Adierazpen instituzionala
TOLOSAKO UDALAREN AZAROAREN 25ERAKO ADIERAZPENA, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA
Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta Tolosako Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, baita hauek ukatzen dituzten jarreren aurrean ere.
Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez.
Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, – bai esparru legalean, eta politikoan, bai sozialean-, gaur egungo joera matxista hazten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan eta eremu digitalean, bereziki. Tamalez, sareetan indarra hartzen ari dira mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezuek. Ondorioz, "indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak.
Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena. 2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 123 emakume eta 12 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Urte gogorra izaten ari da, 2024an 5 emakume erail baititu indarkeria matxistak Euskal Herrian.
Hilketak indarkeria matxistaren adierazpen gorena dira, baina ezin dugu ahaztu forma asko hartzen dituela matxismoak. Gure herria ere kolpatu dute horrelako erasoek azken urtean, eremu desberdinetan eta adin-tarte desberdinetan. Hainbat emakume ahotsa altxatzera ausartu dira, eta emakume horiei sinesten ditugula adierazi nahi diegu.
Hori guztia kontuan hartuta, Tolosako Udalean emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraituko dugula berresten dugu. Honakoak dira gure konpromisoak:
- Gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko eta halakoak sortuz: partaidetza-mahaiak, komunikazio bateratuak, hitzaldiak…
- Hezkuntza formal eta ez-formalean, hezitzaileei zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean nola jokatu jakiteko.
- Indarkeria matxistaren aurkako erantzun publikorako, arretarako eta koordinaziorako protokoloak eguneratzea; bai barnekoak eta baita erakundeen artekoak ere.
- Andragoa, Tolosaldeako Emakumeen Etxearen bitartez, biktimekiko arretan sakontzea.
- Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.
Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Berdintasun Sailetik antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak; ‘La Ley del Sólo Sí es Sí’ hitzaldia, azaroaren 26an 18:00etan Andragoran eta Irantzu Varelaren ‘Manólogo’ bakarrizketa abenduaren 18an Topic-ean. Baita Tolosako Asanblada Feministak ‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara’ lelopean, azaroaren 25ean 19:00etarako deitu duen manifestazioan parte hartzeko ere.