Larunbatean jarriko dira salgai ostalaritza suspertzeko 2.000 bonuak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/04 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Suspertu Tolosa planaren barruan, bonuen bigarren faseari ekingo zaio ostalaritza establezimenduen jardun ekonomikoa babesteko eta sustatzeko helburuarekin.
  • Bonu bakoitzari 15€ gehituko dizkio udalak, orotara, ostalaritza suspertzeko 30.000 euroko diru-laguntza bideratuz.

 

Osasun krisia hasi zen unetik, Tolosako Udalak hartu-eman zuzena izan du herriko eragileekin. Larrialdi honek eragin nabarmena izan du sektore askotan, eta lehen pertsonan horiek ezagutu ondoren, aukerak aztertu eta zenbait neurri eta egitasmo jarri ziren martxan.

Horien artean, eta guztiak Suspertu Tolosa planaren baitan, oso emaitza onak izan zituen merkataritza eta zerbitzu establezimenduak laguntzea helburu zuten bonuak; uztailean abiarazi ziren autonomo eta mikroenpresei zuzendutako diru-laguntzak edota kultura sektorea sustatzeko eta tokiko talde eta artistak babesteko udaran eskaini den kultur programazio zabala daude.

Bada, orain, bonuen bigarren faseari ekingo zaio, Tolosako jatetxe, kafetegi eta tabernetan kontsumoa –arduratsua eta neurriak errespetatuz, beti ere– sustatzeko.

Udalak 30.000 euro bideratu ditu bonu kanpaina berrira, eta guztira 19 establezimenduk eman dute izena. Hain zuzen, taberna, jatetxe eta kafetegi horietan erosi ahal izango dira bonuak, larunbatetik aurrera, urriaren 25era arte. Eta horiek abenduaren 7ra arte erabili ahal izango dira.

Bonuen funtzionamendua

Guztira, 2.000 bonu-orri jarriko dira salgai. Bonu-orri bakoitzak zazpi bonu izango ditu: bost euroko bosna, eta hamar euroko bina. Bonu-orri bakoitzaren salneurria 30€-koa izango da, eta udalak gehitutako dizkion 15 eurorekin, 45€ euroko balioa izango dute.

Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 bonu-orri erosi ahal izango ditu, baina establezimendu ezberdinetakoak izan beharko dute. Hortaz, galdetegi bat bete beharko da erosterakoan.

Erabiltzaileak kontsumizio bakar batean erabili beharko du bonu bakoitza, ez baita dirurik itzuliko; aldiz, kontsumizio bakoitzeko nahi adina bonu trukatu ahalko dira.

Informazio eta argibide gehiagorako www.suspertutolosa.eus webgunea bisita daiteke. Zalantzak argitzeko, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 69 74 54 telefonora deitu (10:00etatik 13:00etara) ahal izango da.

Establezimendu parte hartzaileak

  • Ikatza
  • Illargi
  • Elurra
  • 66
  • Alondegia
  • Saikin
  • Ieltxu
  • Amaiur
  • Iurre
  • Ama
  • Plan B
  • K2
  • Botarri
  • Jokel
  • Izarra
  • Xare
  • Eguzki
  • Bide Bide
  • 3 taberna

Neurriak errespetatzeko deia

Ostalaritza, eta oro har, herria suspertzeko ezinbestekoa da babes neurriak betetzea. Horregatik, udalak arduraz jokatzeko dei egin die, bai herritar kontsumitzaileei, baita ostalariei ere.

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA