- Hiri Ekonomia Mahaia deituko da eragile ekonomikoekin batera egoeraren eta beharren diagnostiko bateratua egiteko, eta plan bat garatuko da egungo osasun-krisiak gizartean eta ekonomian duen eta izango duen eragina arintzeko.
- Olatz Peon Ormazabal: "Aurrekontua, krisi egoera aurrekoa da eta beraz behar berrietara egokitu behar dugu; lehentasunak aldatu egin dira eta orain garrantzitsuena babes soziala eta garapen ekonomikoa bermatzea da, eta horretara bideratuko ditugu gure baliabide eta ahalegin guztiak"
Tolosako Udala dagoeneko osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko lanean ari da. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak azaldu duenez, orain arte egoerari eustea, gaitzaren hedapena geldiarazteko beharrezko neurriak hartzea eta bereziki, tolosarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea izan dira lehentasunak. "Gure ahalegin eta baliabide guztiak herritarren beharrei erantzutera bideratu ditugu, eta lehen neurri fiskalak ere hartu ditugu, gainerako erakundeekin koordinatuta eta elkarlanean, krisiaren ondorioak arintzeko", gaineratu du.
2020ko aurrekontu-proiektua egokitzen:
"Erabateko normaltasunera itzultzeko denbora beharko da", esan du alkateak, "eta orain funtsezkoa da, herritarren ongizatea bermatzen jarraitzeaz gain, krisiaren eragina gutxitzeko, behar gehien duten sektore eta kolektiboei babesa eta laguntza eskaintzeko plan bat garatzea”. Helburu horrekin, udal gobernua jada hasi da datozen aste eta hilabeteotarako neurri eta proposamenak lantzen.
Argazkia: Ataria
Olatz Peon Ormazabal alkatearen hitzetan, "indarrean dagoen aurrekontua krisi aurrekoa da, eta, beraz, beharrezkoa da dokumentua berrikusi eta egoera berrira egokitzea lehentasunak aldatu egin direlako; egungo testuinguruan inbertsio sozialak eta ekonomikoak nabarmen egingo dute gora eta hortaz, aurreikusitako proiektu guztiak ezingo dira gauzatu”, adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkateak.
Alkateak azaldu duenez, lehenik eta behin udalaren finantza-egoera aztertuko da aurrekontua lehentasun eta behar berrietara egokitzeko, diru-sarrera eta gastuen arteko oreka mantenduz, jakina delako gainera diru-sarrerek behera egingo dutela. "Ogasun, Gizarte Zerbitzu eta Garapen Ekonomikoko sailek funtsezko zeregina izango dute, beraz, une honetan lehentasuna babes sozialak eta garapen ekonomikoak baitute”, nabarmendu du Peonek. Era berean, "behar berriei erantzuna eman diezaieketen proiektuak edota zerbitzuak ere identifikatuko ditugu, Tolosaren biziberritze sozio-ekonomikoa sustatuko duten proiektuak indartzeko".
Hiri Ekonomia Mahaia, diagnostiko bateratua egiteko eta biziberritze sozio-ekonomikorako plana gauzatzeko:
Alkateak iragarri du aste honetan bertan deituko duela Hiri Ekonomiaren Mahaia, udalerriko eragile ekonomikoekin diagnostiko bateratua egiteko. Alkateak gidatuko du mahaia eta udaleko Ogasun saileko eta Herritarren arloko arduradun politiko eta teknikoek parte hartuko dute. Eragileei dagokienez, lan mahai honetan parte hartuko dute: Tolosa&Co merkatarien elkarteak, Jaurlaritzako merkataritza teknikariak, ostalaritza sektoreak, Tolomendik, Tolosaldea Garatzenek, herriko hotel eta nekazal-turismoko ordezkariek eta Topic museoak.
Argazkia: Ataria
Helburua da sektore bakoitzaren errealitatea, zailtasunak eta beharrak ezagutu ondoren plan bat egitea behar gehien duten sektore eta kolektiboei babesa eta laguntza eskaintzeko, krisiaren eragina arintze aldera.
"Badakigu Covid19ak gogor kolpatu dituela merkataritza, ostalaritza, lehen sektorea, zerbitzuen sektorea eta Tolosako enpresa txiki eta ertainak, horregatik, indarrak batuta lan egin behar dugu", adierazi du alkateak.
Diagnostikoa egin eta plana zehaztu ondoren, Udalak hartutako neurrien eta herritarren eskura jarritako laguntzen berri emango du. Alkateak berretsi du gainerako erakundeekin elkarlanean jarraituko duela ezohiko egoera honen aurrean herritarrei erantzun integrala emateko.