‘Gipuzkoan Eginak’ sailaren bosgarren atala Tolosara iritsiko da, hiriko industriaren iragana eta geroa aztergai

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/10/11 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua

Ikus-entzunezkoa urriaren 18an estreinatuko da Topic zentroan; gazte baten eskutik, etengabeko berrikuntza uztartzen duen enpresa-ehun tolosarraren historia eta etorkizuneko desafioak emango ditu ezagutzera

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak Gipuzkoan Eginak ekimenaren bitartez azpimarratu nahi du Gipuzkoako gizarteak belaunaldiz belaunaldi erakutsi duen gaitasuna, baita ezagutzaren alde egin dituen ahaleginak eta apustuak ere. Ekimen hori ikus-entzunezko sail bat da, gaitzat hartzen dituena lurraldeko industriaren iragana, oraina eta geroa aztergai duena. Gipuzkoako gizon-emakumeek funtsezko lana egin izan dute gure ekonomiaren garapenean. Haiek dira lurralde honek duen baliorik garrantzitsuena, eta Foru Aldundiak lan hori aitortu eta sustatu nahi du.

Sail honetako bosgarren atalak Tolosara, papergintzaren hiriburu gisa ezagutu izan dugun hirira, eramango gaitu; Oria ibaiaren ertzean, uraren inguruan garatu den hiri batez ari gara, historian zehar ekonomia aktibitatearen ikuspegitik dinasmimo nabarmena erakutsi duen gune batez. Tolosa betidanik nabarmendu da bertako merkataritza eta manufaktura indarragatik. Tradizio horren eskutik papergintzaren garapen gune oso garrantzitsu bilakatu zen eta, gaur egun, bertako enpresak, berrikuntza eta teknologia aurreratuen aldeko apustuari esker, nazioarteko merkatuetan ahalmen handiz lehiatzen dira hainbat alorretan.

Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak azaldu duenez, gure lurraldeak baditu enpresa asko, adibide gisa, berrikuntzaren eta internazionalizazioaren alde apustu egiten dutenak, krisi globaleko testuinguru batean, eta lortu dutenak beren enpresa-jarduerei norabide berri bat ematea. “Egindako ahaleginagatik, gizon-emakume horiek aitorpen publikoa merezi dute; beraz, orain arte egin izan dugun bezala, haien lana ikusarazi nahi dugu, eta lan horren balioa azpimarratu, Gipuzkoan Eginak sailaren bitartez, hain zuzen ere”, laburbildu du.

Bosgarren atal honetan ibilbide interesgarria egingo dugu hiriaren bilakaera egituratu duten zenbait enpresa historiko eta berritan barrena; baina, etorkizunari ere begiratuko diogu, batez ere, Tolosan enplegua eta ongizatea sortzearen aldeko apustua egiten jarraitzen duten enpresen eskutik. Hori guztia Gipuzkoan Eginak ikus-entzunezko sailaren bosgarren atalean jasotzen da, eta datorren ostegunean, hilaren 18an, arratsaldeko 19:00etan ikusi ahal izango da Topic zentroan. Emanaldiaren ondorengo solasaldian parte hartuko dute, bideoko protagonistez aparte, Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok.

Sarrera libre eta doan izango da, baina aforoa dela eta eskatzen da izena ematea gipuzoaneginak@gipuzkoa.eus helbidearen bidez, dela 943215177 telefono zenbakira deituz.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA