- 6 proiektu, 7 ekintzaile: Orientatic (Tolosa), Simbiosiz (Tolosa), HSI Hizkuntza Zerbitzuak (Tolosa), Servicio internalizacion (Donostia), Egia aholkulartiza zerbitzuak (Tolosa), eta Benio.
- Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Emarik elkarlana eta ezagutza trukea ditu oinarri; eta horiek, enpresa berrien eta enpleguaren sortzaile izatea, funtsezko aldagaia Tolosako garapen ekonomikoan. Gaurkoa hazi berri bat da. Mimoz landua. Emari generazioa; ale bat + bat, ez duelako zertan soilik bi izan”.
- 7 egunez eta 24 orduz erabilgarri egongo da. Hilabeteko 50 euroko kostu bakarra izango du pertsonako eta gehienez 3 urtez egon daitezke bertan.
- Proiektuak aurkezteko deialdiak zabalik jarraitzen du.
Bertso artean hasi du ibilbidea Emari-k, Tolosako Udalak sustatutako coworking espazioak. 7 pertsonek garatutako 6 enpresa-proiektuk estreinatuko dute kolanerako gunea. Bertan, beren proiektu profesionalak modu independentean garatuko dituzte, proiektu komunak sustatzen dituzten bitartean. Aukeratuak dira: Orientatic (Tolosa), Simbiosiz (Tolosa), HSI Hizkuntza Zerbitzuak (Tolosa), Servicio internalizacion (Donostia), Egia aholkulartiza zerbitzuak (Tolosa), eta Benio. 28 eta 46 urte artekoak dira sustatzaileak, 4 emakumezko eta 3 gizonezko. Proiektuak aurkezteko deialdiak zabalik jarraitzen du: egun badira eskaera berriak ere eta azterketa fasean daude. Aurkeztutakoen artean proiektuen “biseragarritasunagatik eta elkarren arteko osagarritasunagatik” izan direla kide izateko onetsiak adierazi du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak. Urtebeteko hitzarmena sinatuko da kideekin datozen egunetan, gehienez 3 urte egoteko aukerarekin.
Hain zuzen alkateak egin die ongi etorria beren lan eremu berrira: “Gaur hasten da emaria, baina lan asko egon da atzetik. Argia ikusten du Tolosako ekonomiaren ardatz nagusietako bat izango den ekimenak. Berezia da guretzako etxe hau (Oriaburu), legealdi honetan garapen ekonomikora bideratu baitugu: Tolosa&Co merkatari elkartea bertaratuz, arlo ekonomikoarekin lotutako hainbat ekimen eta ikastaro bertan gauzatuz, eta orain, ale bat gehiago, Emari coworking espazioa zabalduz”.
Ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentroa izango da Emari. “Funtsezko da guretzat enpresa proiektu berrien eta ideia berrien sormena sustatzea, eta noski, horretarako baliabideak jartzea. Hori da Emari. Emari-kideen ideia emaria bideratuko duen gunea, lankidetza oinarri gainera, osagarri izanaz”. Inguru dinamiko, ireki eta malgua diseinatu da, coworking esentzia bermatzeko, “elkarlana eta ezagutza trukea -nabarmendu du Olatz Peon Ormazabalek-; eta bera, enpresa berrien eta enpleguaren sortzaile izatea, funtsezko aldagaia Tolosako garapen ekonomikoan. Gaurkoa hazi berri bat da. Mimoz landua. Emari generazioa; ale bat + bat, ez duelako zertan soilik bi izan”.
Ohiana Iguaran Barandiaran eta Beñat Iguaran Amondarain bertsolarien doinupean gauzatu da aurkezpena, mahaiez mahi, langunea bistaratuz. Hainbat pertsona bertan, udal ordezkari, Emari-kideak, familia, eskualdeko ekonomia eta enpresa alorreko ordezkariak, Lanbide Heziketa institutuak... tarteko. Musikak eman dio amiera ekitaldiari eta hasiera Emariren lehen etapari.
6 proiektu, 7 ekintzaile
Orientatic
Sustatzailea: Mertxe Gordillo (Tolosa)
Orientatic empresak IKT buruzko orientazioa eskaintzen du bizitzako arlo guztietan: arlo pertsonalean eta profesionalean. Ekintzailearen helburua sare sozialak, interneta eta teknologia orokorrean nola erabiltzen den erakustea da. Prestakuntza eta orientazio zerbitzuak eskainiko ditu batez ere, prestakuntza praktikoa eta erabilgarria. Enpresak, familiak, eskolak edota irakasleei zuzendua.
Simbiosiz
Sustatzailea: Irati eta Izaro Ezeiza (Tolosa)
Arkitektura, herrien antolamendua eta bizia, etxebizitza duina, eraikuntza, pertsonen arteko harremanak, jabetza ereduak eta ekologiaren inguruan buruan dituzten hainbat kezka, datu, ezagutza eta ideia batzearen emaitza da. Proiektu honek pertsona zein entitateen arteko harremana sustatuz, etxebizitza duinen premia hornitzea, etxebizitza hutsen berreabilera bultzatzea eta konbibentzia zein elkarlan sinergiak sortzea du helburu.
HSI Hizkuntza Zerbitzuak
Sustatzailea: Irati Hartsuaga (Tolosa)
Itzulpengintza, interpretazio eta komunikazio zerbitzuak eskainiko ditu. Gero eta ohikoagoa da saltoki, taberna eta askotariko zerbitzu enpresek web orriak eta sare sozialak izatea, eta euren kabuz edota branding enpresa baten bitartez kudeatzea. Bitarteko horiek eguneratuta mantentzeko ikusizko eta idatzizko edukiak sortzen dituzte etengabe, eta horra bideratu nahi du negozioa: hau da, sare sozialetarako eta Interneterako eduki sorkuntzara edota eduki horien zuzenketara.
Servicio internalizacion
Sustatzailea: Jon Mikel Merino (Donostia)
Empresei laguntzea internazionalizatzeko edo Komertzial alorrean efizienteagoak izateko. Zerbitzuak: merkatuko ikerketak, prospekzioko bidaiak, komerzial trebakuntza eta erakus-azoka antolakuntza.
Egia aholkulartiza zerbitzuak
Sustatzailea: Gorka Egia (Tolosa)
Udal, erakunde publiko eta enpresa publikoentzako aholkularitza zerbitzua izango da. Aholkularitza zerbitzu hau jasangarritasuna, solidaritatea, parte-hartzea, gardentasuna eta justizia sozialean oinarrituta. Balio hauen sustapena helburu izango du eta herrietan balio hauek sustatzeko ekintza planak salduko ditu.
Benio
Sustatzailea: momentuz ezin da argitara eman lan-kontuengatik.
Pertsonen kudeaketarako softwarearen garapena eskaintzen du, ordainsari malgua kontzeptu edo aldagai berritzaile bezala txertatuz. Bezeroak: tamaina ertain eta erdiko enpresak.
7 egunez eta 24 orduz erabilgarri egongo da Emari
Enpresa batekin hasi nahi duen ororen, eratutako enpresa batekin jarraitu nahi, edota unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasle denari zuzendua. Guztira 10 ekintzaile/enpresentzako lekua dago, bere bilera gela, sukaldea eta komunarekin. Lanerako postu atsegina, hainbat zerbitzurekin: formakuntza eta aholkularitza, interneta, inprimagailua, publizitatea eta beste hainbat. Baita eraikineko beste hainbat gune amankomun ere.
Baldintzei dagokienean, hilabeteko 50 euroko kostu bakarra izango du pertsonako. Eta gutxienezko 6 hilabeteko epean eta gehienezko 3 urtean egon daitezkeela hemen, proiektuak abiadura har dezan. Sarbidea librea izango da, identifikazio-txartel bidez.
Proiektuak aurkezteko deialdia zabalik
Lehen 6 proiektuak sartu badira ere, oraindik bada beste 4 proiektu hartzeko lekua. Eskaerak www.emari.eus -en egin daitezke edota orriak eskuragarri daude ere www.tolosa.eus eta Udalaren arreta zerbitzuan.
'Emari' espazioaren kudeaketa batzordeak proiektuak aztertu eta espazioa bere osotasunean era produktiboenean baliatu dezaketenen ebatziko du. Aukeratua bada, Udaleko Gobernu Batzordean onartuko da. Hortik aurrera, proiektu horien sustatzaileekin hitzarmena sinatuko du Udalak.
Gunearen eta proposamenak aurkezteko baldintza guztiak www.emari.eus -en daude interesatuen eskuragarri.
Garbitzeko harraskak, Emari-ren nortasun
Emari. Horrela izendatu du Udalak ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentroa izango den Oriaburuko coworking gunea. Emakumeek antzina arropak garbitzeko erabiltzen zuten moduan oinarritu da guneari nortasuna emateko unean. Garbitegiak edo harraskak erabiltzen zituzten, eta bertan elkartzen ziren emakume guztiak, beraien eguneroko zaintza eta garbiketa lanetatik irtenda. Sozializaziorako gunea zen beraientzat. Alkateak adierazi eran, Ur emari horretatik abiatuta, ideia sorta hori “elkarlanean landu eta irtenbidea ematea du oinarri”.
Oriaburu, garapen ekonomikora bideratutako eraikina
2016an kokatu zen Tolosa&Co Merkatari Elkartea lehen solairuan eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak bertan alor honi lotuak: Tolosako I. Enpresa Eguna esaterako. Alkateak azpimarratu du ekonomiaren martxa onak bermatzen duela “kalitatezko eta unibertsalak” diren zerbitzuak eskaintzea. Langabezia tasa %10etik behera kokatu da 2018an, eta beheranzko joera mantentzen du. “Jakin badakigu, jarduera ekonomikoa Tolosan, neurri handi batean, pyme eta enpresa txikiek eusten dutela. Bide horretan, Tolosaren lehiakortasuna bermatzea funtsezkoa da eta horretarako, hainbat proiekturi egin zaie bidea: enplegu eta ekonomia plana, Usabal industriagunea modernitzatzeko azterketa Sprilurrekin elkarlanean, Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa, ekainean zabalduko den alojamendu eta ostalaritza proiektua Euskal Herria Plazan, Lanbide Heziketaren sustapena, azoka tarteko, eta beste hainbat. Orain, Oriaburuko lehen solairua hartu du Coworking guneak”.
Argazki galeria