Zinegoak laburmetraien zikloa Topicen, LGTBIQ+ Egunaren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/22 | Berdintasuna
  • Guztira 7 laburmetraia eskainiko dira, ekainaren 27an, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Datorren ekainaren 28an, Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en eskubideen Nazioarteko eguna da, aipatu kolektiboaren eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko eguna, alegia.

Horren harira, Tolosako Udalak babestuta, Zinegoak laburmetraia zikloa eskainiko da Topicen, ekainaren 27an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Zinegoak artearen, zinemaren eta kulturaren bitartez sexu-, identitate- eta/edo genero-aniztasunaren inguruan ikusgaitasunerako, aldarrikapenerako, topaketarako eta gogoetarako esparruak sortzen dituen ekimena da.

7 larbumetraia, herritarrak sexu-orientazioaren eta identifikazioaren aniztasunaz sentsibilizatzeko

Zinegoak laburmetraia zikloaren bitartez, helburua da herritarrak aniztasunean sentsibilizatzea, oraindik ere kolektibo honetako pertsonek jasaten dituzten jazarpen, bazterkeria edota indarkeria errotik ezabatzeko.

Hori horrela, 7 laburmetraia desberdin eskainiko dira datorren ekainaren 27an Topicen, guztiak, noski, LGTBIQ+ kolektiboaren egoera, eskubideak edota aldarrikapenak bisibilizatzeko. Laburmetraiak estatu zein nazioarte mailako ekoizleek eginak dira: Brasil, Frantzia, Euskal Herria, Iran…

Hauek dira eskainiko diren laburmetraiak:

  1. Irrits Maider Oleaga – Euskadi / 2022 / 15 minutu: Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
  2. Son Marta Nieto – Espainia / 2022 / 15 minutu: Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakitzen du elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidetik labirinto batean galtzen dira, non beren harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko diren, iraganeko zauriak irekiz, haiek sendatu eta aurkitzen hasteko.
  3. Warsha Dania Bdeir – Libano, Frantzia / 2022 / 15 minutu: Warshak Mohammadi jarraitzen dio, Beiruten garabilari lanetan ari den migratzaile siriarrari. Goiz batean bolondres moduan garabi handi eta arriskutsuenetako batera igotzeko aurkezten du bere burua. Guztien begiradatik urrun, bere ezkutuko grina bizitzeko eta askatasuna aurkitzeko gai da.
  4. Ezohikoak Alejandra Bueno – Euskadi / 2022 / 10 minutu: Euskal Herrian hazkuntza prozesuan Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.
  5. Arnasa Raul Barreras – Euskadi / 2022 / 15 minutu: Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba, baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat egingo dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre egingo diete elkarrekin.
  6. It´s a grey, grey worldSeyed Mosen – Pourmohseni Shakib – Iran / 2022 / 5 minutu: Mundu guztiz gris batean, gazte kontserbadore baten nortasun koloretsua ustekabean, haur baten jolasek agerian jartzen dute. Jendeak, izututa, poliziari deitzen dio gaztea atxilotzeko. Baina gazteak ihes egitea lortzen du, eta biharamunean itzultzen da askatasunerako eskubidea defendatzeko.
  7. Dating internet strangersEduardo Wahrhaftig – Brasil / 2022 / 12 minutu: Dozenaka milioi pertsona ari dira erabiltzen hitzordu aplikazioren bat. Kontakizun honetan, zenbait erabiltzailek hitzordu on eta txarrei buruzko istorioak, eta smartphone-en aroan ligatzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA