izenaren zuzentasun gramatikala eta ortografikoa, izen-abizenen erabilera egokia (forma okerrak edo justifikaziorik gabeko aldaerak saihestuz) edo azken zerrendan profil aniztasuna (jatorri soziala, belaunaldiak, landa-eremua, kultura-arlo desberdinak…) sustatzen dela bermatzeko.
Zerrenda hori Berdintasun Kontseilu batera eramango da eta bertan bozkatuko dira proposamenak. Berdintasun Kontseilua emakumeen parte-hartzea bultzatzeko eta berdintasunaren arloko erabakiak hartzeko prozesuan eragiteko beharrezkoak diren mekanismoak eta bideak ezartzen dituen partaidetza-organoa da. Tolosan emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakunde, talde, kolektibo zein emakume indibidualek parte hartu dezakete Berdintasun Kontseiluaren edozein bileretan.
Gaur gaurkoz izenik ez duten zazpi kokalekuri eman nahi zaie izena prozesu honen bitartez:
-
Belate eta Arramele auzoen arteko zubi berria.
-
SAM zubia gisa ezagutzen dena —hori, ordea, goitizena da; ez du izen ofizialik—.
-
Zubiberritik Berazubi auzora doan ibai ertzeko pasealekua.
-
Usabalen, kiroldegirako sarrera-irteera egiteko zubia.
-
Zumardiandiko oinezkoen zubia, autobideko zubibidearen azpian dagoena.
-
Larramendi kaleko plaza nagusiaren izena.
-
Alde Zaharreko bi pasadizo:
-
Plaza berria eta Rondilla kalea lotzen dituena.
-
Rondilla kalea eta Aroztegieta kalea lotzen dituena.
.jpg)