Tolosako kirol talde bateko entrenatzaile baten jazarpen kasuak gaitzetsi ditu udalbatzak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/30 | Berdintasuna
  • Pasa den astean, herriko kirol talde batek entrenatzaile bat baztertu zuen, jazarpen kasu bat baina gehiagoren ondorioz.

  • Tolosako Udalak herriko kirol klubetako zuzendaritzak deituko ditu, halako kasuen aurrean nola jokatu jakiteko; era berean, protokolo bat osatuko da.

 

Kiroldegian gertatutako sexu erasoarena ez da Tolosako Udalak azken astean kudeatu duen kasu bakarra izan. Argitara hori bakarrik eraman bazen ere, aipatutakoarekin zerikusirik ez duen beste gertakari baten harira ere aktibatu zen sexu erasoen aurkako protokoloa.

Udalak pasa den astean jakin zuenez, aste horretan bertan herriko kirol talde batek entrenatzaile bat baztertu zuen, jazarpen kasu bat baina gehiagorekin lotura duelakoan. Kirol jardunaz kanpoko eremuetan gertatu dira jazarpenak, oro har, klubeko nahiz klubaz kanpoko emakumeekin. 

Kasuaren konplexutasuna eta hedadura ikusirik, azken egunotan udala eta kluba harreman estuan izan dira, diskrezio osoz, informazio osatua jaso eta ondorengo urratsak definitzeko. 

«Badira asteak kluba gai hau kudeatzen hasi zela. Kirolari eta gurasoekin ere hitz egin izan du. Kasu bakarra zirudien arren, testigantza gehiagoren berri izan du klubak. Horregatik, beste inork ere laguntzarik beharko balu, udaleko Gizarte Zerbitzuetara edo Andragora Emakumeen Etxera jotzeko aukera du aholkularitza eta laguntza juridiko eta psikologiko eske», azaldu du Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak.

Era berean, gisa honetako jarrerak izan dituzten gizonezkoentzat programa bat eskaintzen dute Gizarte Zerbitzuek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez, jarrera horiek tratatzeko. Kasu horietan, baina, eurek beren borondatez eskatu behar dute laguntza hori udaleko Gizarte Zerbitzuetan.

 

Udalbatzak gisa honetako jarrerak gaitzetsi ditu

Tolosako Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, jarrera hauek gaitzetsi ditu: «Gisa horretako jarrerak onargaitzak dira gizarteko esparru guztietan. Bereziki, botere-harremanak egon daitezkeen kasuetan. Kirol heziketan jarduten duen orok kode etiko bat bete behar du, baita kirol eremutik kanpo ere. Are gehiago adin txikikoen heziketaz ari garenean». 

Gertatutakoa ikusita, Tolosako Udalak herriko kirol klubetako zuzendaritzak deituko ditu bilera batera, halako kasurik suertatuko balitz nola jokatu jakiteko jarraibide batzuk izan ditzaten. Era berean, kasu horietarako protokolo sakonago baten lanketa abiatuko du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA