Lanbide Heziketa Azoka laugarrenez Tolosako Trianguloan, apirilaren 5 eta 6an

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/04/02 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Ostiraleko saioa ikastetxeetako ikasleei zuzendua egongo da eta larunbateakoa, berriz, publiko orokorrari zabaldua.
  • Helburu nagusia Tolosaldean lanbide heziketa ikastetxeek eskaintzaren informazioa zuzenean eskaini, ezagutarazi eta interesatu orok bertatik bertara eskuratzea da.
  • Azokak inguruko Lanbide Heziketako ikastetxeak batuko ditu: Tolosaldea Lanbide Heziketa institutua, Inmakulada ikastetxea, Peñascal taldea, Don Bosco ikastetxea eta Fraisoro eskolako ordezkariak.
  • 2.500 Lanbide Heziketako ikasleren bueltan ditu eskualdeak: 1.300 Lanbide zentroetan eta beste hainbeste enpresa edota langabeei zuzenean eskaintzen diren formakuntza ikastaroetan.

Apirilaren 5 eta 6an, ostirala eta larunbata, Triangulo plaza hartuko du laugarrenez Lanbide Heziketa Azokak. Ostiralean, ikastetxeekin bisita gidatuak egingo dituzte, 9:00etatik 14:00etara, eta larunbatean berriz, publiko orori zabaldua egongo da, goizeko 10.00ak eta 14.00ak bitartean, eskualdeko ikastetxeen eskaintza ezagutzeko betarekin. Azokak inguruko Lanbide Heziketako ikastetxeak batuko ditu: Tolosaldea Lanbide Heziketa institutua, Inmakulada ikastetxea, Peñascal taldea, Don Bosco ikastetxea eta Fraisoro eskolako ordezkariak. Helburu nagusi batekin, aurkezpenean adierazi dutenez: “Tolosaldean, lanbide heziketa ikastetxeek eskaintzaren informazioa zuzenean eskaini, ezagutarazi eta interesatu orok bertatik bertara eskuratzea”. Guztira, alor ezberdinetako 20 ziklo eskaintzen dituzte eskualdeko ikastetxeek (beherago zehaztuak*).

Aurkezpenean izan dira ikastetxe guztietako ordezkariak, Galtzaundiko kideak eta Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria. Nabarmendu du, guztira, 2.500 Lanbide Heziketako ikasleren bueltan dituela eskualdeak: “1.300 Lanbide zentroetan eta beste hainbeste enpresa edota langabeei zuzenean eskaintzen diren formakuntza ikastaroetan. Euskal ikasleen erdiak, %50k, Lanbide Heziketa hautatzen du, Unibertsitatearen aldean, eta enpresek langile kualifikatuak eskatzen dituzte, prestatuak, geroz eta gehiago. Eskualdeko gizartea, enpresa eta erakundeen beharrei erantzuten ari da beraz Lanbide Heziketa, eta euskaraz gainera”.

Lanbide Heziketa bukatu dutenen lan-munduratzea, beste ikasketa mota batzuen aldean, oso altua da, eta urtez urte gorantz doa. Egun ikasleen %70a ikasketak amaitzearekin bat lanean hasten da. Kasu batzuetan %100-a ere. Tolosaldean gehien eskatutako lana zerbitzuetan, industrian, makinaria munduan edota administrari lanetakoa da. Alkatearen iritziz, enpleguaren eta ondorioz garapen ekonomikoaren “pieza garrantzitsu” dira ikastetxeok. Datuek adierazten dute enplegua sortzen ari dela: eskualdeko langabezia tasa %9-tik behera kokatu da 2019ko lehen hiruhileko honetan. Beheranzko joera mantentzen du. Olatz Peon Ormazabalek emakumeengan jarri du fokua: “langabetuen erdiak baino gehiago emakumeak dira. Horrexegatik Lanbide Heziketan ere genero estereotipoekin hautsi behar da, eta gertatzen ari da, geroz eta emakume gehiago prestatzen da orain gutxira arte gizonezkoak soilik zeuden lanpostuetarako. Horretan aurrera egin da, baina asko dugu egiteke”.

Egitaraua

Apirilak 5, OSTIRALA

09:00-14:00. Ikastetxeetako ikasleen bisita gidatuak.

Apirilak 6, LARUNBATA

10:00-14:00. Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikasketa eskaintza ezagutzeko beta Trianguloan.

Azoka antolatu eta babesten duten erakundeak honakoak dira: Tolosako udaletxea, Tolosaldea Garatzen, Tolosaldea LHI, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Fraisoro Eskola, Don Bosco LHI, Banaiz Bagara, Peñascal Kooperatiba, Galtzaundi, Ataria eta Laneki – Jakinbai.

Tolosaldeko ikastetxeak

Tolosaldea LHII:

  • Administrazioa

  • Elektrizitatea

  • Informatika

  • Fabrikazio Mekanikoa (Galdaragintza - Eraikuntza Metalikoak - Mekanika)

  • Mantentzea

  • Merkataritza

Inmakulada L.H. Ikastola:

  • Osasungintza

  • Gizartea

Fraisoro Eskola:

  • Nekazaritza (Baratzagintza, Frutagintza, Lorazaintza, Basogintza, Natura Ingurunea, Landa Ingurua)

Don Bosco LHII:

  • Kimika

Peñascal Kooperatiba:

  • Fabrikazio Mekanikoa (Galdaragintza - Elementu Metalikoen Fabrikazioa)

  • Hostalaritza (Sukaldaritza Eta Jatetxe-Arloak)

Lanbide heziketako ekimen ezberdinak

Praktikak: Lanbide Heziketako ikasketen ezaugarrietako bat ikasketa hauetan egiten den praktika ordu kopuru altua da. Ikastetxean egiten diren orduetatik bataz beste % 40, Goi mailako zikloetan, eta %50, Erdi Mailako zikloetan, praktika orduak dira. Gainera, bigarren mailan ikasturteko azken hiru hilabetetan ikasketei dagozkien Enpresetan egiten dituzte praktikak. Enpresetako praktika hauek atzerriko enpresetan ere egin litezke ERASMUS beken bidez.

Lan Poltsa: Lanbide Heziketako ikastetxe gehienek, arloko enpresekin harreman estua dutenez, beren Lan beharrei erantzuteko, Eskoletan ikasketak bukatu dituzten ikasleen lan Poltsak kudeatzen dituzte. Lan Poltsa hauetan Ikastetxean ikasketak (Haserakoa Hezkuntza edo laneratzeko ikastaroak) burutu dituzten ikasleak sartzen dira eta arloko enpresek langile beharrak dituztenean poltsa hauetatik hornitu litezke.

DUAL prestakuntza: Ikasteko modu berri bat da, non ikasketak eta lan egitea bateratzen diren. Lehen urtea ikastetxean egiten du ikasleak eta bigarrenean, lan kontratu baten bidez, modulu batzuk enpresan garatuko ditu eta besteak ikastetxean, lana eta ikasi bateratuz. Ikasleak Eskolan ikasketak eta ikasten ari denarekin zerikusia duen enpresa batean lana txandakatzen ditu. Modalitate honek abantailak ditu bai ikasle bai enpresentzako ere. Ikasleak benetako lan-egoeretan ikasten du, urtebeteko gutxieneko lan esperientzia lortuz eta kontratuaren arabera egindako lanaldiari dagokion ordainsaria jasotzen du. Enpresak berriz, langile kualifikatua, bere beharretara egokitua eta bere prozesuetan eta enpresa-kulturan ikasitakoa prestatzen du eta langileak aukeratu eta erakartzeko baliabide bat da.

ETHAZI: Irakasteko metodologia edo pedagogia berri bat da ETHAZI. Lanbide Heziketan jarduten duten ikastetxe eta irakasleen ardura da ikasleak gaur egungo erronka berriei, lan egiteko modu berriei eta, oro har, gizarteak eskatzen duenerako ahalik eta hobekien trebatzea. Gaitasun teknikoetan ondo trebatu ateratzen direla Lanbide Heziketako ikasleak gauza jakina da baina enpresek eta egungo lanek bestelako gaitasun batzuk ere eskatzen dituzte. Hala nola ardura, iniziatiba, talde lana, komunikazio gaitasuna, lidergoa, autonomia e.a. Gaitasun teknikoez ahaztu gabe ikaslea, aipaturiko zeharkako gaitasun horietan trebatzea da ETHAZI metodologiaren helburua. Erronketan oinarrituriko metodologia da, non irakaslearen rola aldatu egiten da eta lehengo klase magistral haiek ematetik laguntzaile papera izatera pasatzen da, benetako protagonismoa ikasleak berak hartzen duelarik. Ikasleak bere kabuz ikasten du. Tolosaldeako Lanbide Hezketako ikastetxe guztiek daukate garatuta metodologia hau, maila ezberdinetan bada ere.

ERASMUS+: Gaur egun gizarte gero eta globalizatuago batean bizi gara eta hau dela eta garrantzitsua beste hizkuntza bat ezagutzea. Gure inguruko enpresek gero eta gehiago eskatzen dituzte atzerriko hizkuntzan trebatutako ikasleak. Europako Batasuna ahalbidetzen duen ERASMUS+ programaren barruan atzerriko hainbat herrialdeetan ikasketak eta enpresetan lan-praktikak garatzeko aukera dago.

IKASENPRESA: Ikasenpresa programa ikasgeletan eskola-enpresak sortzearen inguruan garatzen den hezkuntza-programa bat da. Proiektu horren helburuen artean dago enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea (sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, ekimena, lidergoa, konpromisoa, irmotasuna, negoziazioa, eta abar). Gainera, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu nahi da ikaslea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

TKGUNE PROIEKTUA: TKgune programa 2014/15 ikasturtean Lanbide Heziketa sailburuordetzak abian jarritako egitasmoa da. Lanbide Heziketa sareko ikastetxe publiko zein kontzertatuek, 35 orotara, osatzen duten sare honek ondorengoa du bere helburu orokorra: “LH-ko ikastetxeen eta enpresen arteko aldebiko jakintza transferentzia erraztea”. LH eta enpresen arteko zubi-lan hori erdiesteko, ikastetxeetatik garatu beharreko bi lan ildo nagusi zehazten ditu Tkgunek:

  • Enpresen berrikuntza beharrei erantzun eta lehiakortasuna hobetzeko, eurekin elkarlanean zerbitzuak garatzea, ikastetxeek dituzten bitartekoak (instalazioak, ekipamendua, pertsonak, pilaturiko jakintza …) baliatuz.

  • Enpresekin elkarlanean garaturiko zerbitzuetan ikasitako edukiak didaktifikatu eta irakaskuntzara transferitzea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA