Ekintzaileentzat jardunaldiak eta leku libreak Emari Coworking gunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/06/17 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Guztira 7 ekintzaileentzako lekua dago orain. Gunea erabilgarri dago 7 egunez eta 24 orduz, lanerako beharrezko zerbitzuekin. Hilabeteko 50 euroko kostu bakarra du pertsonako, eta gehienez 3 urte egon daitezke ekintzaileak proiektua garatzeko.

  • Izen ematea www.emari.eus -en egin daiteke.

  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Emarin, Udalak coworking gunea herritarren eskura jartzeaz gain, tutoretzak eta prestakuntza eskaintzen dizkie ekintzaileei, eta proiektu bakoitza garatzeko lagungarri izan daitezkeen beste erakunde batzuekin zubi lanak ere egiten ditu. 3 urte dira Emarik ateak zabaldu zituenetik eta, espazioa indarberritzen, ezagutzera ematen, ekintzaile berriak erakartzen eta ekintzaileei aukera berriak eskaintzen jarraitu nahi dugu. Horretarako, informazio kanpaina bat egin dugu ekintzaileekin elkarlanean.

 

 

Tolosako Oriaburu eraikinean kokatzen den Emari Coworking gunean 7 leku libre daude ekintzaileentzat. Guztira 10 ekintzaileentzako lekua dago eta dagoeneko 3 hartuta daude. Interesdunek izena eman dezakete emari.eus webgunean, eta, izena eman ondoren, udaleko arduradun bat jarriko da beraiekin harremanetan eta bideragarritasun plana aurkeztu beharko dute.

Udalak 2018 urtean egokitu zuen Oriaburu eraikineko bigarren solairua, coworking gune batean bihurtzeko, Tolosako hiri ekonomia indartu, enplegu aukera berriak sortu eta herrian bertan ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentro bat izateko helburuarekin. Espazioaren helburu nagusia da herritarrek hastapen fasean dauden proiektuak garatzeko gune bat izatea, eta bertan lan egiten duten proiektuen arteko sinergiak sustatzea. Ekintzaileei zuzendutako espazio bat bada ere, ikastetxeek eta enpresek ere badute bertan leku bat lortzeko eskumena, beti ekintzailetasunarekin lotutako proiektuak garatzeko.

Gutxienez 6 hilabeteko epean eta gehienez 3 urtean egon daitezke ekintzaileak Emarin. 2018an hasi ziren ekintzaileek aurten utziko dute coworking gunea eta, haien proiektuek dagoeneko abiadura hartu dutenez, ekintzaile berriei egingo diete lekua.

Ekintzaile horietako batzuk hartu dute parte gaurko prentsaurrekoan, Olatz Peon, Tolosako alkatearekin, eta gunearen kudeaketaz arduratzen den Kristina Larrañaga teknikariarekin batera.

Olatz Peon alkateak azpimarratu duenez, “Emari aukera bat da, proiektu berriei bidea emateko gunea. Coworking gune publikoa izanik eta proiektu berriak aztertzera eta sortzera bideratua dagoenez, espazio komun bat eskaintzen dugu, non pertsona guztiek beren artean jarduten duten, lankidetzan aritzen diren, gogoeta egiten duten eta esperientziak partekatzen dituzten. Gainera, Udalak coworking gunea herritarren eskura jartzeaz gain, tutoretzak eta prestakuntza eskaintzen dizkie ekintzaileei, eta proiektu bakoitza garatzeko lagungarri izan daitezkeen beste erakunde batzuekin zubi lanak ere egiten ditu.”

Ekintzaile berriak erakartzeko informazio kanpaina

Emari Coworking guneko lehen promozioko ekintzaileek euren lekua utziko dutenez, ekintzaile berriak erakartzeko kanpaina jarri zuen martxan Udalak maiatzaren amaieran, Emariko ekintzaileekin elkarlanean, coworking gunea gizarteratu, eta hutsik geratu diren plazak betetzeko helburuarekin.

“Duela hiru urte zabaldu zituen ateak Emarik, eta espazioa indarberritzen, ezagutzera ematen, ekintzaile berriak erakartzen eta ekintzaileei aukera berriak eskaintzen jarraitu nahi dugu. Helburu horrekin abiatu dugu informazio kanpaina berria, ekintzaileen parte hartzearekin garatu duguna, herritarrei beren esperientzien berri eman eta espazioa ezagutzera emateko”, adierazi du alkateak.

Izan ere, ekintzaileak izan dira kanpainaren protagonistak eta coworking gunean izan dituzten bizipenak izan dira kanpainaren ardatza. Emari haientzat zer den galdetu zitzaien eta euren erantzunak bideo laburretan jaso ziren, ondoren sareetan zabaltzeko. Bakoitzaren testigantza jasotzen zuten kartelak ere ipini ziren Tolosan eta eskualdeko gainerako herrietan.

Ekintzaile eta enpresentzako formakuntza saioak

Informazio kanpainaz gain, udazkenean, berriz ere ekintzaileei zuzendutako ikastaroak eskainiko ditu Udalak, Emari Coworking gunean bertan. Iaz, ekintzaileen lehiakortasuna hobetzeko marketing aurreratuari buruzko 4 hilabeteko iraupena izan zuen formakuntza eskaini zen Mondragon Unibertsitatearen eskutik, eta, aurten, ikastaro eta jardunaldiek bi kolektibori zuzenduta antolatuko dira: udazkenean ekintzaileentzako jardunaldiak egingo dira, eta, orain, uztailaren 7an eta irailaren 8an, Zibersegurtasunaren inguruko jardunaldi ezberdinak antolatu dira Emarin ZIUR Fundazioaren eskutik, empresa txiki eta ertainentzat, eta baita ekintzaileentzat ere.

Olatz Peon, Tolosako alkateak azpimarratu du “lehen aldia” dela enpresei zuzendutako horrelako jardunaldi bat antolatzen dela Tolosan. “Jardunaldi interesgarria izango da bertako enpresa eta industriarentzat zibersegurtasunaren arloa garatzeko”, esan du.

Emari Coworking gunean lan egiteko baldintzak eta baliabideak

Emari Coworking gunean ordutegia malgua da urte osoan. Ekintzaileek asteko zazpi egunetan, 24 orduz, dute sarbidea Emarira. Hilabetean 50 euroko kuota da espazioan egoteko kostu bakarra, eta gutxienez 6 hilabetez eta gehienez 3 urtez egon daitezke Emarin.

Coworking gunean, errealitate erabat ezberdinak garatzen dira. Ekintzaile bakoitzak du norberaren erabilerarako eremu fisiko indibiduala, eta bertatik garatzen dute euren enpresa jarduera eta bezeroei arreta zuzena ematen diete. Horrez gain, Emarik internetera konexioa, funtzio anitzeko inprimagailua, bilera gela eta sukalde txokoa ditu. Bestalde, bertako ekintzaileek harreman zuzena dute gunea kudeatzen duen teknikariarekin, eta formakuntza eta aholkularitza eskaintzen zaie. Gainera, Emariren parte izatea ezagutzera emateko publizitate bide bat ere bada.

Izena emateko, dagoeneko Emarin dauden ekintzaileen proiektuak ezagutzeko eta informazio gehiagorako, emari.eus-en sar zaitezke.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA