- Programa honek bi laguntza lerro jasotzen ditu: negozioen arteko belaunaldien elkartrukerako bata (BERRIZ Tolosa) eta negozio berriak abian jartzeko bestea (EKIN) eta merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo sektoreko jarduerei zuzenduta dago.
- Tolosako Udalak 87.500€ bideratu ditu laguntza programa honetara eta helburu du aipatu esparruetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantentzea, tokiko jarduera sustatuz eta indarberrituz, enpresa ekimen berriak abiarazteko eta lokal hutsak dinamizatzeko. Horri lotuta, Alde Zaharrak trataera berezia du programa honetan eta birgaitzeko obrak ere laguntza jasoko dute.
- Izen ematea zabalik egongo da abenduaren 22tik urtarrilaren 29a arte eta eskabideak UDATEn, erregistro elektronikoaren bitartez, posta bulegoetan edota indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein lekutan egin ahal izango dira.
Tolosako Udalak etengabe egiten du lan herriko hiri-ekonomia babestu, indartu eta bultzatzeko, hiri-ekonomia hori osatzen duten sektore zein jarduerak baitira, hain zuzen, Tolosa bizirik mantentzen dutenak eta herriari bizia ematen diotenak.
Horri lotuta, oraingoan, hiri-ekonomia indarberritzeko dirulaguntza programaren deialdia zabaldu du merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo sektoreko jarduerei zuzenduta. Programa honek bi laguntza lerro jasotzen ditu: negozioen arteko belaunaldien elkartrukerako bata, Berriz Tolosa, eta negozio berriak abian jartzeko bestea, Ekin izenekoa.
Berriz Tolosa
Tokiko saltokietan belaunaldi aldaketa eta negozioen eskualdaketa bermatzeko laguntza programa da, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundeak kudeatzen duena. Tolosako Udalak programa hau osatu egiten du, lehen 3 urtetan alokairuaren eta maileguaren ordainketa diruz lagunduz.
Ekin programa
Enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko programa da. Dirulaguntza lokala birgaitzeko (Alde Zaharrean badago) eta alokairu-erosketa gastuetarako izango da. Enpresa ekimena Alde Zaharrean kokatuz gero, birgaitzeko eta alokairu edo erosketa gastuetarako emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira.
Tolosako Udalak 87.500€ bideratu ditu laguntza programa honetara, 37.500€ Berriz Tolosa programara eta 50.000€ Ekin programara, hurrenez hurren. Laguntza programaren helburua da merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo esparruetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantentzea, tokiko jarduera sustatuz eta indarberrituz, enpresa ekimen berriak abiarazteko eta lokal hutsak dinamizatzeko. Horri lotuta, Alde Zaharrak trataera berezia du programa honen baitan eta bertan kokatutako jarduera edo enpresa ekimenek, birgaitzeko lanak egiteko laguntza ere jasoko dute.
Bete beharreko baldintzak
Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak, eta pertsona juridikoak, euren izaera juridikoa edozein dela ere, betiere oinarrietan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.
Dirulaguntza lerro bakoitzak baldintza zehatzak jasotzen ditu eta horiek, zein aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa eta eskaera orria ere eskuragarri daude esteka honetan, dirulaguntzen atalean, merkataritza, feriak eta turismoari dagokion multzoan.
Eskaera epea zabalik abenduaren 22tik urtarrilaren 29a arte
Eskaerak egiteko epea gaur zabaldu da, abenduak 22, eta interesdunek urtarrilaren 29a arte izango dute eskabideak aurkezteko epea.
Horretarako, laguntza programa bakoitzari dagokion eskaera orria bete beharko da eta laguntzen oinarrietan zehaztutako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da. Hainbat bide daude horretarako:
- Aurrez aurre UDATEn.
- Erregistro elektronikoaren bitartez.
- Posta bulegoetan, erregelamenduz ezarritako moduan.
- Indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein lekutan.
Zalantzak argitzeko, herritar interesdunek merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 69 75 21 telefonora dei dezakete (Olatz Oiartzabal edo Alaine Izagirrerengatik galdetu).