Azaroaren 8an amaituko da Euskal Herria plazako gazteentzako etxebizitzetan izena emateko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/08 | Etxebizitza
  • Deialdia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gehienez ere 3 urterako esleituko dira apartamentuak.


Tolosako Udalak Euskal Herria plazako etxebizitza dotazionalen esleipenerako deialdi berria ireki du, udalerriko gazteei zuzenduta. Prozesu honen helburua da esleipen-zerrenda eta itxaron-zerrenda bat osatzea, etxebizitza hutsak betetzeko.


Parte hartzeko baldintzak:
Deialdian parte hartzeko, eskatzaileek hainbat baldintza bete behar dituzte, horien artean: 

  1. Adina: eskaera aurkezten den urtearen amaieran (abenduak 31) 18 urte beteak izatea edo 35 urte baino gehiago ez izatea. 

  2. Elkarbizitza unitatea: gehienez bi kidez osatutako elkarbizitza unitateak. 

  3. Tolosarekiko lotura: Eskatzaileek Tolosarekiko bizileku edo lan lotura egiaztatu beharko dute: 

    1. Gutxienez urtebeteko errolda edo Tolosa ohiko bizileku gisa. 

    2. Tolosan 10 urtez erroldatuta bizi izana. 

    3. Tolosarekin lan lotura gutxienez 5 urtez. 

  4. Diru-sarrerak: 2023ko Errenta Aitorpenean oinarrituta, eskatzaileen urteko diru-sarrerak 3.000 eta 25.000 euro artekoak izan behar dira.

  5. Beste baldintza batzuk: Ezin da Euskal Herriko zazpi lurraldeetan beste etxebizitzarik jabetzan izan. 

Erabilerarako baldintzak:
Etxebizitzak hiru urtez esleituko dira, ahalik eta gazte gehienek sarbidea izan dezaten. Hilabeteko kanonak elkarbizitza unitatearen diru-sarreren arabera zehaztuko dira; logela bateko apartamentuen kasuan, gutzieneko kanona 150 eurokoa izango da eta bi logeletako etxebizitzetarako, 180 eurokoa. Trastelekua erabiltzeko kanona apartamentuko zenbatekoari gehituko zaio. 

Eskaera epea:
Beharrezko dokumentazioa eta inprimakiak udalaren webgunean daude eskuragarri. Behin horiek beteta, interesdunek azaroaren 8a bitarte dute eskaerak aurkezteko UDATEn (Tolosako Udaletxeko Erregistroan) edo telematikoki, udal webguneko egoitza elektronikoan.  

Esleipen prozesua:
Eskaerak jaso ondoren, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, Udalaren iragarki taulan zein webgunean. Onartutako pertsonen zerrendarekin zozketa publikoa egingo da, esleipen-ordena eta itxaron-zerrenda zehazteko.

Ondorengo betebeharrak:
Zozketa egin ondoren, esleipendunek erabilera baimen kontratua sinatu beharko dute eta deialdiaren oinarrietan ezarritako betebehar guztiak bete, etxebizitzaren mantenuari eta diru-sarreren berrikuspenari buruzkoak barne.

Informazio gehiagorako, deialdi honen oinarri osoak udal webgunean, Etxebizitza sailaren atalean kontsulta daitezke.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA