Suspertu Tolosa planaren baitan, Covid19ak eragindako kalteak arintzeko eragile ekonomikoei zuzendutako diru laguntzak martxan jarri ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/02 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Jarduera ekonomikoa babesteko eta sustatzeko helburuarekin 725.000 euroko aurrekontu partida bideratuko du udalak, euren kontura lan egiten duten langile, sektore guztietako autonomoei eta mikroenpresei laguntzeko.

  • Diru laguntza ondorengo gastuetarako eskatu ahal izango da: hondakinak biltzeko gastuak, alokairu eta mailegu gastuak, mantentze eta hornidura gastuak, zerga eta aholkularitza gastuak, aseguru primei dagozkienak eta elkarte edo federazio sektorialaren kuotari eta urteko zabor tasari dagozkienak.

  • Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira Tolosako Udaleko erregistro elektronikoaren bidez, uztailaren 31 bitartean.

 

 

Osasun larrialdiaren ondorioz ezarritako alarma egoerak gogor kolpatu ditu herriko sektore ekonomiko guztiak beren jarduna eten egin behar izan baitute alarma aldian.

Testuinguru horretan, gizarte ongizatea eta gizarte babesa bermatzearekin batera, erabateko lehentasuna izan du alor ekonomikoaren sustapenak, gizarte egitura babestu eta egoerak eragindako ondorio eta kalteak murrizteko helburuarekin.

Ildo horretatik, hainbat lan lerro barnebiltzen dituen SUSPERTU TOLOSA plana garatu du Udalak. Jada jarri dira tokiko kontsumoa sustatzeko bonuak martxan eta orain langile, autonomo eta mikroenpresei bideratutako diru laguntzak onartu ditu udalak, larrialdi egoerak gehien kaltetu dituen sektore, kolektibo eta herritarrak laguntze asmoz.

Planean jasotako ekintzak, gainera, sektore guztien egoera eta beharrak ezagututa eta haiekin elkarlanean garatu ditu udalak hiri ekonomiaren mahaiaren bitartez, egoerari baldintzarik onenetan aurre egiten laguntzeko, jarduera ekonomikoa babestu eta suspertzea helburu hartuta.

 

725.000 euroko aurrekontua

Diru laguntza deialdira 725.000 euro bideratuko ditu udalak eta eta diru laguntzaren zenbatekoa proportzionalki banatuko da eskaeren artean.

Laguntzak eskatu ahal izango dituzte beren kontura lan egiten dutenek, edozein sektoretako autonomoek edota mikroenpresek, 10 langile baino gutxiago eta urteko negozio bolumena 2 miliokoa baino handiagoa ez dutenek, jarduera etenda izan badute edota 2019ko ekitalditako 1. eta 2. hiruhilekoetan fakturatutako batez bestekoarekin alderatuta, fakturazioa %50etik gora murriztu bazaie.

Ondorengo gastuak lagunduko dira diruz: hondakinak biltzeko gastuak; alokairu eta mailegu gastuak, hornigai, makineria, instalazio eta ekimapenduen mantentze gastuak, elektrizitatea, erregai, ur, telefonia eta Internetarako konexiorako hornidura gastuak, zerga eta kontabilitate aholkularitza gastuak, bestelako aholkularitza gastuak, jardueraren aseguru primei dagozkien gastuak, elkarte edo federazio sektorialaren kuotari edota urteko zabor tasari dagozkion gastuak.

 

Eskaerak, non eta nola:

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira Tolosako Udaleko erregistro elektronikoaren bidez, uztailaren 31 bitartean.

Horretarako, BAK@ ziurtagiria eduki beharko da, aurrez 943 65 44 66 telefono zenbakian hitzordua eskatuta eskuratu ahal izango dena.

Eskatzaileek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

  • Kaltetuta izatea, establezimendua itxi egin behar izan delako edota itxi ez bada Covi19ak eraginda %50ean murriztu dela fakturazioa egiaztatzea.

  • Egoitza soziala Tolosan izatea.

  • Egunean izatea Tolosako Udalarekin eta beste administrazioekin zerga alorrekoak nahiz zergaz kanpoko betebeharren ordainketa.

  • Jarduera garatzen den lokalak lizentzia indarrean izatea.

  • 2020ko martxoaren 14an jarduera ekonomikoen gaineko zergaren matrikulan alta emana izatea.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskabideko galdetegia eta bertan adierazten diren dokumentuak, kasuan kasu.

  • Erantzukizunpeko adierazpena.

  • Beste laguntza edo diru laguntzen adierazpena.

 

Diru laguntzak emango zaizkie arauetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileei guztiei eta onuradunen zerrenda udal webgunean argitaratuko da.

Informazio gehiago behar izanez gero deialdiari buruzko informazioa ondorengo estekan jaso daiteke https://bit.ly/3ims8ej eta zalantzarik izanez gero edota laguntzarik behar ezkero diru laguntzak eskatzeko Garapen Ekonomikoa, Turismoa, Merkataritza, Azokak eta Enpleguaren sustapenerako sailarera jo daiteke merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzita edota 943 65 44 66 telefonora edota 424 luzapenera deituta (10:00-13:00 ordutegian).

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA