-
Otsailaren 20ra arte egin ahal izango dira eskaerak; ondoren, zozketa publiko bidez egingo da esleipena.
-
Guztira 105 aparkaleku-plaza esleituko dira; 62 Alde Zaharreko bizilagunentzat gordeko dira, 39 Arramele-Arkaute inguruko bizilagunentzat; eta lau mugikortasun urri iraunkorreko eskatzaileentzat.

Tolosako Udalak abiatu du Arrillaga plazan (Arramele auzoan, Voith-Gorostidiko 2. lurzatian) dauden jabari publikoko eta udal titulartasuneko aparkaleku-plazak hamar urterako emakidan emateko prozedura. Ondasunaren izaera juridikoarekin izandako gora-beherak konpondu eta jabari publikoaren izaera aitortu eta gero, gaur argitaratu da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta bihartik aurrera egin ahal izango dira eskaerak, otsailaren 20ra arte.
Guztira 105 aparkaleku-plaza esleituko dira, honela banatuta:
Nola egin eskaera eta zein baldintza bete behar dira?
Eskaerak udaleko erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira, bihartik aurrera, otsailaren 20ra arte (hau barne). Presentzialki, Udaten ere egin ahal izango da. Erabiltzaile izateko eskubidea lortzeko baldintzak, laburtuta, honako dira [Deskargatu hemen oinarriak]:
-
Ibilgailuaren titulartasuna, edozein errentamendu motatan edo antzeko izaera batean bada ere (renting, leassing, etab.; azken kasu horietan, jabearen egiaztagiri egokia).
-
Gidabaimena, indarrean.
-
Zerga-betebeharrak egunean izatea.
-
Tolosako Udalarekin zerga-zorrik edo - zehapenik ez izatea
-
Beste garajerik ez izatea Tolosako udalerrian, emakidan, azaleran, gozamenean edo jabetzan. Eskatzailea bizi den etxebizitzari atxikitako garaje baten jabe izatea salbuesten da (etxebizitzaren erregistro-finka bera).
-
Eskatzaileak Tolosako udalerrian erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo udalerrian langile autonomoen araubidean edo besteren konturako langileen araubide orokorrean lan egiten duen pertsona fisiko ez-egoiliarra dela.
-
Mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako aparkalekuetarako, 11. artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Informazio-saioa eta laguntza
Deialdiaren inguruan informazio gehiago emateko, ostegunean, hilak 22, bilera irekia egingo da udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Horrez gain, eskaera-epeak irauten duen bitartean, hau da, otsailaren 20ra arte, zalantzak argitzeko eta eskaerekin laguntzeko arreta zerbitzua eskainiko da Udaten, astelehen eta asteazkenetan, 08:00etatik 14:00etara bitarte.
Nola egingo da esleipena
Jasotzen diren eskaera guztien dokumentazioa egiaztatu eta gero, onartutakoekin zozketa publikoa egingo da plazak esleitzeko, udal-idazkariaren aurrean. Aurrerago jakinaraziko dira behin behineko eta behin betiko onartutakoen zerrendak, baita zozketaren deialdia ere. Zozketaren prozedura, berriz, honakoa izango da.
-
39 plaza Arramele-Arkaute (Larramendi kalea, San Joan plaza, Uzturre kalea, Trinkete plaza, Ibaiondo kalea), eta 2. Eremuko Santa Lutzia inguruko bizilagunen artean.
-
62 plaza Alde Zaharra eta Santa Klara eremuko bizilagunentzat, aparkalekuen azterketaren arabera, defizit handiena duen eremua baita, eta apenas baitago garajerik eremu honetan.
-
4 plaza mugikortasun urri iraunkorreko eskatzaileentzat.
Talde horietako bakoitzean zozketa egin eta aparkaleku-plazak esleitu gabe geratuko balira, beste taldeetako eskatzaileen artean zozkatuko dira. Aparkalekuak esleitzeko zozketan, honako lehentasun-ordena hau erabiliko da:
-
Lehentasuna izango dute gune horietan bizi baina garajerik ez dutenek.
-
Bigarren, adierazitako guneetan, eskatzailea bizi den etxebizitzari atxikitako garaje baten jabea bada.
-
Gero, udalerriko gainerako eremuetan bizi diren pertsonak, beti ere, ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte.
-
Azkenik, Tolosan bizi ez diren eta Tolosan jarduten duten pertsona fisikoak.
Zenbat balio du eta zein eskakizun ditu erabiltzaileentzat?
2026 urterako ezarritako tasa 545 eurokoa da. Tasa urtero ordainduko da apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitarte, eta zerga-ordenantzetan ezarritakoaren arabera eguneratuko da. Helbideratutako ordainagiriak borondatezko aldiaren azken egunean kobratuko dira. Aparkalekuen titularrek emakidadunen erkidegoa eratu beharko dute.