Agaramunduko babes ofizialeko etxebizitzetan eskaera egiteko epea zabalik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/05/04 | Etxebizitza
  • Maiatzaren 28ra arte egin daiteke eskaera telematikoki udal webgunean edota udaletxean.

  • 70 urtetik gorakoei eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei zuzenduta dago deialdia eta guztira 6 etxebizitza huts esleituko dira.

 

Tolosako Udalak tolosarrei etxebizitza alorrean aukera berriak eskaintzeko hainbat laguntza jarriko ditu martxan aurten. Apirilean, gazteei emantzipatzen laguntzeko Euskal Herria plazako bizitokien deialdia abiarazi zen, eta orain, maiatzean, Agaramunduko babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko epea zabaldu da.

70 urtetik gorakoei eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei bideratuta dago deialdi hau, eta maiatzaren 28ra bitarte egin daiteke eskaera telematikoki edo UDATEn.

Hutsik dauden 6 etxebizitza beteko dira. Mugikortasun urri iraunkorreko taldearentzat, eskabideen kopuruak esleituriko etxebizitzen kopurua gainditzen badu (1), minusbaliotasunaren maila aitortzeko lehentasun ordena jarraituko da esleitzean. 70 urtetik gorako eskatzaileei dagokienez, parte hartzeko baldintzak betetzen dituztenen artean zozketa publikoa egingo da esleipendunen zerrenda eta itxaron zerrenda osatzeko.

 

Irisgarritasuna bermatzen duten etxebizitzak

Deialdi honen helburua da euren bizitokietan irisgarritasun arazoak dituzten pertsonei irtenbide bat ematea. Eraikinaren atarian, eskailerez gain, barandadun arrapala dago eta eraikinak igogailua ere badu. Gutxienez bi logela dituzte etxebizitza guztiek eta, apartamentu bat mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta dago (dutxa egokitua, sukalde egokitua…).

Helburua tolosarren bizi-baldintzak hobetzea izanik, aurten, berrikuntza bat txertatu da deialdian. Dagoeneko etxebizitza bat jabetzan dutenek ere eskaera egin ahal izango dute kasu hauetan: titularra 70 urtetik gorakoa denean eta etxebizitzak irisgarritasun baldintzak betetzen ez baditu, edo etxebizitza-eraikinak sarbideei eta igogailuei buruzko baldintzak betetzen ez baditu, betiere kide batek mugikortasun urri iraunkorra badu.

Esleitutako pertsonak etxebizitza bat jabetzan badu, Alokabide SAren esku utzi beharko du, Bizigune programaren bidez, hutsik geratu den etxebizitza hori alokairura bideratzeko. Tolosako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Alokabide Zerbitzuak aholkularitza eskainiko dute prozesu osoan zehar.

 

Bete beharreko baldintzak

  • Mugikortasun urri iraunkorra izatea edo 70 urtetik gora izatea. Mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonak dira gurpil-aulkian daudenak, ibiltzeko bi makilaren beharra dutenak edota 7 puntu edo gehiago dituztenak minusbaliotasunaren maila aitortzeko.

  • Tolosako udalerriarekin eduki beharreko loturari dagokionez, ondorengo baldintzetako bat betetzea:

    • Tolosan erroldatuta egotea eta Tolosa ohiko bizilekua izatea. (Gutxienez urte bete)

    • Tolosan 15 urtez erroldatuta bizi izana.

    • Tolosarekin lan lotura izatea (gutxienez urtebete).

  • Baldintza ekonomikoei dagokienez, urteko 3.000 - 39.000 euro arteko diru sarrera haztatua izatea (2019 urteko errenta aitorpena kontuan izanda). Mugikortasun urriko ezinduen kasuan, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.

  • Jabetzan beste etxebizitzarik ez izatea deialdi honetatik bi urte lehenagoko epealdian. Salbuespenak:

    • Etxebizitzak irisgarritasun baldintzak betetzen ez baditu, titularrak 70 urtekoak edo gehiagokoak direnean.

    • Etxebizitza-eraikinak sarbideei eta igogailuei buruzko baldintzak betetzen ez baditu, betiere kide bat mugikortasun mugatu iraunkorra duen desgaitua bada.

Urteko gehieneko errenta zehazteko, ehuneko hauek hartuko dira kontutan:

  • Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: %2,27.

  • 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: %2,91.

  • 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.100 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: %3,64.

  • 25.100 eurotik gorako eta gehienez 30.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza- unitateak: %4,27.

  • 30.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: %4,73.

  • 35.000 eurotik gorako eta gehienez 39.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: %5,18.

Urtebeterako esleituko dira bizitokiak eta urtez urte luzatu ahal izango dira kontratuak, gehienez ere zazpi urtera arte. Zazpi urteren ondoren, kontratua berritzeko aukera egongo da bizikidetza-unitateak eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

 

Eskaerak non eta nola egin

Eskaerak maiatzaren 28ra bitartean aurkeztu ahal izango dira, Udalaren Erregistro Orokorrean (UDATE) edo Telematikoki Udalaren erregistro elektronikoaren bidez https://uzt.gipuzkoa.eus/home.do?De=EU071126947.

Informazio guztia, etxebizitzen inguruko zehaztasunak, etxebizitzen eta eraikinaren argazkiak, deialdian parte hartzeko oinarriak, eskaera orria.... udal webgunean daude herritarren eskura https://udala.tolosa.eus/eu/zerbitzuak/etxebizitza atalean.

Eskaeran egiten laguntzeko eta baita ere herritarrak informatzeko udalak administrari bat kontratatu du, UDATEn, herritarren arreta zerbitzuaren alboan kokatuta egongo dena.

Berarekin harremanetan jartzeko, herritarrek ondorengo ordutegian jo beharko dute berarengana: 8:00-14:15 943 697491 (luzapena 126) edo etxebizitzak@tolosa.eushelbidera idatzita. Aurrez aurreko arretarako zita eskatzea beharrezkoa izango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA