Zabalik daude ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxearen ateak, eskualdeko erreferentziazko gune feminista berria

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/02/19 | Berdintasuna
  • Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik eta helburu du emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzea. 
  • Askotariko zerbitzu eta jarduerak eskaini eta antolatuko dira, 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta: topaketak, tailerrak, ikastaroak, jarduera kulturalak… Aholkularitza psikologikoa eta juridikoa ere eskainiko dira. 

 

Tolosako Udalak 2016an abiarazi zuen Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko prozesua, mugimendu feministaren aldarrikapen historikoari erantzun asmoz. Parte hartze bidezko bi prozesuren eta elkarlan handiaren ondoren, zabalik da ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea, emakume guztien topaketarako erreferentziazko gune izango dena. Tolosaldeko 24 udalek finantzatu dute proiektua.

ANDRAGORAren printzipioak

ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzea ditu helburu, eta eraldaketarako gune eta tresna da. Helburuen artean daude, esaterako, mugimendu feminista sendotzea eta askotariko emakumeen arteko sareak eraikitzea. Baina, horrekin batera, eskualdeko emakume guztien indarrak batzeko eta indarkeria matxistaren aurka ikuspegi integrala lantzeko espazioa ere izango da.

Zerbitzu eskaintza zabala eta erabilera anitzeko espazioak

Orotariko jarduerak hartuko ditu ANDRAGORAk, nahiz eta etxetik kanpo edo Tolosaldeko beste udalerrietan ere antolatuko diren ekintzak: topaketak, tailerrak, ikastaroak, jardunaldiak, kirol-jarduerak, ludiko eta kulturalak, kaleko ekintza zuzenak edota egitasmo solidarioak. 

Aholkularitza zerbitzu psikologikoa (banakakoa zein kolektiboa) eta juridikoa ere eskainiko dira. Gainera, bertan kokatuko dira Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren bulegoak.

Erabilera aniztasuna izango da, hortaz, ANDRAGORAren ezaugarri nagusienetako bat. Eta, horretarako, gune ezberdinak izango ditu espazioak. 

Bitan zatituko da: eraikin nagusia Emakumeon Plazan kokatzen da, Rondilla kalera begira. Harrera gunea, berdintasun teknikarien bulegoak, egongela-liburutegia eta 60 lagunentzako edukiera duen areto nagusia kokatuko dira bertan, besteak beste. Atzean, Inpernu kalean, dago beste espazioa, eta bertan erabilera anitzeko gela ugari, eta sukaldea daude. Altzari modularrekin atondu dira bi espazioak, unean uneko beharren arabera egokitu ahal izateko.

Gune irekia, kudeaketa partekatua

16 urtetik gorako emakumeentzako espazio irekia izango da, edonork parte hartu ahal izango baitu, beti ere, feminismoari lotutako gaien inguruko jarduerekin lotura badu erabilera horrek. Etxearen kudeaketa Tolosaldeko Udalen, eskualdeko mugimendu feministaren eta emakumeen taldeen artean partekatzen da.

Jarduera edo bilera bat antolatzeko, ANDRAGORAko dinamizatzailearekin harremanetan jarri beharko da, bertara gerturatuta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita, edo 943 00 89 67 telefonora deituta. 

Jarduera puntualen kasuan, eskaera gutxienez jarduera baino zazpi egun lehenago egin beharko da. Aldiz, jarduerak bi egun baino gehiago hartuko baditu, 15 eguneko gutxieneko epea bete beharko da. 

Espazio hau astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, hasiera batean 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegian. Behin martxa hartuta, eta beharra ikusiko balitz, etorkizunean ordutegia aldatzea ere ez da baztertzen.

Fitxategiak: 
PDF icon ANDRAGORA-DIPTIKOA

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA