Doako itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzua herriko elkarteentzat eta establezimenduentzat

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/26 | Euskara eta Hezkuntza
  • Euskararen erabilera normalizatzea da zerbitzuaren helburua, eta hiru modalitate ditu: euskarazko testuak zuzentzea, testuak gaztelaniatik euskarara itzultzea eta hizkuntzari buruzko kontsultak argitzea.

Tolosako Udalak euskarazko komunikazioa sustatzeko doako zerbitzua eskainiko die herriko elkarteei, ostalariei eta merkataritza-establezimenduei: euskarazko testu laburrak zuzendu, gaztelaniazko testu laburrak euskarara itzuli edo kontsulta zehatzak argitu ahalko dituzte.

Udalak urteak daramatza lan horiek egiten herriko elkarteentzat eta establezimenduentzat, baina orain arte ez da zerbitzu gisa egituratuta egon. Orain, eta euskararen erabileran beste pauso bat emateko helburuz, irizpideak finkatu dira zerbitzu hori emateko, eta publiko egin.

Zein da helburua?
Herriko establezimenduek eta eragileek euskarazko komunikazioa modu egokian egin dezaten laguntzea, eta, hala, euskararen erabilera sustatzea.

Zer eskainiko da?
Hiru eratan eskainiko da laguntza:

  • Euskarazko testuak zuzentzea.
  • Gaztelaniazko testuak euskarara itzultzea.
  • Kontsulta zehatzak argitzea.

Nork eska dezake?
Honako hauek:

  • Tolosako merkataritza-establezimenduek.
  • Tolosako ostalaritza-establezimenduek.
  • Udalerrian erregistratutako edo udalerrian jarduten duten elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

Zer baldintza bete behar dira?
Honako hauek:

  1. Testuak jendaurrean zabaltzekoa izan behar du: errotuluak, kartelak, publizitate-orriak, inprimakiak, menuak… Hortaz, ez dira itzuliko edo zuzenduko jendaurrerako ez diren testuak edo dokumentuak.
  2. Zuzentzeko edo itzultzeko den testuak aipatzen duen jarduera Tolosan garatu behar da.
  3. Zuzentzeko edo itzultzeko den testua euskarri informatikoan bidali behar da, era editagarrian.
  4. Testuek karaktere-kopuru hauek izan ahalko dituzte gehienez: zuzenketetan, 9.000 karaktere; itzulpenetan, 5.000 karaktere.

Nola antolatuko da zerbitzua?
Doakoa izango da, eta udalaren baliabide eta ahalmen teknikoen arabera emango da. Zuzenketetara eta itzulpenetara mugatuko da, eta ez da egingo bestelako edizio-lanik. Udalak ez du bere gain hartuko zuzendutako edo itzulitako testuen ondoriozko erantzukizunik. Eskatzaileak du testuaren ardura.

Nola egin eskaera?
Testua zuzentzeko edo itzultzeko, eskaera egin behar da, mezu elektroniko bat bidalita (euskara@tolosa.eus). Eskaera egitean, informazio hau eman beharko da:

  • Elkartearen edo establezimenduaren izena, eta harremanetarako bideak.
  • Eskatzen den zerbitzu-mota: zuzenketa edo itzulpena.
  • Itzultzeko edo zuzentzeko testua, formatu editagarrian.
  • Kontsulta zehatzak egiteko, aipatutako bideez gain, telefonoa ere erabili ahal izango da, Euskara eta Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarrita: 943 69 74 53.

Ahalik eta eperik laburrenean egingo da eskatutako lana, betiere une horretako lan-karga eta eskatutakoaren bolumena aintzat hartuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA