- Pasa den larunbatean, azaroak 17, Tolosako Udalbatza Aretoan sinatu zuten Olatz Peon Ormazabalek, Tolosako alkatea, eta Boris Ravignonek, Charleville-Mézièreseko alkatea, bi herrien arteko senidetze hitzarmena.
- Hitzarmenak, txotxongiloetatik haratago, helburu du herri frantsesarekin industria 4.0n, 3D fabrikazio aditiboan, ikasleen elkar trukean, lehen sektorean, gastronomian edota turismoan sakontzea.
- Orain interesgune diren alorretako plangintzak jarriko dira abian, bi herrien ezagutza, harremanak eta aukerak elkarbanatzeko.
- Urtarrilean Tolosako delegaritza bat joango da Charleville-Mézièresera bertan senidetzea ofizial egiteko eta hitzarmenaren ildo estrategikoen baitako proiektuekin aurrera egiteko.
- Irudi galeria atxikita.
Senidetu dira Tolosa eta Charleville-Mézières (Frantzia). Pasa den larunbatean, azaroak 17, Tolosako Udalbatza Aretoan sinatu zuten Olatz Peon Ormazabalek, Tolosako alkatea, eta Boris Ravignonek, Charleville-Mézièreseko alkatea, bi herrien arteko senidetze hitzarmena. Tolosako Udalak interesa du herri frantsesarekin industria 4.0n, 3D fabrikazio aditiboan, ikasleen elkar trukean, lehen sektorean, gastronomian edota turismoan sakontzeko. Hitzarmena tarteko, Charlevillek zientzia eta teknologia alorrean duen garapena baliatu nahi da, sinergiak indartuz, herriko industriari aukera berriak izateko aukera zabaltzeko.
Hain zuzen, herri frantseseko ordezkaritzak, alkateak, Boris Ravignon, 4 zinegotzik, eta Ardenetako Museoaren zuzendariak osatutakoa, Tolosan egindako 3 eguneko egonaldian, Lehiberri, Tolosaldeko Konpetibitate eta Berrikuntza Zentroa, Cadinox enpresa, Topic zentroa edota Usabal eta Berazubiko kirol instalakuntzak bisitatu dituzte, eta baita hainbat bilera burutu ere: enpresa alorreko eragileekin edota herriko ikastetxeetako zuzendariekin, esaterako.
Behin hitzarmena sinatuta, interesgune diren alorretako plangintzak jarriko dira abian, bi herrien ezagutza, harremanak eta aukerak elkarbanatzeko.
Urtarrilean Tolosako delegaritza bat joango da Charleville-Mézièresera bertan senidetzea ofizial egiteko eta hitzarmenaren ildo estrategikoen baitako proiektuekin aurrera egiteko.
Txotxongiloetatik haratago
Txotxongiloak ziren orain arte elkar batzen zituena bi herriak. Charleville-Mézières (Frantzia) hirian ospatzen da bi urtetik behin Munduko Txotxongilo Antzerki Jaialdia, Tolosa parte izan ohi delarik. Baina badira hilabeteak bi herriak beste lanketa batean murgilduta daudena: senidetze hitzarmen ofizial bat landu dute. Hitzarmenak helburu du bi herriak are gehiago gerturatu, harremanak sendotu eta txotxongiloetatik haratago elkar eragiten dieten gaietan sakontzea.
Lan mahaia sortu zen 2017 amaieran lanketa hori gorpuzteko. Bertan, garapen ekonomikoko eta kultur arloko udal-ordezkariez gain, Tolomendi Landa Garapen elkartea, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Tolosaldea Garatzen Garapen Agentzia ere barne dira.
Jada pasaden 2017ko azaroan, Titirijai txotxongilo jaialdia aitzakia, Charlevilleko udal ordezkariak bertaratu ziren Tolosara, eta 2018ko maiatzean, senidetze hitzarmenaren oinarri izango diren alorrak ezagutzeko, ordezkari tolosarrak igo ziren Frantziara. Bertan kultur arloko guneak, herria bera, eta bertako ehun ekonomikoa ezagutzeko beta izan zuten.