Paulino Sorarrain, S.A. enpresa tolosarrak 100 urte bete ditu

Tolosako Udala
2018/09/28 | Ekonomiaren sustapena

1918an hasi zuen ibilbidea Paulino Sorarrain, S.A. enpresak eta bere ehun urteak ospatu nahi izan ditu gaur, irailak 28, Bide Bide jatetxean egindako ekitaldian. Langileek, gerentziak eta udal ordezkariek hartu dute parte, tartean Olatz Peon Ormazabal alkateak.

Hain zuzen, alkateak, langile zein gerentzia zoriondu ditu egindako ibilbideagatik: “100 urte; ez da makala, lan asko eta etapa ezberdin ugari barneratzen ditu. On eta txar, hemen zaudete eta indartsu. Harrotasuna da hitza zuek bezalako Tolosako enpresa baten ibilbidea eta lorpenak definitzeko unean. Noski, lanaren emaitza da ekitaldian laburtzen dena. 1918tik garai berrietara egokitzen jakin duzue eta egun, eraldaketa eredu zarete. Ekintzailetza eta erabateko berrikuntza uztartuz. Eta guztiak bat, langile zein gerentzia batera arraunean, barku bera elkarlanean pilotatzen. Hemen egungo langileak eta izandakoak ere badira, eta hau batez ere zuen lorpena da. Eta beti Tolosarekin konprometituta. Azpimarratzekoa da herriarekin izan duzuen lotura luze eta estua. Herria aldatu da, garaiak aldatu dira, guztiok aldatu gara, baina guztiok bat jarraitzen dugu Tolosan”. Azpimarra jarri du enpresekin udalak duen gertuko harremanean: “duela 10 egun bertaratu nintzen lantegira lehen eskutik enpresa bera bisitatu, zuen beharrak, dituzuen erronkak eta beste hainbeste gertutik ezagutzeko. Gure lehentasuna da herriaren garapen ekonomikoa sustatzea, enplegua babestuz eta bultzatuz, eta enpresengandik gertu egonaz” nabarmendu du.

Ekitaldian 100 urteko ibilbidea laburtzen duen bideoa emititu dute: www.sorarrain.es/100-aniversario/