Tolosako Udalak Arramele auzoarekin duen konpromisoa berretsi du auzotarrekin egindako bilera irekian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/07/16 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Auzo elkartearen lokala, hiribusaren maiztasuna, Arrameleko zubiko bidegorria, komun publikoa eta kirol kantxa izan dituzte mintzagai, besteak beste.

  

Larramendi Auzo Elkarteak igorritako mezuari erantzunez, bilera irekia egin du Udalak auzotarrekin, gardentasun ariketa bat egin, eta gai ugariren egoeraren inguruko azalpenak eman asmoz. 60 auzotar inguru bildu dira, eta bertan izan dira Ander Figuerido, Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuakeko zinegotzia, eta Josune Sanz, Gobernantza eta Komunitatekoa. Gai ugari izan dituzte hizpide. Hona hemen nabarmenenak:

  • Auzo elkartearen lokala: 2020. urtetik, ez du lokalik elkarteak. Behar horri erantzun asmoz, 2023ko abenduan, auzo lokala erosteko lizitazio bat martxan jarri zen, baina eskaintzarik ez zen izan lehiaketa publikoan, eta 2024ko apirilean huts deklaratu zen. Bien bitartean, Arkaute etxean Mendizaletasunaren Museoa jartzearen bideragarritasunari lotutako zalantzen ondorioz, eta proiektuaren etorkizuna argitu bitartean, eten egin zen bigarren lizitazioa. Bada, etxea eraberritzeko proiektua aurrera doa –duela gutxi onartu da exekuzio proiektua idazteko kreditu aldaketa–. Horregatik, auzo elkartearen lokala erosteko bigarren lizitazio bat prestatzeko lanak abiatu ziren berriz aurtengo apirilean, eta aurki argitaratuko da.
    Bitarte horretarako, behin-behinean lokal bat uzteko aukerak bilatzen ibili da udal gobernua. Ekainean sortu zen aukera, baina ziur egon arte ez da komunikatu. Hain justu, Bertsozale Elkarteak erabiltzen duen lokala hutsik geratuko da, lekuz aldatuko baita. Azken asteotan, prozesua azkartzeko ahalegina egin da, eta Bertsozale Elkartetik aldaketa baieztatu bezain pronto egin zitzaion eskaintza Auzo Elkarteari, gutuna argitaratu baino lehentxeago. Aste honetan, pozez jaso da baiezko erantzuna. Lokala ikusteko hitzordua jarriko da, eta epe motzean bertan izatea espero da. «Kontziente gara ez dela behin betiko erabilerarako izango, bilerak egiteko eta zenbait traste gordetzeko aukera baino ez duelako eskaintzen, baina auzotarrentzat mesedegarria izango delakoan gaude», dio Figueridok.
    Arkaute etxeari bizia ematea ere funtsezkotzat jo dute udal ordezkari zein auzotarrek. Udalak exekuzio proiektua idazteko kreditu aldaketa onartu berri du, eta helburu horrekin egingo du lan datozen hilabeteetan.

  • Arrameleko zubia eta bidegorria: Proiektua jada amaituta dago. Obraren lizitazioa prestatzeko lanean da udala. Bitartean, obra egin ahal izateko, lur eremu pribatu bat desjabetu behar da, eta aurreikuspena da uztaileko osoko bilkuran onarpena ematea. Hori eginda, obrak lizitatzea baino ez da faltako.
    Bide batez, ekaineko euriteen ondorioz zubi azpian pilatutako enborren inguruko azalpenak eman ditu Figueridok: «Euriteen ondoren, bi aldiz bildu gara URArekin, eta eremu hori garbitzeko eskaera egin diogu. Inspektore bat bertaratu zen balorazioa egitera, eta URAk berak garbituko du eremu hori.  URAk noiz egingo duen konfirmatu zain gaude, ziur aski trafikoan etenak egin beharko dira-eta, makineria espezializatu bidez egin beharreko lana baita. Lehen data atzeratu behar izan zuten, baina, esan zigutenagatik, helburua da hilabete honetan egitea».

  • Hiribusaren maiztasuna: Azken hamarkadan, ez da egin Arrameleri eragiten dion aldaketa esanguratsurik. Iaz  jarri nahi izan zen martxan ibilbidearen aldaketa, zerbitzu guztietan bertatik pasatzeko, eta guztia prest zegoenean, enpresarekin zenbait arazo sortu ziren. Horren ondorioz, etenda geratu zen aldaketa. Duela hilabete batzuk, berriro heldu zitzaion gaiari, eta bestelako arazorik sortzen ez bada, irailaren 1etik aurrera, ibilbidea aldatzea espero da. Aldaketarekin, eguneko zerbitzu guztiak bertatik pasatuko dira. Aurrerago emango dira xehetasun guztiak.

  • Komun publikoa: Nabaria da gai honekin atzerapena dagoela, eta hala onartu da. Bileran argi geratu da, gainera, auzotarrentzat garrantzitsua dela. Orain arte, aukera eta planteamendu ezberdinak egin dira udalean, baina ez dira oraindik gauzatu. Dena dela, gaia bideratzeko konpromisoa hartu dute.

  • Kirol kantxa: Parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan bozkatuenen artean izan zen 2023an. Haur parkeak eraberritzeko lizitazioarekin batera egikaritu zen. Hasiera batean, Auzo Elkartearen proposamena Arkaute etxearen ondoko belardian jartzea izan zen; teknikoki eta politikoki, ordea, ez zen begi onez ikusi, udalaren irizpidea baita elementu trinkoak naturalizatzea, eta ez alderantzizkoa.
    Larramendi plazan jartzeko hautua egin zen, lehendik dauden altzariekin armonian, eta oinezkoen pasabideak mantentzeko irizpideekin. Baldintza horiek mugatzen zuten tamaina, baita auzoko jaietan jarri ohi diren karpak eta gainerako elementuak jartzeko azalerak ere. Materialei dagokienez, mantentze lanak ahal den gehien murrizteko materialak aukeratu ziren, erresistentzia handikoak. Hala eta guztiz ere, apiriletik, udala enpresarekin harremanetan da hobekuntzak egiteko.

  • Beste lanak: Auzoa hobetze aldera beste lan batzuk egin dira; hala nola bizikletak giltzatzeko egiturak ezarri; bolardoak jarri dira aparkatze ezegokiak ekiditeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko; aparkaleku berriak sortu dira; plaza handiko saretak aldatu eta konpondu dira (materialak soilik 10.000 €-ko aurrekontua izan du, brigadako langileen lanorduak sartu gabe).

Horiez gain, nebulizadoreak jartzen dira udan, eta Kultura Plazara egitasmoan, kultur eskaintza auzora zabaltzen da.

Atzoko bileraren ondoren, Auzo Elkartearekin batera auzotarren lehentasunetan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute udal ordezkariek, elkarrekiko errespetuan oinarrituta: «Orain formak ez dira egokiak izan gure ustez. Ez dugu inoiz bilerak egiteko arazorik, eta bistakoa da orain egin dugun hautuarekin: bilera irekia deitzearekin. Ez dugu ezkutatzeko ezer. Presioa egiteko helburua zutela onartu ziguten, baina hori egin gabe ere, gauza gehienak beren kabuz etorriko lirateke: behin-behineko auzo lokalaren proposamena, behin betikoaren lanketa, hiribusaren maiztasuna edo Arrameleko zubiko bidegorriaren obra, esaterako. Kritikak onartzea dagokigu, baina udala auzo honen hobekuntzari begira lanean aritu da etengabe, eta hori du etorkizunerako konpromiso ere. Gainera, prest gaude beti herritarren ekarpen, kexa eta iradokizunak entzuteko»

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA