Tolosako Udalak irmo gaitzetsi nahi du igande goizaldean Iruñean izandako hilketa matxista

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/14 | Berdintasuna

Tolosako Udalak irmo gaitzetsi nahi du igande goizaldean Iruñean izandako hilketa. 37 urteko emakume bat hil zuten, etxetik ihes egiten saiatzen ari zela, 34 urteko gizon batekin eztabaida gogor bat izan ondoren. Aurretik salaketa jarria zuen emakumeak gizonaren aurka, genero-indarkeriagatik, eta gizonak urratu egin zuen ezarria zioten urruntze-agindua. 

Hilketa horrek argi eta garbi adierazten du indarkeria matxista ez dela ekintza isolatu bat, egiturazko arazo bat baizik. Heriotzek emakumeen aurkako indarkeria-arazoaren zati bat baino ez dute erakusten, eta arazo horren jatorria gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasuna da. Indarkeria erabiltzen da, bere forma guztietan, emakumeen aurka, eta emakumeen duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; beraz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da.

Erakundeok eta euskal gizarte osoak badugu erantzukizuna gure udalerrietan berdintasuna lortzeko bidean. Hori horrela, jarraitu egin behar dugu sentsibilizazio-eta prebentzio-ekintzak indartzen, batez ere etorkizuna direnekin: herritar gazteenekin.

Tolosako Udalak, senideei eta hurbilekoei elkartasuna adierazteaz gain, herritarrak animatu nahi ditu gaurko gaitzespen-mobilizazioan parte hartzera. Trianguloa plazan izango da, gaur, asteartea, apirilak 14, 19:00etan, Tolosako Asanblada Feministak deituta. Horregatik, ordu horretarako aurreikusita dagoen sanjoanak antolatzeko lehen bilera irekia 5 minutu geroago hasiko da.

Halaber, Tolosako Udalak jarraitu egingo du herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin batera indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan, urratsak egiteko indarkeria matxistarik gabeko herria izateko bidean. Horregatik, Udalak gogorarazi nahi du Udalaren babes osoa dutela edozein motatako indarkeria matxista jasaten duten emakumeek, eta, besteak beste, Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen Etxean, dituzten baliabide zein zerbitzuak eskainiko dizkiela.

 

Erasorik ez erantzunik gabe. Aski da!

Indarkeria matxistaren aurrean, planto!

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA