Ekintzaileen lehiakortasuna hobetzeko marketing aurreratuari buruzko formakuntza

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/12/14 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Mondragon Unibertsitatearen eskutik, formakuntza jasoko dute Emari-Coworking gunean dauden ekintzaileek.

  • 4 hilabeteko iraupena izango du ikastaroak eta partehartzaileak marketing eremuan gaitu eta beren ezagutzak sakontzeko aukera izango dute; ikastaroa amaitzean ziurtagiria eskuratuko dute.

 

Gazteen ekintzailetza sustatzeko helburuarekin eta ekintzaileek erreferentziazko gune bat izan zezaten jarri zen martxan 2018. urtean Emari Coworking zentroa Oriaburuko eraikinean.

Alokatzeko bulego bat baino gehiago baita Emari: elkarlana, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko lantokia da, alegia. Ateak zabaldu zituenetik helburu izan du lanerako gune soila baino gehiago izatea: zerbitzuak partekatzeko, lankidetzarako aukera berriak sortzeko inguru dinamiko, ireki eta malgua da, autoenpleguko proiektuak garatzeko eta sarean lan egiteko espazioa. Ezagutza-trukea sustatzea eta elkarrekin ideia eta proiektu berriak sortzea helburu duena.

Emari-Coworking zentroak ateak ireki zituenetik Udalak hainbat jardunaldi eta topaketa egin ditu eta orain, ekintza berriak jarriko dira martxan, ekintzailetza sustatzen jarraitzeko.

Formakuntza, Mondragon Unibertsitatearen eskutik

Ekintzailetza sustatzen jarraitzea 2019-2023 Legealdi planean jasotako konpromisoetako bat da, eta horregatik, Udalak marketing aurreratuari buruzko ikastaroa antolatu du Mondagron Unibertsitatearekin elkarlanean Emari-Coworking gunean dauden ekintzaileentzat.

Formakuntza saioak abenduaren 16an hasiko dira , guztira, 4 ikastaro eskainiko dira, hilero bat, eta hortaz, 4 hilabeteko iraupena izango du ikastaroak. Formakuntza modu presentzialean eskainiko da, egungo segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta. Eta online aholkularitza ere jasoko dute partehartzaileek.

Ekonomiaren digitalizazioaren eta globalizazioaren aurrean, ekintzaileen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin antolatutako jardunaldiak dira.

Partehartzaileak marketing alorrean gaituko dira eta alor honetan dituzten ezagutzak sakontzeko aukera izango dute. Eskaintza berritzaileak, bezeroen beharrei lotutakoak landuko dituzte metodologia ezberdinak erabilita. Ikastaroaren amaieran ekintza plana garatu beharko dute eta ikastaroan parte hartzen duten ekintzaileek, amaieran, ziurtagiria jasoko dute.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA