- Hain zuzen Euskara eta Hezkuntza eta Gobernantza eta Komunitaterako administrari bat eta UDATE, herritarren arreta zerbitzurako administrari bat kontratatzeko deialdia zabaldu du Udalak.
- Izena-emateko baldintzen artean, 16 urtetik gora eta 30 urte baino gutxiago izatea eta Tolosan erroldatuta egotea eskatzen da, besteak beste.
- Interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, azaroaren 11 baino lehen izapidetu behar dute eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez: www.lanbide.euskadi.eus
Tolosako Udalak herrian bizi diren 2 gazte kontratatuko ditu onura publikoko edo interes sozialeko zereginetarako. Joan den irailean 7 gazte kontratatzeko egindako deialdiaren baitan kokatzen da oraingo kontratazioa eta helburu du gazteentzako lan aukerak areagotzea, langabezian daudenentzako aukerak sortzea eta laneratze-tasa handitzea, kasu honetan, lehentasuna emanez herrian bizi diren gazteei.
Horri jarraiki, Tolosako Udalak bi administrari postu betetzeko deialdia egin du, hain zuzen Euskara eta Hezkuntza eta Gobernantza eta Komunitaterako administrari bat eta UDATErako, herritarren arreta zerbitzurako beste bat.
Lehen kasuan, Gobernantza eta Komunitatea eta Euskara eta Hezkuntza sailean aritzeko postua izango da, bakoitzean lanaldiaren %50 beteaz. Tolosako Udalak "Osasun eta Ongizate Emozionalaren inguruan" berriki abian jarri duen partehartze prozesuko administrari lanak egingo ditu: partaide eta eragileen deialdia bidali, datu-bilketa eta emaitzen zabalpenean lagundu, web orria elikatu... Bestalde, Tolosako Udalak abian jartzen dituen ekitaldi eta egitasmoetan hizkuntza-irizpideen jarraipena egiteko informazio bilketan lagunduko du eta datuak esplotatuko ditu.
UDATEko administrari postuari dagokionean, bere funtzioak izango dira bulegoko ematen dituen zereginetan laguntzea eta haiek osatzea, horien artean: herritarrei telefono bidezko arretaz laguntzea, aurreneko orientazioa eta informazioa ematea udaletxera etortzen diren herritarrak laguntzea, herritarrei baliabide elektroniko eta automatizatuen bidez egiten dituzten izapideetan laguntzea, zerbitzuaren estatistika-informazioari buruzko hileroko txostena jaso eta egitea, informazioa tratatzeko proposamenak egin eta gauzatzea edota zerbitzuaren bidez atera daitezkeen datuak tratatzea.
Bete beharreko baldintzak
Lanpostuetarako eskaera egin ahal izateko, honakoak dira bete beharreko baldintzak:
Tolosan erroldatuta egotea
Batxilergoan edo administrazioan erdi edo goi mailako heziketa zikloa edo baliokidea izatea.
16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
3.HE euskara-eskakizuna edo baliokidea izatea.
Enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.
Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta, kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko jarduketa baterako hautatua izateko, onuradun izatea 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskaera nola egin
Interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, azaroaren 11 baino lehen izapidetu behar dute eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez: www.lanbide.euskadi.eus.