Errenta-aitorpena euskaraz egiteko deia zabaldu du Tolosako Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/10 | Euskara eta Hezkuntza
  • Gipuzkoako Ogasunak apirilaren 7an hasiko du errenta-aitorpena egiteko prozedura, eta euskaraz aritzeko deia egin dute Tolosako Udalak, UEMAk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

  • Gero eta tolosar gehiagok egiten dute aitorpena euskaraz: iaz, %29k.

 

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanetan euskararen erabilera areagotzeko helburua du Tolosako Udalaren Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoak. Hain justu, errenta-aitorpena egiteko garaia iritsi den honetan, aurten ere deia egin nahi die tolosarrei, aitorpena euskaraz egitera anima daitezen. Dei hori egin dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, Ogasunarekin euskaraz leloarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunetan zabalduko du errenta-aitorpena egiteko prozedura. Apirilaren 7an hasi da proposamenak onartzeko epea, baita aitorpena Internet bidez aurkezteko epea ere; modu mekanizatuan aurkezteko epea, berriz, apirilaren 14an zabalduko dute, asteartean.

Urtez urte areagotzen ari da errenta-aitorpena euskaraz aurkezten dutenen kopurua: joan den urtean, 3.400 tolosarrek baino gehiagok egin zuten hautu hori, aitorpena egin zutenen %29k. Urtez urte ari da ehunekoa handitzen: 2006an %10 izan ziren; 2014an, %22; eta 2025ean, esan bezala, %29.

Nolanahi ere, ikusita zein den euskaldunen ehunekoa, eta administrazioarekiko beste harreman batzuetan zenbatekoa den euskararen erabilera, badago ehuneko hori hazteko tartea. Horixe du helburu ‘Ogasunarekin euskaraz’ kanpainak: beste arlo batzuetan bezala, ogasunarekin ere gero eta gehiago aritzea euskaraz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA