Hasi dira Iurramendi kaleko etxebizitza tasatuetako giltzak ematen

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/07 | Etxebizitza
  • 40 etxebizitza daude, bi eraikinetan banatuta; haur parkea, aparkalekuak eta kalea bera zabalik daude jada.

  • Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua idazteko kontratua esleitu jada Udalak.
     

Iurramendi kaleko etxebizitza tasatuen jabeak hasi dira giltzak jasotzen. Lanak amaituta, jada bertan bizitzen jartzeko kontratuak sinatzen ari dira. 2023an zozketa bidez esleitu ziren eraiki berri diren 40 etxebizitzak.

Eremu horretako urbanizazio lanak ere amaitzear daude. Azken xehetasun batzuk falta badira ere, kalea bera zabaldu da, eta erabilgarri daude haur parkea eta aparkalekuak.

Eremua garatzeko falta direnak 

Bi eraikin falta dira eremua guztiz amaitzeko. Batetik, sustapen pribatuko eraikin bat egitea falta da, Iurramendi kaleak Martin Jose Iraola kaleko aldaparekin bat egiten duen puntutik gertuen dagoen orubean. Sustapen pribatukoa bada ere, eraikin horren etxebizitzen erdiak babes ofizialekoak izango dira; gainerakoak, libreak. 

Bestetik, Udalak belaunaldiarteko etxebizitza egingo du aurrez aipatutako etxe berrien eta haur parkearen arteko orubean. Denbora luzez etenda egon dira lanak, proiektua idazteko kontratuaren esleipena auzitara eraman baitzuen iaz lehiaketa publikora aurkeztu zen enpresetako batek. EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO), ordea, Udalaren aldeko ebazpena eman berri du, eta jada esleitu da kontratua. Martxan da, beraz, proiektuaren idazketa. 

Eremuak, orotara, 484,14 m²-ko azalera du eta bertan sotoa, behe solairua, hiru solairu altu eta teilatu azpiko solairua eraiki ahal izango dira: 12 eta 15 etxebizitza artean izango dira. Askotariko etxebizitzak egitea proposatu da, askotariko familia ereduei erantzun ahal izateko: logela bakarrekoak edo bi logelakoak. Behe solairuak erabilera komertziala edo/eta komunitarioa izateko baimena izango du, gainera. Informazio gehiago, albiste honetan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA