Hiru urteko indarraldia izango duen Etxebizitza Planaren lehen proposamena aurkeztu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/18 | Etxebizitza
  • Bederatzi estrategia eta 20 ekintza jasotzen ditu, lau lan-lerrotan banatuta, alokairuko etxebizitzen parkea arrazoizko prezioetan handitzeko helburuarekin.

Tolosa bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko eskaera eztabaidatuko da datorren asteko osoko bilkuran, gaur goizeko antolakuntza batzordean oniritzia eman eta gero. Iaz abiatu zuen Udalak izendapena eskatzeko prozedura, eta horretarako legeak eskatzen dituen dokumentuak osatu berri ditu: etxebizitzaren diagnostikoa, izendapena eskatzeko justifikazio memoria eta Etxebizitza Plana. Bada, azken honen lehen proposamenaren berri eman dute Andu Martinez de Rituerto alkateak eta Ander Figuerido Etxebizitza zinegotziak.

«Gune tenkatu izendatzeak alokairuaren prezioak mugatzeko tresnak emango dizkigu, baina ez ditu bere horretan etxebizitza beharraren arazoak konponduko. Horregatik, izendapenari baino, plan honi garrantzia handiagoa ematen diogu», aitortu du alkateak.

Planaren helburua da alokairuko etxebizitzen parkea arrazoizko prezioetan handitzea, gazte eta bizitegi-kalteberatasuna duten kolektiboen emantzipazioa errazteko, beren diru-sarreren %30 baino gutxiagoko finantza-ahaleginarekin erantzun ahal izateko. «Etxebizitza merkatu eta negozioaren logikatik atera nahiko genuke», azpimarratu du Figueridok.

Lau lan-lerro

Datozen hiru urteetarako Tolosarako etxebizitza politiken gidalerroak zehazten ditu planak. Zehazki, 9 estrategia eta 20 ekintza jasotzen ditu, lau ardatz estrategikotan banatuta. Horietako batzuk jada martxan jarrita daudela azaldu du Figueridok.

 

1. ardatza: alokairu eskuragarria sustatzea

Ardatz hau bi estrategiatan banatuta dago. Batetik, babes publikoko etxebizitzen parkea handitzea, batez ere alokairu-erregimenekoak. 800dik gora etxebizitza eraikitzeko aukera jasotzen du planak, batik bat, San Estebanen, Amarotzen eta Olarrain auzoan, gehienak alokairu-erregimenekoak, 550etik gora. Etxebizitza publikoak sustatzeaz gain, lurzorua erakarri eta prestatu, kooperatibak sortzeko aukerak aztertu eta bultzatu, eta zuzkidura-bizitokiak sortzea jasotzen du planak. Norabide horretan, besteak beste, San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko Sagrado Corazon eraikinean gazteentzako etxebizitza dotazionalak sortzeko proiektua abiatu du Udalak. Iurramendi kalean ere belaunaldiarteko etxebizitza eraikiko da.

Bestetik, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea, batez ere etxebizitza horiek alokairuan jartzeko. Tolosak 61 etxebizitza ditu Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programan. Planak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitzea aurreikusten du, Biziguneko etxebizitza-parkea handitzeko, baita udal programak berreskuratzeko aukerak aztertzea ere. Ekintza horrekin bat etorriz, udalerriko etxebizitza hutsen ezagutzan sakonduko da, aurrez egindako azterlan espezifikoa eguneratuz, etxebizitza hutsen egoera zein den jakiteko eta alokairu-merkatura zenbat atera daitezkeen kuantifikatzeko.

 

2. ardatza: jada eraikitako parkearen gaineko jarduketak

Lehendik eraikita dauden etxebizitzen birgaitzea sustatzeko neurriak aurreikusten ditu planak, batik bat alokairura bideratzeko. Auzoen berroneratzea, etxebizitzak bereiztea edo segregatzea, eta merkataritza-lokalen erabilera etxebizitzetara aldatzea jasotzen du. Azken honen kasuan, Jaurlaritzaren dekretuak esaten duena ikusi beharko da lehenik, udal-ordenantzak eta planeamendua berrikusi ahal izateko. Udal gobernuko kideek ezinbestekotzat jo dute espekulazioari ateak ixtea, eta sortuko diren etxeak baldintza egokiak izatea. Horregatik, aldaketa hau baldintza egokiak bermatzen diren eremu eta kasuetan bakarrik aplikatuko da. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko da, birgaitzeko laguntzen eskaerak izapidetzeko, eta horiei buruzko aholkularitza eskaintzeko. Alokairu babestuko merkatuan sartzeko udal-laguntzak ematen ere jarraituko da.

Fiskalitateari dagokionez, jada martxan jarri dira planak jasotzen dituen zenbait neurri, birgaitzea sustatu asmoz hobari fiskalak areagotzeko onartu berri den Eraikitze, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergaren aldaketa, esaterako. Etxebizitza hutsak merkaturatzeko OHZren gaineko %100eko errekargua mantenduko da. Jenderik gabeko etxebizitzen kanona ezartzeko azterketa ere jarriko da martxan.

 

3 ardatza: alokairurako prestazioen eta laguntzen sistema

Ardatz honek alokairurako laguntzen sistema hobetzea du helburu. Batetik, gazteen emantzipaziorako laguntzak eskainiz, eta, bestetik, arreta talde zaurgarrietan jarriaz. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko da emantzipaziorako eta alokairurako laguntzen jarraipen eta zabalkundean. Alokairurako laguntzei buruzko Udal Ordenantza ere sustatuko da, azken urteetan egin bezala. Gainera, gizarte larrialdietarako laguntzak eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko lankidetza sustatuko dira, bazterkeriaren eta mendekotasunaren prebentzioan.

 

4. ardatza: gobernantza-sistemak eta koordinazio instituzionala

Tolosako Etxebizitza Planean jasotako neurrien kudeaketa eraginkorra bermatzeko, eta planaren egikaritze-mailaren ebaluazioa eta jarraipena egiteko, Eusko Jaurlaritza, Alokabide eta Visesarekin koordinatuko da Udala, ezinbestekoa baita ahal den neurrian erakundeen arteko lankidetza. Horrez gain, Udaleko Etxebizitza sailak aholkularitza-zerbitzu integrala emango du etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko, birgaitzearen arloan laguntza teknikoa emateko, eta alokairuaren merkatuko bitartekaritza-programen eta baliabideen gaineko informazioa emateko. 

Planaren lehen proposamen hau ere antolakuntza batzordean aurkeztu da. Lehenago, oposizioko alderdiei ere bidali zitzaien, ekarpenak egin ditzaten. Datorren asteko osoko bilkuran gune tenkatuaren eskaeraren onarpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzara ere bidaliko da. Guztien ekarpenekin osatuko da behin betiko Etxebizitza Plana. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA