Abiada bizian doa Udalak antolatu duen 'EKIN' I. Ekintzailetza Jardunaldiko plazen erreserba

Tolosako Udala
2019/04/02 | Ekonomiaren sustapena
  • Jardunaldiaren barruan tailer bat eskainiko da lehenik, eta ponentziak bigarrenik. Jada tailerrerako plazak agortu dira, 30 guztira. Hitzaldietarako bada oraindik lekua ordea. www.emari.eus atariaren bitartez gauza daiteke inskripzioa.
  • Bertaratu nahiko luketen guztiei freskotasuna, ilusioa eta motibazioa eskaintzeko moduko proiektu eta ekintzaileak bilatu ditu Tolosako Udalak. Ekintzaileen arteko harremanak sustatzearekin batera, berrikuntzaren munduko berriak eta aholkuak izango dira hizpide.

EMARI Tolosako ekintzaileen coworking espazioa irailean zabaldu zuen Tolosako Udalak, eta orain, bere filosofia eta jarduna ezagutarazi eta ekintzailetza sena zabaltzeko helburuz, I. Ekintzailetza Jardunaldia antolatu da: EKIN. Hainbat tailer eta konferentzia hartuko ditu topaketak. Duela bi aste zabaldu zen izen-emateko aukera eta jada tailerrerako plazak agortu dira, 30 guztira. Hitzaldietarako bada oraindik lekua ordea. Doanekoa da eta www.emari.eus atariaren bitartez gauza daiteke inskripzioa. Adin guztietako pertsonak daude bertaratzera gonbidatuta.

Bertaratu nahiko luketen guztiei freskotasuna, ilusioa eta motibazioa eskaintzeko moduko proiektu eta ekintzaileak bilatu ditu Tolosako Udalak jardunaldi honetarako: Espainia mailako “Emprendedores” aldizkari famatuaren zuzendaria den Alejandro Vesga, modan jarri den ardo urdinaren sortzailea den Taig McCarthy (Gik Live & Stoor), Zarautzen Tidore Yoga Klubaz gain “jateko, pentsatzeko eta sentitzeko” espazioa ireki duen Esther Fernandez, edota hezkuntzaren bitartez kirolean indarkeria desagertarazteko WATS proiektua abiarazi duen Alex Navarro, besteak beste.

Jardunaldiaren barruan tailer bat eskainiko da lehenik, eta ponentziak bigarrenik: mahai inguru bat eta bi hitzaldi izango ditu azken honek.

Alejandro Vesga Aran izango da tailerra eskaintzen arduraduna: “Emprendedores” aldizkari arrakastatsuaren zuzendaria da, Espainia mailan ekonomia eta finantzetan errebista irakurriena. “Merkatua iraultzen ari diren joerak” izango dira tailerraren abiapuntu.

Horrez gain, hitzaldi labur bat ere emango du Vesgak. McCarthy izango da bigarren hitzaldia emango duen ekintzailea; biek, euren ibilbide profesionalean emandako urratsak izango dituzte hizpide.

Fernandezek eta Navarrok berriz, Mondragon Team Academyren sortzailea den Aitor Lizartzarekin batera, “posible al da Euskadin ekitea?” galderari erantzuna emango diote mahai inguru batekin.

Ekintzaileen arteko harremanak sustatzearekin batera, berrikuntzaren munduko berriak izango dira hizpide, eta ekitera animatzeko zalantzan daudenentzat aholkuak ere ez dira faltako.

Programa

17.00 : Harrera eta ongi etorria

17.15-18.15 : Tailerra Alejandro Vesga Aranekin: “Merkatua iraultzen ari diren joerak”

18.30-19.00 : Mahai ingurua: “Posible al da Euskadin ekitea?). Aitor Lizartza, Alex Navarro eta Esther Fernandez.

19.35-19.55 : Taig McCarthyren hitzaldia.

19.55-20.00 : Ekitaldiaren amaiera.